Udalak software librearen aldeko apustua egin du, eta neurriak hartzen hasi da

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2012ko eka. 15a, 14:25

Doako teknologia librea delako, eta euskara indartzeko aukera ematen duelako hartu du neurria. Udalekoen ustez, software libreak "berdintasuna, parte hartzea eta elkartasuna" sustatzen ditu.

Azpeitiko Udaleko langileak informatikako hainbat tresna berri ezagutzeko eta erabiltzen
ikasteko ikastaroak egiten ari dira. Udalak azaldu duenez, "Azpeitiko Udalak software librearen
aldeko apustua egin du". Hori aurrera eramateko neurriak hartzen ere hasi da, hala urtearen bukaeran Libre Office bakarrik izango dute Azpeitiko Udaleko ordenagailuetan. Aurrera begira, gainera, beste batzuk eman nahi dituzte.

Udalak apustu berri hori egiteko arrazoiak teknologia librea izatea, ekonomikoko errentagarriagoa izatea, eta informatikan euskararen garapena eta presentzia indartzea dira, besteak beste. Udalekoen ustez, software libreak "berdintasuna, parte hartzea eta elkartasuna" sustatzen ditu, gainera erabiltzea eta hobetzea edozeinen esku dago. "Hobekuntzak ez dira interes pribatuaren arabera gauzatzen, enpresa edo erabiltzailearen arabera baizik. Teknologia librea da", esan du Aritz Epeldek, Zerbitzu Orokorretarako zinegotziak.

Horrez gain, software libreak teknologia berrietara denen sarrera errazten duela adierazi du
Epeldek, eta ekonomikoki errentagarriagoa dela, "lizentziak doan direlako". Esaterako,
orain arte Microsoft Office erabili dute udaletxean, eta hori mantentzea 3-4 urtean 40.000 euro kostatzen zitzaion Azpeitiko Udalari. "Orain, Libre Office erabilita diru kopuru hori aurreztuko dugu".

Nahieran moldatzeko aukera

Software libreak informatikan euskararen garapena eta presentzia indartzen dituela ere uste du udalak. "Euskarazko erabiltzaile multzoa txikia da, eta gehienetan enpresei ez die merezi euren programen euskarazko bertsioak egitea". Software libreak, berriz, nahieran moldatzeko aukera eskaintzen du, eta era horretan edonork euskaratu dezake.

Agintaldian beste bi pauso ematea ere aurreikusten du udalak. Alde batetik, aurrerantzean
erosiko dituzten ordenagailuak sistema librea eta doakoa dutenak izango dira. "Era horretan,
ordenagailu bakoitzeko 100 euro aurreztuko ditugu". Bestetik, sare informatikoa edo zerbitzaria ere librea izatea nahi dute, "hori 4-5 urtean behin aldatu beharra egoten da, eta 5.000 euro inguruko gastua izaten du".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide