2012rako aurrekontu "zuhurrak eta arduratsuak" onartu ditu Udalak

Uztarria.eus 2012ko api. 4a, 22:12

Udalaren berezko aurrekontua 16.563.950,26 eurokoa da, 2011koa baino hiru milioi pasa txikiagoa. Murrizketa handiagoa da Euskara Patronatua, Kirol Patronatua eta Azpeitia Lantzen SArekin osatzen den aurrekontu osoan: 17.715.250 eurokoa da 2012rakoa, eta 23.997.559 eurokoa zen 2011rakoa. Udal gobernuan dagoen Bilduren aldeko botoekin atera dituzte aurrera aurtengo aurrekontuak; oposizioak, bai EAJk eta bai Hamaikabatek, kontra bozkatu zuten atzo (asteartea) iluntzeko udalbatzarrean.

Hauek dira atzo, apirilaren 3an, Azpeitiko Udalak onartu zituen 2012rako aurrekontuak, eta 2011ko hasierako aurrekontuarekiko alderaketak:

AURREKONTU OROKORRA ETA ENTITATE BAKOITZARENA:

Aurrekontu orokorra: 17.715.250,26 euro (2011n 23.997.559,75)

  • Udalaren berezko aurrekontua: 16.563.950,26 (2011n 19.788.664,16)
  • Euskara Patronatua: 585.929,03 (2011n 654.200,13)
  • Udal Kirol Patronatua: 1.107.126,17 (2011n 1.074.342,13)
  • Azpeitia Lantzen, SA: 388.000 (2011n 3.463.086,48)

UDALEKO GASTUEN AURREKONTUA, SAIL ETA ATALKA:

  • Ogasuna eta Kontuak: 1.297.358,08 (2011n 1.532.374,41)
  • Hirigintza eta Ingurumena: 1.829.200 (2011n 3.790.900)
  • Hezkuntza eta Euskara: 788.888,63 *1
  • Kultura eta Gazteria: 738.500 *1
  • Kirolak: 798.326,17 (2011n 809.033,02)
  • Gizartekintza: 925.420 (2011n 960.920)
  • Langileria eta antolakuntza: 5.431.554,47 (2011n 5.624.415,84)
  • Festak: 541.360 (2011n 581.360)
  • Zerbitzu orokorrak: 3.373.125 (2011n 4.306.485,66)*2
  • Alkatetza: 316.000 (2011n 306.000)
  • Industria, Merkataritza, Turismoa eta Baserriak: 416.717,91 (2011n 132.900,31)*2
  • Parekidetasuna: 107.500 (2011n 107.500)
*1 2011n, Hezkuntza eta Gazteria (727.104,79) batzorde batean zeuden, eta Kultura eta Euskara (909.670,13) beste batean.
*2 2011n, Baserriak arloa Zerbitzu orokorren batzordearekin zegoen (4.306.485,66); Industria, Merkataritza eta Turismoa sailak, berriz, 132.900,31 euroko aurrekontua zuen.

Inbertsioen kapitulua "gero etorriko" dela azpimarratu zuen Manuel Unanue Ogasun batzordeburuak. Momentuz, aurrekontuen barruan sartu dituztenak diru-laguntza baieztatua duten inbertsioak bakarrik dira. "Aurrekontua ez da gauza itxia, bizia da, eta urte barruan aldaketak egongo dira", esan zuen udalbatzarrean.

Udalaren ohiko gastuetan murrizketa

Eneko Etxeberria alkatearentzat, "aurrekontu zuhurrak eta arduratsuak egin dira". Krisiaren eragina nabarmena den testuinguru batean, 2012rako aurrekontuak "sarreren jaitsiera nabarmena" kontuan hartuta osatu dituztela azaldu du gaur. Aurten hiru milioi euro gutxiago jasotzea aurreikusi dute udal gobernukideek eta, sarreren murrizketa horri nolabait aurre egiteko, Udalaren ohiko gastua edo gastu korrontea murrizteari eman diote lehentasuna.

"Optimizazio plana abian jarri da udal administrazioan. Plan etengabea da eta urtean zehar ere gastuak jaisten ahaleginduko gara", esan du alkateak. Gastuak murrizteko ahalegin horrek udal gobernuari "lan handia eta erabaki gogorrak hartu beharra ekarri" diola nabarmendu du beste behin. Zentzu horretan, "erabakirik potenteenak" hainbat zerbitzu ematen dituzten azpikontratuen -lorezaintza, komunikazioa, hilerria eta autobusak aipatu ditu, besteak beste- murrizketetan hartu dituztela esan du Etxeberriak. "Banan-banan hitz egin dugu guztiekin, batzuekin dagoeneko adostu ditugu jaitsierak, eta beste batzuekin oraindik hitz egiten ari gara". Ur zerbitzuaren kudeaketa Ur Kontsortzioaren esku uztea da Udalari gastu murrizketa ekarriko dion beste erabakietako bat. Udalak berak ematen dituen zerbitzuen barruan Euskara Patronatua eta Udaltzaingoa dira murrizketak izango dituzten besteak. Azken honi dagokionez, udaltzain kopurua jaitsiko dute: "Beste herriekin alderatuta, Azpeitian udaltzain gehiegi" daudela uste dute udal gobernuan, "eta ertzainen komisaldegi bat dugu hiru kilometrora". Euskara Patronatuan, berriz, "Udal Euskaltegia indartzea da planteamendua", alkatearen esanetan, "eta duplizitateak saihestea"; UEMA edota Bai Euskarari Ziurtagiria aipatu ditu, bikoiztasunetaz hitz egitean. Horrela, orain arte Patronatuak ematen dituen "zerbiztu batzuk murriztu" egingo dituzte, "euskararen aldeko apustua alde batera utzi gabe". Murrizketek lan-munduko hizkuntza normalizaziora bideratutako Elegune proiektuari eragingo diote, eta Euskara Patronatuaren Erabili.com webgunea, berriz, beste erakunde bati saldu asmotan dabiltza -Euskaltzaindiarekin eta Diputazioarekin hizketan ari dira-. Ikasle etorkinei bideratutako Etorkizun programan ere aldaketak izango dira, Udal Euskaltegitik emango dutelako; eta Euskara Patronatuko idazkaria udaletxera pasatuko dute.

"Ohiko gastuaren jaitsierak -dio Etxeberriak- udal gobernuak markatutako estrategiaren lan-ildoak abian jartzea ahalbideratuko du. Azpeitiko Udala, bere neurrian, herriko beharrei erantzungo dien inbertsio motorra izango da". Beharrak eta lehentasunak ezartzerakoan herritarren iritzia kontuan hartu dutela ere gogoratu nahi izan dute udal gobernutik, Denon Artean kanpaina gogoan: "Prozesu parte-hartzailearen bidez osatu dira aurrekontuak. 800 herritar baino gehiagorekin egon da udal gobernua. Aurrekontuen inguruko azalpenak eta gardentasuna inoiz erakutsi diren handienak dira", alkatearen hitzetan.

Ekarpenak eta diskurtsoak

Aurrekontuen osaketan izan duten parte-hartzerako aukeraz kexu dira, aitzitik, Udaleko oposizioko alderdiak. EAJk eta Hamaikabatek (H1!) aurrekontuen kontra bozkatu zuten udalbatzarrean eta, besteak beste, euren parte-hartzeari "biderik eman ez" zaiolako, Aitor Gorrotxategik jeltzaleen bozeramaile lanetan esan zuenez. H1!-eko Aitor Arangurenentzat, "formalki, prozesua joan behar den bezala joan da", baina "proposamenik ez egitea" erabaki du, "gehiengo osoa daukan gobernu bat konbentzitzen ahalegindu behar" dela uste du, eta Bilduri hori falta izan zaiola. 
 
EAJren desadostasunak, berriz, ez dira hor amaitzen. Euren alderdiaren agindupean egon ziren aurreko udal gobernuen lana aldarrikatu zuten, "oraingo udal gobernuek egoera finantzario erosoa izan zezaten aurrekontuetan neurriak hartu" zituztelako. EAJren aburuz, egungo udal gobernuak "alarmismoa piztu" du, "aurreko korporazioa kritikatuz eta dirurik ez duela utzi esanez". 2011ko aurrekontuen likidazioan diru-gerakina 2.100.000 euro ingurukoa izan dela eta, Aitor Gorrotxategik uste du "udal honi aurreko udal gobernuek egin duten kudeaketa ona aitortzea tokatzen zaiola". Ez da iritzi berekoa Bilduko Manuel Unanue. Haren ustez, diru-gerakina "ez da aurreko Udalarena, honena baizik", 2011n hamabi hilabetetik zazpi gobernuan Bildu egon dela gogoratuz.
 
EAJrentzat, 2012rako onartu diren aurrekontuak "jarraikorrak eta estatikoak" dira. Batzordeen funtzionamenduaz eta oposizioari ekarpenak egiteko aukerarik ez emateaz gain, "kudeaketa kaxkarraz", "optimizazio faltaz" eta "erabaki asko airean" egoteaz kexu dira jeltzaleak. Batzordeetan aipatutako gastuei buruzko azterketen ondorioak "ez ditugu aurrekontuan plasmaturik ikusi", zioen Gorrotxategik. "Orain begiratu behar ziren partida asko eta asko begiratu ere ez direla egin" uste dute EAJko zinegotziek. Beraien iritziz, murrizketak beste arlo eta diru-partida batzuetan egin zitezkeen, eta hauek aipatzen zituzten: Ingurumen Museoko ekintzak, Ingurugiro Etxea Fundazioaren diru-laguntzak, Ezagutza Gunearentzako transferentzia arruntak, UEMA, liburutegi zerbitzua, Kultur Mahaia, begirale zerbitzua, ekipamendu informatikoa, argitalpenak eta komunikazioa, eta nazio eraikuntzarako proiektuak. "Partida hauek kolore gorria zuten eta oraindik askok kolore gorria izaten jarraitzen dute, eta uste dut zirriborroa emandako egunetik gaur arte denbora nahikoa igaro dela atal hauek ikusi, negoziatu eta finkatzeko", Gorrotxategiren esanetan.
 
Murrizketen ingurumarian "harrigarria" dela nabarmenduta, goi-karguen soldatak 103.000 eurotik 145.000 eurora igotzea ere kritikatu dute jeltzaleek; "eta zuek zineten soldatetan ikaragarrizko aurrezkiak egin behar zenituztenak", bota zuen Aitor Gorrotxategik.
 
Hiru planteamendu "zehatz" dira EAJk atzoko eztabaidan plazaratu zituenak: herrirako energia plan bat, plaza Nagusia eraberritzeko lau urterako plangintza bat, eta gazteen lokalen inguruko ordenantza bat egitea.
 
Kritika horien aurrean, eta "dena hobetu daitekeela" onartuta, Eneko Etxeberriak "ekarpen bat bera ere ez" egitea leporatu zien oposizioko kideei udalbatzarrean. "Diskurtso guztiak udalbatzarrean eta kazetarien aurrean" egitea ere aurpegiratu zien. Oposizioaren ekarpen horiek "faltan bota" dituztela zioen gaur alkateak. "Hala ere atzo ohartu ginen, udalbatzan, azaldu ziren hainbat ildo gure irizpideen guztiz kontrakoak direla", gaineratu du. Politikoen soldata igoerari dagokionez, aurreko agintaldian EAJren udal taldeak bi liberatu izan zituela eta, orain, Bildurenak 3,30 dituela ekarri dute gogora, kopuruen aldea azaltzeko. Bere soldata eta aurreko alkatearena alderatzeko "boletinean daude, ikusi nahi dituenarentzat", esan du Eneko Etxeberriak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide