Errezildarren hizkerako ateraldiak bildu dituzte, "gal ez daitezen"

Urola Kostako Hitza 2012ko eka. 14a, 18:48

Laxaro Azkunek idatzi ditu, Imanol Lazkano eta Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe bertsolariek lagunduta, besteak beste. 100 pasartetik gora bildu dituzte, eta liburu batean argitaratzeko aukera ez dute baztertu.

"40 urtez Euskal Herriko zazpi probintziak pasatu ditut bertsotan, herri txiki asko eta asko, baina ez dut aurkitu beste herri bat hizkera arruntean Errezilek adina bizitasuna duenik". Imanol Lazkano bertsolari azpeitiarraren hitzak dira horiek (Azpeitia, 1936). Beti miretsi izan du errezildarren hizkera "bizia", eta esaldi bakoitzarekin lortzen dutena;"hizkuntzarekin jolastea", alegia. Bera ez da, ordea, hizkera hori miresten duen bakarra. Ondoan ditu Laxaro Azkune irrati esatari ohia eta idazlea (Azpeitia, 1950) eta Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe bertsolari errezildarra (Errezil, 1960).

Aspaldiko gogo bati jarraiki, errezildarren hainbat eta hainbat ateraldi bildu dute. 100 istoriotik gora, orotara. Laxaro Azkunek eman die forma istorioei, eta aipatutako bi bertsolariez gain, beste hainbat lagunen parte hartzea ere izan dutela adierazi dute.

Euskaldun onen gisara, bi afaritan jaso zituen istorioak Azkunek, joan den urteko udaberrian eta udan. Batek istorio bat kontatu, besteak beste bat, besteak bestea... Lana egin samartuta duela azaldu du Azkunek, eta lanarekin zer egingo duten ikusteko dago oraindik. Errezilen jendea galdezka omen dute jada, ea noiz irakurri ahal izango duten liburua. Baina oraindik ez dakite liburu formatua izango duen ere. Lazkanorentzat, helburua beste bat izan da: "Kontua ez da argitaratu ala ez. Argitaratzen bada hobe, baina garrantzitsuena zen ateraldi horiek, pasarte horiek jasota gelditzea, galdu aurretik". Orain dela 30 urtetik amestutakoa bete dute orain, eta gustura dira horregatik. Lazkanoren esanetan, Azkune aritu izan da akuilu lanetan. "Mahaiaren bueltan elkartzen ginenean nik gustuko izaten nuen Errezilgo istorio batzuk kontatzea; horren erakargarriak egiten zitzaizkidan haiek hizkerarekin egiten zutena. Eta Laxarok beti esaten zidan istorio horiek ezin zirela nirekin galdu, bildu egin behar zirela". Azkunek erretiroa hartu zuenean prest agertu zen lanari ekiteko, eta emaitza esku artean dute orain.

Pozarekin batera, pena ere badu Loidisaletxek, bidean istorio asko galdu direlako. "Gure gurasoak, osabak... hizketan nahiko egokiak ziren, baina hizketan baino gehiago, batik bat besteenak kontatzen ziren abilak. Pena da, haiei entzundako gauza asko ez dugu lanean biltzerik izan, ez garelako pasarteekin gogoratzen".

Errezilen halako kontu asko izan dela uste dute, eta oraindik ere, beste herriekin alderatuta, adibide asko daudela esan dute.

Lazkanok ondo deskribatzen ditu errezildarren hizkerari aurkitzen dizkion ezaugarriak: "Herri osoak darabil hizkera berezia: aiton-amona batzuekin hitz egin, haurrekin hitz egin, neska edo mutil batekin hitz egin... Badute halako zerbait... Bertsolariok hizkuntzarekin biziatuta egoten garen bezala, Errezilen elkarren arteko azkarkeri moduko bat egon dela uste dut, eta horretan biziatu egin direla esango nuke. Esaldi bakoitzari beti halako itzuli baten bila arituko balira bezala. Hizkuntza oso bizia dute. Hizkuntzarekin jolas egiten dute errezildarrek; hizketan edozein gai ateratzen dela, beti ttak, buelta bilatu, gauzak esate soilarekin ez dira konformatzen; beti zerbait erantsi behar. Herriko biztanle ia guztiek dute gatz hori".

Bertsolariekin konparazioa

Hizkuntza erabiltzeko modu dotorea dute errezildarrek Lazkanoren, Azkuneren eta Loidisaletxeren ustez. Eta bertsoa hizkuntzarekin hain lotuta dagoenez, horri buruz ere aritu dira. Lazkanorentzat, "errezildarrek hizketan ere bertsotan egiten dute".

Hain zuzen ere, Loidisaletxek nabarmendu du herriak bertsolari asko eman izan duela. "Orain gutxixeago, baina orain urte batzuk goizaleko 01:00ak edo 02:00ak jota, etxe bakoitzean bateren bat bertsotan hasten zena egongo zen. Etxean ez, kalean aritzen ziren kantuan, baina...". Azkunek ere hala uste du, "bertsoa osatzeko gai etxez etxe jendea" zegoela.

Errezilgo bertsolari ezagunenak Inazio Eizmendi Basarri, Akilino Izagirre Zepai eta Eusebio Eizmendi Txapel izan dira, baina bertsotan askoz jende gehiago ibili izan da. Loidisaletxek datuak ere baditu buruan: "Errezilen 600 biztanle izango gara. Eta orain 30 urte, 700 inguru. Bada, garai hartan Errezilen bertako bertso txapelketa bat antolatu zen bizpahiru urtez, eta bakoitzean 12-13 lagun parte hartzera iritsi ginen". Azkunek gogoan du bertsoa "txukun" osatzen zutela gainera, eta parte-hartzaileak 12-13 baziren, parte hartu ez zuten beste horrenbeste bertsolari egongo zirela gaineratu du.

Lazkanok kontatu du bertsolari bezala ere arreta berezia ematen diola haien hizkerak. "Bertsolariak lehengaia hizkuntza duenez, bertsoa egingo badu hizkuntza landu behar du. Gutxi edo gehiago, denok gara hizkuntzan pixka bat biziatuak. Hizkuntza behar dugu, hizkuntzaren txukuntasuna eta ateraldiak, eta uste dut gure mundua hori denez, errezildarren hizkerako ezaugarriak belarrira oso eroso sartzen zaizkigula".

Filosofiarako tartea

Hala ere, zergatik aurkitzen dute Azkunek, Loidisaletxek eta Lazkanok halako aldea Errezilen eta gainerako herrien artean? Nork bere teoria ere badu. "Errezil Ernioren harkaizpeko txoko batean dago, eta Tolosako pozoia ez zen iritsi haraino. Azpeitia aldetik kostako pozoia ere ez. Beraz, hor badago erreserba berezi bat", irizten dio Lazkanok.

Loidisaletxek jarraitu du: "Nik uste dut Errezil aldapatsua eta menditsua izanik, egin behar ziren lan guztiak auzolanean egiten zirela lehen. Auzolanak gogortasuna bazuen, baina gauza polita ere bai: amaitzen zenean denek afaldu eta busti-busti eginda alde egiten zuten. Eta han, afaldu eta alde egin bitartean zenbat gauza polit joaten zen... Lehia moduko hori bazegoen; batek adarra jo, eta besteak nolabait erantzun egin behar zuen hori. Uste dut hortik ere etorri dela bizitasun hau". Lehiaketen teorian sakondu du Azkunek ere: "Gainera, nik pentsatzen dut auzolan horietan pertsonak beti lehiaketa bat jokatzen duela neurri batean. Batzuk lanean izango dira egokiak, eta beste batzuk hizketan. Eta beste batzuk lasterka, eta bakoitzak berea erakutsi egin behar du. Eta hizketan abila denak han lagun arte horretan erakusten du, eta Errezilen horrelako asko izan da".

Abileziak ere landu egin behar dira, ordea. Loidisaletxek gogorarazi du abilezia hori "entrenatu" egin izan dutela errezildarrek. "Hizkuntza, erreminta dominatzea da", gehitu du Azkunek. Bertsolaritzarekin alderatu du, berriz, Lazkanok: "Askotan aipatu izan dut. Bertsolari batek ere hizkuntza landu egin du, eta beste inork egin ez duen soinketa mentala egin du. Inprobisazioa bai, baina aurretik lan asko egin bada funtzionatzen du. Errezilgo hizkeran ere berdina da. Elkarrengana biltzen diren bakoitzean tik-tak-tik-tak arituta, landu egindute".

Errezildarren ateraldietako batzuk

Galarraga Saletxe-rena.

Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe-k kontatu du istorioa: "Taberna batera bazkaltzera joana izango zen Galarraga Saletxe, eta beti bezala han ariko zen adarra jotzen bati eta besteari eta besteari. Eta zerbitzaria haserretu, eta esana izango zion:

-Hik zer uste dek, beste denak ere amak egindakoak gaituk hemen eh!

Eta hark erantzun:

-Denak ez!

-Zeba?

-Hi ez haiz amak egindakoa, eta ni ere ez.

Hor sekulako eztabaida hasi zen, eta azkenean nola erabaki? Galarraga Saletxe-k hala esan zion:

-Hi zenbatgarrena haiz?

-Ni, zaharrena.

-Eta ama noiz egiten da?

-Umea jaiotakoan.

-Hortaz hi ez hau amak egin, hik egin hunan ama.

Haserretzeko moduko gauzak dira, baina zu hasi horri begira, eta arrazoia nork du?".

Joxe Mari Lazkanorena.

Lazkano arotza omen zen, eta baserriz baserri egiten omen zuen lana, denetarik egin ere. Baserrietan galdetu egiten zioten beti zer berri zegoen, artean telebistarik eta irratirik ez omen zen izaten-eta baserrietan. Imano lLazkanok kontatu du: "Etxe batera joan da goiz batean, eta kafea hartzen ari denean, Zer berri dugu Joxe Mari? galdetu diote. Bezperan entzundako kontua kontatzen du:

-Gasteiz alde horretan bateren batek motoan bazterra jo eta lepa-hezurra hautsi omen du, eta seko gelditu omen da.

Horrela ariko zen etxekoandreari kontatzen. Geroxeago bertako alaba jaiki zen ohetik, eta sukalde sarreran entzun izango zuen bateren batek istripua izan zuela. Eta galdetu zuenean, esan zioten Gasteiz alde horretan motoarekin bateren batek istripua izan duela. Alabak galdetzen du:

-Non gero?

Istripua zein herritan izan zen jakin nahiko zuen, eta Lazkano horrek erantzun:

-Burutik beheraxeago".

Akilino Izagirre, Zepai bertsolariarena.

Imanol Lazkanok kontatu du bertsolariaren eta Errezilgo apaizaren artekoa: "Garai hartan sermoiak oso klasikoak izaten ziren, eta igande goiz batean mezetan hasi zen apaiza:

-Gure jaungoikoak sei egunetan egin zuen mundua, eta badirudi presaka egindako zerbait dela, hau dena sei egunean egiteko. Baina pentsa zenbaterainoko ziurtasuna zuen bere buruarengan, sei egunean ez zuen ezertxo ere alferrikakorik egin. Mundu honetan dagoen gauza bakoitzak badu bere zeregina....

Hortik egin izango zuen bere sermoia. Han izango zen Zepai sermoia entzuten. Mezatatik irtetean, topo egin zuen apaiz horrekin. Ordurako sona pixka bat zuen Zepaik, bertsolari bezala nahikoa puntan baitzebilen. Apaizak ikusi, eta esan zion:

-Joño, hi ere hemen al hitzan? Hi hemen hintzela jakin izan banu, kezka pixka bat gehixeago izango nian sermoia egiterakoan. Zer iritzi diok?

-Gauza dexenteak esan dituk, baina baita gezurrak ere!

-Nik gezurrak? Zer esan diat bada?

Eta Zepaik erantzun, munduan gutxienez bazirela alferrikako hiru gauza:

-Alferrikako hiru gauza?

-Bai, alferrikako hiru gauza.

-Zein bada?

-Gizonetan titiik (titiak), itsasoan eurii (euria), eta egunez ilargii (ilargia)".

Neskatilena.

Loidisaletxek kontatua da laugarren istorioa: "Jende helduaren istorioez gain, badaude hain natural ateratzen diren bestelako adibideak ere. Esaterako, bi neska koskorri buruzkoa. Badoaz baserritik herrira, eta bidean beste baserri bateko lagunarekin juntatu behar zuten. Joan dira haren baserrira, eta etxetik irtetera zihoazenean, hango aitak esan zion alabari:

-Zapatak garbitu hizkidan!

Hanka jaso aulki gainera, eta alaba zapatak garbitzen ari zaio. Eta aitak galdetzen die besteei:

-Zuek horrela garbitzen al dizkiozue zapatak aitari?

-Ez, guk jantzi aurretik garbitzen dizkiogu".

Angulena.

Laxaro Azkunek kontatu du istorio hau: "Angulena etorri zait gogora. Afalondo batean angulei buruz ari dira:

-Ño, hau harrapatzeko sare itxia beharko dik horregatik!

Eta erantzuna azkar datorkio:

-Eztek izaten sare itxirik!

Sarea sarea izaten baita, sare itxirik ez dago. Horrelako hizketako kolpe horiek asko daude Errezilen".

Korreo eta Txikuri-rena.

Laxaro Azkune da kasu honetan ere kontalaria: "Badaude pertsona batzuk, besteen ateraldien jopuntu izan direnak; agian ahobero samarrak izan dira, eta gero besteek bueltan egundoko ziriak sartu dizkiete. Horrelako batzuk ere badaude.Korreo eta Txikuri bezala ezagunak diren lagun batzuen istorio bat badago, Inazio Mari Atxukarro errezildarrak liburu batean kontatzen duena. Korreok, izenak dioen moduan, korreo lanak egiten omen zituen, eta horrez gain ardoaren negozioan ere ibiltzen omen zen. Txikuri eta biak elkarri zipoka ibiliko ziren. Txikuri begi handia omen zen, eta Korreo besomotza eta moko-handia, sudur luze samarra. Barrikak garbitzen edo ez dakit zertan ari omen zen. Eta Txikurik zera esan omen zion:

-Zer, ari al haiz prestatzen aurtengoak?

-Bai, aurten Nafarroa alde horretan hire begia adinako mahats-alea omen ziok txikiena ere.

-Ño, orduan hire tankerako inbuturen bat preparatu beharko dek!".

Korreo eta Lapatx

Korreoren istorio bat baino gehiago dute jasota. Ondorengoa Lazkanok kontatu du: "Esan dugunez, Korreo horrek beso bat moztuta zuen, ez dakit ezkerra ala eskuina. Eta egunero-egunero zaldiarekin eta gurdiarekin jaisten omen zen Azpeitira. Esnea eta bestelakoak eramaten omen zituen, eta gero gora korreoarekin eta halakoekin itzultzen zen. Goizean goiz ibiliko zen, eta itzuli aurretik Azpeitian hamaiketakoa egin, eta muturra bero-bero eginda gora abiatu zen.Negua zen, eta nahikoa elur zegoen behean. Orain Lapatx zabortegia dagoen lekuko gizona, Lapatxkoa, bide bazterrean ardi kaskarren batzuekin omen zegoen. Hantxe izango zuten ardiek belarra jateko aukera pixka bat. Artaldea ahul dagoen garaian, ardi asko herren egoten dira. Korreo gurdiarekin zihoala, gelditu, eta zera esan omen zion Lapatxkoari:

-Lapatx, artzain ona izateko ardi herren gehiegi dauzkak!

-Joño, hala irizten al diok? Heuk ere egingo huke galanta, lau hankatan jarriko bahintz!

Eta besteak aurrera, erantzun beharrik ez. Horrelako ateraldien bila ibili gara, eta kristoren pila dago!".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide