Ehun lagun inguruk hartuko dute parte zapatuan San Joan suaren ikuskizunean

Uztarria.eus 2012ko eka. 20a, 18:34

Zapatuko ikuskizunean parte hartuko dutenetako batzuk eta Mikel Ibarzabal, aurtengo San Joan suaren berri ematen.

Aurten Juan Antxieta Musika Eskolari egokitu zaio jaialdia antolatzea eta, aurreko urteetan bezala, herriko beste hainbat eragilerekin elkarlanean egin du. 22:00etan hasiko da plazan musika, dantza eta antzerkia nahastuko dituen emanaldia. Haritz Garmendiak San Joan martxa-rako sortu duen letra entzuteko aukera ere izango da.

Musika eskolakoez gain, Haritz Garmendiak, Azpeitiko Musika Bandak, Itsasi Dantza Taldeak, Julian Barrenetxea Abesbatzak, Lakrikun Antzerki Taldeko Alaitz Olaizolak eta areto dantzetan aritzen den bikote batek hartuko dute parte San Joan bezperako suaren bueltako ikuskizunean.

Musika eskolaren egoitzan elkartu ziren atzo, asteartea, zapatuko emanaldian parte hartuko duten taldeetako ordezkariak, emanaldia aurkeztu eta herritarrak bertara gonbidatzeko. Mikel Ibarzabal Udaleko Festa batzordeburuak "eskerrak" eman zizkien ikuskizunean parte hartuko dutenei: "Urteroko gaurik bereziena iritsi da, eta Azpeitiko Udalak ez du dudarik egiten herriko eragile, herritar eta talde desberdinen parte-hartzearekin ekitaldi polita egingo dela San Joan bezperan. Herritarrak gonbidatu nahi ditugu festan parte hartzera eta, eguraldi ona espero dugunez, San Joan sua ahalik eta ondoen ateratzea espero dugu".

San Joan suaren festa txandaka antolatzen dute Juan Antxieta Musika Eskolak eta Itsasik, bi urtez behin talde bakoitzak, Juan Antxietako zuzendari Mari Jose Bikendik azaldu zuen bezala. Bikendik gaineratu zuenez, ikuskizunaren eraketa musika eskolari egokitzen zaionean, herriko beste taldeen parte-hartzea bultzatu nahi izaten dute. "Gure esperientzia elkarlanean ona izan da, emaitza onak eman dituena", baieztatu zuen Bikendik.

Parte hartuko dutenen izenak ezagututa, musika, dantza eta antzerkia nahastuko dituzte zapatu iluntzean plazan. Hala ere, antolatzaile eta parte-hartzaileek ez dute xehetasun gehiago eman nahi izan; "sorpresa" izatea nahiago dute, Alaitz Olaizolak esan zuenez. "Diziplina horien arteko nahasketa horretan dago jaialdiaren aberastasuna", Olaizolarentzat. Ordu erdi inguruko iraupena izango duela aurreratu dute. "Euskal giroan egin nahi dugu ekitaldia, euskal kantekin eta dantzekin", gaineratu zuen Bikendik.

Letra berria martxa zaharrarentzat

Euskal Herri osoan ezaguna den San Joan martxa-k Azpeitian bertako letra izango du behintzat aurrerantzean. Hori izango da San Joan bezperako festaren nobedade aipagarriena. Haritz Garmendiak egin du letra baina, haren hitzetan, "talde lanean" egindako ekimena izan da. Jaime Amenabar Julian Barrenetxea Abesbatzaren zuzendariaren ustez, "garrantzitsua" da San Joan martxa-ri halako hitzak jartzea. "Azpeitira ekarritako letra bat egin da, bertarako sortu da, eta nik uste dut badaukala garrantzia bertara ekartze horrek, beste herri batean abesten den letra ekarri beharrean", gaineratu zuen Amenabarrek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide