Txetxu Urbieta: "Bizitasuna eta gertutasuna dira irratiaren bereizgarri nagusiak"

Urola Kostako Hitza 2012ko uzt. 5a, 19:00

Aurpegia jartzen jakingo ez duten arren, ahotsa entzun orduko ezagutuko dute askok Txetxu Urbieta azpeitiarra; izan ere, kazetariak 22 urte darama Euskadi Irratian kirolaz hitz egiten; saileko zuzendaria da orain.

Urbieta Uztarrian izango da uztailaren 10ean, elkarrizketa digitalean.

Kirol kazetari izatea zuen amets gaztetatik Txetxu Urbietak (Azpeitia, 1968). Horregatik, kazetaritza ikasketak egin, eta Euskadi Irratian burua sartu zuen 22 urterekin, bekadun moduan. Ordutik, lan eta postu ugari bete ditu irratian, eta Euskadi Irratiko kirol saileko zuzendari izendatu dute orain dela bi aste. Azpeitiarrak ibilbide profesionala eta irratiaren garapena errepasatu ditu Urola Kostako Hitza-rekin.

Gogoz heldu al diozu karguari?

22 urte daramat Euskadi Irratian, 1990ean bekadun bezala sartu nintzenetik. Ordutik denetik egin dut. Erredaktore lana egiten aritu nintzen lehendabizi, 1996an eguerdiko Kirol Legez saioa aurkezten hasi nintzen, eta 2003an Hiru Erregeen Mahaia programari ekin genion. Esan liteke pausoz pauso, hainbat postutan eta lanetan jardun dudala. Duela 15 egun eskas Euskadi Irratiko kirol saileko burua izatea eskaini zidaten. Gestio lana eta taldeak kudeatzea asko gustatzen zaidanez, ez nuen zalantza gehiegirik izan, eta gustu onez hartu nuen eskaintza.

Zein izango da aurrerantzean zure lana?

Orain arte mikrofono aurrean egoteaz gainera, Hiru Erregeen Mahaia koordinatu dut. Aurrerantzeko lana orain talde txikian egiten dudana talde osora zabaltzea izango da; antzeko lana egin beharko dut. Astean kudeaketa lana izango da nagusiki, eta asteburuetan antenako lana egiten jarraituko dut, orain arte bezala.

Kazetaritza ikasketak amaitzerako argi al zenuen zure bidea kirol arlokoa zela?

Kazetaritza ikasketak 1991n amaitu nituen, eta ordurako Euskadi Irratian lanean ari nintzen. Hasieran bekadun moduan sartu nintzen, eta hilabete batzuren ostean ordezkapenak egiten jardun nuen denbora batez, bertan postua eskaini zidaten arte. Oso argi izan dut beti: kirol kazetaritza da nire bidea. Txikia nintzenean futbol jokalaria izan nahi nuen. Berehala konturatu nintzen, ordea, ezinezkoa zela, eta ordutik aurrera kirol kazetari izan nahi nuela argi izan nuen. Garai horretan sei hilabeteko praktikak izaten ziren Euskadi Irratian, eta kazetari hasi berriek bi hilabete egiten zituzten albistegietan, bi hilabete bestelako saioetan, eta beste bi hilabete kirol gaiak jorratzen. Aurkezpenean zer arlo gustatzen zitzaidan galdetu zidatenean, kirol kazetaritza gogoko nuela esan nuen, eta beste inork jorratu nahi ez nuenez, praktika denboraldi osoa kirola lantzen aritu nintzen.

Kirol kazetaritza berezia dela esango al zenuke?

Berezia baino gehiago, desberdina da. Kirolean bihotza behar-beharrezkoa da, eta horrek kazetaritzan bertan eragiten du. Kazetariok ahal dugun objektiboenak izaten saiatu behar dugu, baina nik uste dut entzulea ezin dela engainatu. Realzalea banaiz, eta Realaren partida ematen ari banaiz, ni realzalea naizela ez dut ezkutatu behar, baina ahal den objektiboen kontatu behar dut. Realzalea izan arren, Realeko jokalari batek penaltia egiten badu, esaterako, penaltia dela esan behar dut, alegia. Kazetaritza esparru bakoitzak bere berezitasunak ditu. Egia da, askotan kirola puztu egiten da, eta behar baino garrantzia handiagoa ematen zaio, baina kirol kazetaritzak kazetaritza izaten jarraitzen du. Egun zenbaitetan ahaztu egiten zaigu gu kazetariak garela, bitartekariak garela, alegia, eta protagonistak bihurtzen ari gara. Hori hainbat kazetariren artean zabaltzen ari den oker handi bat da.

Kazetaria protagonista bihurtzeko joera hori Euskadi Irratian antzematen al duzu?

Kazetaria protagonista bihurtzea sarriago gertatzen da irrati handietan, eta, batez ere, telebistan. Azkenean, dena espektakulua bihurtu da, eta kazetariak kazetari izaera alda batera utzi, eta artista bihurtu dira. Garai bateko tertulia politikoak edo albistegiak gaur egungoekin alderatuta ere, desberdintasuna nabaria da. Egun kazetariak lehen baino gehiago adierazten du iritzia haietan ere.

Teknologia berriek entzulearekin feed-back sortzea ahalbidetu dute. Horrek dinamikotasuna eman al dio irratiari?

Egia da dinamikotasuna eman diona, baina argi izan behar da entzulea entzulea dela, eta kazetaria kazetaria. Gu entzulearen zerbitzariak gara; entzuleari nahi dioguna eman behar diogu, baina kazetari profesionalak gu gara. Gaur egun, berriz, sare sozialekin jende askok pentsatzen du nahi duena esatea librea dela. Gauza bat da iritzia ematea, eta bestea sekulako egurra ematea. Mundu txiki batean bizi gara, eta mina egitea oso erraza da. Horregatik kontuz ibili behar dela uste dut.

Zer uste duzu duela irratiak beste hedabideek ez dutena?

Bizitasuna eta entzulearekiko gertutasuna dira irratiaren bereizgarri nagusiak. Entzuleak berehala egiten du irrati esatariarekin bat. Egungo bitarteko berriekin ere gertutasun hori lortzen da, baina irratiak magia berezia du. Saioa zuzenean egiten ari garenean hanka sartzen badugu, segituan hots egiten du entzuleren batek akatsa zuzendu eta informazio zuzena emateko. Dena dela, egun baino askoz irrati gehiago entzuten zuten herritarrek lehen; aitortu egin behar da hori. Gazteek, esaterako, ez dute irratirik entzuten. Irratia pixkanaka zahartzen ari den produktu bat da. Horregatik, bere etorkizuna argitu eta bere burua berritu behar du lehenbailehen. Hala uste dut nik.

Inoiz pentsatu al duzu telebistan edo prentsa idatzian lan egitea?

Egia esan behar badut, oso gustura nago irratian. 22 urte daramat horretan, nire lana asko gustatzen zaidalako. Beste medio batean lan egin beharko banu, ez nuke arazorik izango, baina aukeratzen hasita, nahiago dut irratia. Egun dudan ezagutzarekin oso eroso nago hemen. Prentsa idatzian tarteka artikulutxoren bat idatzi izan dut, baina kanpotik begiratuta astuna dela iruditzen zait. Telebista, berriz, ez dut ezagutzen. Beste medioak ezagutuko banitu, agian iritziz aldatuko nukeela iruditzen zait, baina primeran nago irratian. Aitortu beharra daukat.

Irratiaren bat-batekotasuna kazetariarentzat zailtasun gehigarria dela pentsa dezakete entzuleek. Zer iruditzen zaizu?

Hasiera batean bat-batekotasun horrek konplikatua dirudi, egia da, baina artistatik gutxi daukagula argi utzi behar da. Jendaurrean bat-batean hitz egiteko teknika batzuk ikasi behar izaten dira, norberak ere izan behar ditu horretara moldatu ahal izateko zenbait ezaugarri, baina gainontzeko lanbideetan gertatzen den bezala, denborarekin ohitu egiten da horretara ere. Imanol Lazkanok esaten zuen bertsotan jarriz gero, azkenerako denek egiten zutela bertsotan. Nik uste dut mikrofono baten aurrean ere gauza bera gertatzen dela; denok hitz egiten dugu, eta hasierako beldur hori galtzea izaten da gakoa. Behin hori gainditzen denean, hobeto edo okerrago, denok gara gai mikrofono baten aurrean hitz egiteko.

Zure ibilbide profesionalean albiste onak eta txarrak emango zenituen. Izan al da albisterik jendeari helarazteak benetan poztu zaituenik?

Ni kirolzalea naiz, eta kirol albiste on denak atsegin ditut. Marino Lejarretak Frantziako Itzulian irabazi zuen lehen etapa kontatzea eta bertan egotea sekulakoa izan zen; Miguel Indurainek Frantziako Itzulia irabazi zuenean ere asko poztu nintzen. Oro har, kirolari euskaldunek atzerrian garaipenak lortzen dituztenean oso sentipen polita izaten da. Bestalde, etxean harri-jasotzaile batek marka hausten duenean ere hunkigarria izaten da.

"Aurrerapen teknologikoek erabat aldatu dute irratia azken urteetan"

Azken urteetan teknologia berriek aldaketa handiak eragin dituzten hedabideen egunerokoan. Irratiaren hogei urteko garapena izan du hizpide Txetxu Urbietak.

Azken hogei urte hauetan aldaketa handia antzeman al duzu irratian?

Aurrerapen teknologikoek erabat aldatu dute irratia. Euskadi Irratian lanean hasi nintzenean, protagonista bat harrapatzea ia miraria zen. Gogoan dut hori. Garai hartan telefonoak etxean bakarrik izaten ziren, eta protagonistak etxean egon behar zuen guk hotsegiten genion unean, harekin hitz egin ahal izateko. Sakeleko telefonoak aldaketa handia ekarri du irratira, protagonista berehala harrapatzen baita. Horretaz gain, lehen Espainiako edo atzerriko albiste bat eman ahal izateko teletipoen zain egoten ginen. Orain kazetariok badakigu informazioa Interneten dagoena, eta albistearen bila joan behar izaten dugu. Hogei urtean albisteak gertatu eta hurrengo egunean iristen zitzaizkigun, eta egun zuzenean ikusi eta kontatu ditzakegu. Bitarteko berri hauek ekarri duten azkartasuna ikaragarria da.

Zuzenekoak egiterakoan ere sakeleko telefonoek asko erraztuko zuten irratian eguneroko lana, ezta?

Sakeleko telefonoek irratia zeharo aldatu dute, asko merketu eta erraztu baita irratiko lana. Irratiak gutxieneko kalitate bat eskatzen du, eta RDSI lineak gaur egun ere garestiak izaten dira, baina konexioak egiterako orduan asko erraztu da lana.

Teknologia berriei esker entzuleek zuzenean hartzen dute parte irratsaioetan. Hori ere aldatu egin al da?

Entzuleen parte-hartzea beti izan da irratian. Gaur egun bitarteko gehiago dago eta erraztu egin da kazetari eta entzulearen arteko komunikazioa. Nik gogoratzen dut txikia nintzenean Loiola Herri Irratian zorion agurren tartea oso garrantzitsua izaten zela; jendeak gutunak bidaltzen zituen irratira zorion agurrekin; ondoren, telefonoz egiten hasi zen eta gaur egun teknologia berriei esker sare sozialak erabiltzen dira.

Euskarari dagokionean ere, antzemango zenuen aldaketa hogei urte hauetan, ezta?

Euskarari dagokionean alderdi desberdinak nabarmenduko nituzke. Alde batetik, uste dut Euskadi Irratian desabantaila bat izan dugula erdarazko komunikabideen aldean. Gure protagonista askok euskaraz ez zekiten eta orain zorionez gero eta gehiagok dakite. Errealean edo Athleticen orain dela 20 urte lau-bost ziren euskaraz zekitenak eta egun gehienek dakite. Dena dela, Montanierrek prentsaurreko bat ematen duen bakoitzean frantsesez eta gaztelaniaz ematen du, erdal komunikabideek korte horiek izango dituzte, baina guretzat ez dute balio eta beste modu batera moldatu behar izaten dugu. Hori muga da, baina aldi berean oztopo horrek behartzen gaitu beste zerbait aurkitzera. Nik uste dut hizkuntza azkenean akuilu bat izan dela eta bere mugekin eraman gaituela alternatiba berriak bilatzera.

Askotan herritarrentzat komunikabideetan politika, ekonomia edota teknologiaren inguruko hainbat gai euskaraz entzutea arraroa egiten zaio. Kirolak, ordea, oztopo hori gainditu duela iruditzen al zaizu?

Gaur egun batez ere irratia eta telebistari esker kiroletako hizkuntza asko normalizatu da. Dena dela, nik gogoratzen dut orain dela 25 urte zutoina esaten zenean sekulako iraultza zela. Erdal hitzak euskaraz erabiltzen ziren eta zutoina esan beharrean, postea edo largeroa moduko hitzak erabiltzen ziren. Gaur egun, berriz, parkean jolasean ari diren umeei entzuten diedanean asko pozten naiz, atezaina, zutoina, langa moduko hitzak normaltasunez erabiltzen dituztelako. Aldaketa handi bat izan da kirol hiztegiaren gizarteratzean.

Entzuleentzat arraroak ziren hitz horiek erabiltzen zenituztenean estilo libururen bat jarraitzen al zenuten?

Kirol esparruko euskarazko hiztegia denborarekin sortzen joan da, pixkanaka-pixkanaka. Joxe Angel Iribarrek bultzatuta euskal kirolaren hiztegi bat sortu zen, euskarazko, espainierazko eta frantseseko hitzak jasotzen zituena; hiztegi hori sortzeko orduan zenbait kazetarik lan asko egin zuten. Hiztegi hori izan zen guretzat oinarria, ondoren euskal komunikabide guztion artean lantzen joan gara eta egun kalean entzun daiteke euskarazko kirol hiztegi berri horren emaitza.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide