Ingurugiro Etxea Museoaren 25. urteurrena ospatzen hasi dira

Uztarria.eus 2012ko eka. 6a, 18:12

Museoaren 25. urteurreneko ekitaldian parte hartu duten guztiek argazkia atera dute lorategiko mamutaren aurrean.

Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako, bi herrietako ikastetxeetako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, museoko egungo eta garai bateko langileekin batera, mende laurdeneko ibilbidearen errepasoa egiteko aukera izan dute gaur (ekainak 6). Zapatuan, berriz, herritarren txanda izango da: material eta argazki erakusketa eta umeentzako jolasak prestatu dituzte ordurako.

Ospakizun eguna izan dute gaur Ingurugiro Etxea Museoan. Umeen Museoa izenarekin, 1987ko ekainaren 5ean inauguratu zuten, Loiolako bide zaharrean dagoen Egibar baserrian, Azpeitiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Politika eta Garraio Sailaren arteko hitzarmen bati esker. Ingurumena, iraunkortasuna eta kontsumo arduratsua sustatuz, harrezkero museoaren proiektuak hainbat eraldaketa ezagutu ditu, eta ia 300.000 lagun igaro dira bertatik. 1998an hartu zuen Ingurugiro Etxea izena eta ingurumen hezkuntzara bideratu zen proiektua, besteak beste Eskola Agenda 21 proiektuaren koordinazioaren ardura hartuz. Bigarren eraldaketa handia 2008an ezagutu zuen, Garapen Iraunkorraren estrategian oinarritutako erakusketak eskainiz. Edukietan ez ezik, barruko itxuran eta antolaketan ere aldaketak ezagutu ditu mende laurden honetan museoak.

Ibilbide eta aldaketa horien berri jaso dute gaur eguerdian Ingurugiro Etxean elkartu direnek, Itziar Unanue teknikariaren ahotik. Aurretik, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Jose Mari Bastida alkate ohiak hartu dute hitza. Etxeberriak esker oneko hitzak izan ditu urte hauetan museoan lanean aritu direnentzat, eta eskerrak eman dizkio baita "bere garaian erabaki ausarta hartu eta beharrezkoa zen dirua eta baliabideak ekartzeko gai izan zen udal gobernuari", ondoan zuen alkate ohiari hitza emanez. Bastidak museoa Azpeitira nola iritsi zen kontatu du. Orduko Jaurlaritzaren Ingurumen sailburu Antton Aranburuk Lapatx zabortegira egindako bisita batekin hasi zen kontua: "Orduan ere iskanbilak genituen Lapatxekin, Txernobil jarri genuela ematen zuen! Aranburuk eko-etxe bat sortu nahi zutela eta etxeren bat ba ote genuen galdetu zidan, eta ni honekin akordatu nintzen". Jaurlaritzakoak "historikoa" ote zen galdetuta, "San Inazioren jaiotetxea zela esan nion, eta alkatearena ere bai" nola erantzun zion gogoratu du. Zabortegiarekin, urtegiarekin eta araztegiarekin, Azpeitia "ingurumen ziklo osoa bete zuen lehen herria" izan zela ere nabarmendu du Bastidak.

Begoña Sieso (museoaren sortzaileetakoa), Maria Esther Solabarrieta (Bizkaiko Ingurumen diputatu izandakoa, Eusko Jaurlaritzan ere ardura politikoak izandakoa, eta egungo Jaurlaritzan Ingurumen arloko teknikaria dena), Maitane Ostolaza (Burdinbidearen Euskal Museoaren zuzendaria), hainbat Ingurugeletako ordezkariak eta Roberto Bermejo irakaslea zeuden, besteak beste, ekitaldiko gonbidatuen artean. Hain zuzen ere, EHUko Ekonomia Aplikatuko irakasle den Bermejok Petrolio krisia, finantza krisia izenburupean eman duen hitzaldiarekin osatu da ekitaldia. Bukaeran, museoan hasiera-hasieratik lanean ari diren Itziar Unanueri, Ana Arrutiri eta Mari Kruz Lasari omenalditxoa egin diete.

Zapatuan ospakizun gehiago

Zapatuan, berriz, herritarren txanda izango da. Museoko lorategian, 25 urteotako bilakaera azaltzen duten materialekin eta argazkiekin osatutako erakusketa ikusi ahal izango da. Horrekin batera, museoak ezagutu dituen hiru faseetan erabili dituzten jolasekin aritzeko aukera izango dute, "umeek eta hain ume ez direnek". Ingurugiro Etxeko arduradunek herritar guztiak gonbidatu nahi izan dituzte, maiatzaren 9an 10:00etatik 14:00etara bitartean museora hurbiltzera. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide