Esther Olaizola: "Atzegiren lana, azken finean, pertsonak gizarteratzea da"

Urola Kostako Hitza 2012ko eka. 21a, 18:00

Esther Olaizola. (XABIER OTAMENDI)

Azpeitiarra Atzegiko Urola Erdiko arduraduna da. Gizarte arloan elkarteak egiten duen lanagatik, Atzegiko ordezkariek piztuko dute aurten Azkoitiko San Joan sua.

Azkoitiko Udalak Atzegi elkartea omendu nahi izan du San Joan bezperan, egiten duen gizarte lanagatik. Elkarteko kideek izango dute sua pizteko ardura. Udal ordezkariek hitz batzuk egingo dituzte sua hasi aurretik, eta ondoren, sua piztearekin batera, emango diote hasiera festari. Aurten ez dute urrezko intsigniarik banatuko, egoera ekonomikoa kontuan hartuta. Esther Olaizola (Azpeitia, 1968) Atzegiko Urola Erdiko arduraduna da, eta elkarteak Azkoitiarekin daukan harremanaz hitz egin du, elkartearen funtzioa zein den azaltzearekin batera.

Nola hartu duzu omenduko zaituzteteneko berria?
Egia esan,lehentxeago esan didate [atzo]. Duela gutxi izan gara Azkoitiko udaletxean bailarako ordezkari moduan. Gizarte Zerbitzuetako zinegotziarekin bildu ginen, eta gure berri eman genion, udala berria baita. Udal ordezkariak gizarte lanerako gogoarekin zeudela ikusi genuen. "Bai, badakigu hor zaudetela", adierazi ziguten. "Baina ez zarete asko azaltzen, ez zarete ikusten". Azken finean, udalarentzat gaia lantzea garrantzitsua dela jakinarazi ziguten. Gureak-en lana egiten duen batek piztuko du sua.

Gustura hartu al duzu?
Bai. Gainera, harrera oso ona egin ziguten udaletxera aurkeztu ginenean. Zinegotziarekin bakarrik egon ginen, baina jarrera oso-oso ona erakutsi zigun. Azkoitiko Udalarekin ere kontatu nahiko genuke. Izan ere, Azpeitian daukagu zentroa, eta han, Azpeitian biltzen dira, kalean ere Azpeitian ditugu ekitaldi gehienak; han ateratzen gara kalera. Azkoitira ez gara hainbestetan etortzen. Lana elkarrekin egiterako orduan, Azkoitiko ekintzetan parte hartzea ere garrantzitsua dela esan zigun zinegotziak. Baietz esan nion, arrazoi guztia zuela; talde moduan ez garela herrira joaten. Garrantzitsua izan zen.

Orain, gainera, adimen urritudunak lan munduan sartzeko ahalegina egin nahi dugu. Lan arruntak egiten dituzte, baina badaude egin ditzaketen eginkizun batzuk. Errazena udalen bitartez langile horiek zerbitzu publikoetan sartzea dela uste dugu. Azkoitiko udal ordezkariak esan zigun ez dugula inoiz haiengana jo, hori dela medio. Horren inguruan zerbait egiteko prest agertu zen Azkoitiko Udala, gai garrantzitsua delako. Niretzako pozgarria izan da, beraz, omenalditxo hau egitea, gurekin gogoratu direla esan nahi baitu.

Nola azalduko zenuke Atzegiren zeregina zein den?
Adimen urriko pertsonen gurasoek 1960an sortutako talde bat da. Adimen urrikoak, azken finean, pertsonak dira. Atzegirentzako oso garrantzitsua da pertsona bakoitza hartu, eta zer egin dezakeen aztertzea; gizarteratzea. Atzegik lan munduan edo etxebizitza arloan, adibidez, lan handia egin duela uste dut. Gure ume hauen beharrak bestelakoak dira, gainontzeko herritarrekin alderatuta. Gainontzekoek bezalako eskubideak izan ditzaten lan egin du elkarteak.

Etxebizitzari dagokionean, zein da egoera?
Soldata oso baxuak izaten dituzte, eta, beraz, ezinezkoa zaie merkatuko prezioak ikusita, bizitokia izatea, edo gastuei aurre egitea. Foru Aldunditik laguntzak iristen dira, bai, baina hala ere ez da nahikoa. Haietako asko taldeetan bizitzeko moduan daude, baita bikotean ere. Denak multzo batean sartzen dira, denek adimen urritasuna daukatelako, baina denetarik dago. Atzegik hori dauka ona, pertsona bakoitza banaka aztertzen duela. Etxebizitzaren gaian, badaude bikote moduan bizi direnak; baina agian ekonomia arloa ez dute oso ongi kontrolatzen, beste batzuei garbiketa kontrolatu behar zaie... Atzegiren lana, azken finean, pertsonak gizarteratzea da. Bizitza ahalik eta normalena izan dezaten, lan bat edukitzen, dirua izaten laguntzea, bakoitzak bere ahalmenen barruan.

Nola funtzionatzen du Atzegik eskualde mailan?
Aizarnazabaldik Azkoitirainoko herriak hartzen ditugu. Tartean behin biltzen gara gurasoak Txolarteren lokalean. Boluntarioak ere han biltzen dira, sarriago. Apartekoa da jendea hori, benetan. Bizpahiru hilabetetik behin gertatutakoak kontatzeko biltzen gara, urteko plangintzak zehazteko, eta abar. Azken finean, ekonomikoki proiektu handienak Atzegik egiten ditu. Gure lana bertakoek ze arazo dituzten aztertzea da, besteak beste. Atzegira bideratzen ditugu batzutan.

Sentsibilizazio kanpaina asko egiten dituzue.
Urtero maiatzean egiten dira sentsibilazio kanpainak, baina aurten irailean egingo dugu. Eskola mundura begira egindakoa izango da, eta, beraz, irailean egitea erabaki dugu. Oraindik ez dut ikusi nolakoa izango den, baina horrela planteatzen da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide