Inskripzioak euskaraz gora eta gora

Urola Kostako Hitza 2012ko uzt. 19a, 17:53

Euskara Patronatuak jakinarazi duenez, Azpeitiko Epaitegiko Erregistro Zibilean gero eta inskripzio gehiago egiten da euskaraz. Esaterako, jaiotzen inskripzioek iaz zortzi puntu egin dute gora.

Haur jaioberria Azpeitiko Epaitegiko Erregistro Zibilean inskribatzerako orduan, gero eta azpeitiar gehiagok aukeratzen du euskara. Esaterako, 2010etik 2011ra euskaraz erregistratutako jaiotzek zortzi puntu gora egin dute. Hala jakinarazi du Azpeitiko Euskara Patronatuak Erabili.com webgunearen Gurien atalean.

Euskaraz erregistratutako jaiotzen kopuruak gora egin du, eta aurten ere goranzko joerari eusten dio. Baina, ezkontza eta heriotzen erregistroetan gorabehera gehiago dago Euskara Patronatuak kaleratutako datuen arabera.

Iaz Azpeitiko Epaitegiko Erregistro Zibilean herriko 177 jaioberri inskribatu zituzten, eta horietatik 129 euskaraz izan ziren erregistratuak; beraz, izena emandako jaioberrien %72,8. Orain bi urte, 2010ean, berriz, 222 jaioberri izan ziren erregistratuak eta hoietatik 142 euskaraz inskribatu ziren. "Beraz, 2011n 2010eko datuekin alderatuta zortzi puntu egin dute gora euskaraz erregistratutako jaiotzek", nabarmendu dute Patronatutik. Aurten ere euskaraz erregistratzeko joera goraka dihoala adierazi dute, "uztailaren 10a bitartean erregistratutako 78 jaioberrietatik 63 euskaraz inskribatu dituzte. Beraz, %80,7 jaioberri erregistratu dira euskaraz".

Erregistro Zibilean hizkuntza aukeratzeko aukera 2009an hasi ziren errazten Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegietan. Euskara Patronatuak azaldu duenez, erregistroak ezin dira euskaraz eta gaztelanaiz egin, bietako hizkuntza bat aukeratu behar izaten da.

Haur jaioberrien euskarazko erregistroak gero eta gehiago dira Azpeitiko epaitegian, baina ezkontzen eta heriotzen erregistroen kasuan datuak bestelakoak dira, "bi inskripzio mota nagusi hoien kasuan, euskararen erabilerari dagokionez, momentuz, ez dute datu onik ematen", azaldu dute patronatutik. Funtsean, gakoa galdetzean dagoela diote, "aukera eman eta erregistroa euskaraz edo gaztelaniaz egitea nahi den galdetuz gero, azpeitiarrek euskararen aldeko apustua egiten dutela garbi utzi baitute jaiotzen erregistroek".

Ume bat jaiotzen denean, gurasoek derrigorrean Erregistro Zibilean inskribatu behar dute, eta gaur egun epaitegian zein hizkuntzatan egin nahi duten galdetzen diete, Euskara Patronatuak azaldu duenez. Galdetzen ez dietenean, edota erregistroa egitera doan gurasoak espreski euskaraz egitea eskatzen ez duen kasuetan, Erregistro Zibilean inskripzioak gaztelaniaz egiten dituzte.

Bikoteek eskatu behar

Ezkontzen kasuan, paperak epaitegian egiten dituzten bikoteek, orduantxe zuzenean hizkuntza aukeratu dezakete. "Baina, elizaz ezkontzen diren askoren kasuan, ordea, zein hizkuntzatan erregistratu nahi den zehaztu gabe iristen zaie Erregistro Zibilera, eta orduan gaztelaniaz egiten dituzte", azaldu du patronatuak.

Euskaraz erregistratutako ezkontzen datuen berri ere eman dute Erabili.com atarian. 2011n, Azpeitiko Erregistro Zibilean jaso zituzten 74 ezkontzetatik 34 erregistratu ziren euskaraz, %45,9. Aurten, berriz, uztailaren 10a arte erregistratutako 42 ezkontzetatik 26 egin dira euskaraz, %61,9. Kasu honetan ere, euskarazko erregistroen kopurua goranzka dihoala nabarmendu behar da.

Kontuak aldatzea espero

Heriotzen erregistroen kasuan, ordea, egoera beste muturrekoa da, erabat. Izan ere, Azpeitiko Erregistro Zibilean heriotza guzti-guztiak gaztelaniaz erregistratu izan dira. Patronatutik jakinarazi dutenez, "ehorztetxe zerbitzua eskaintzen duen enpresak izapide guztiak gaztelaniaz egin dituelako gertatu da hori".

Baina, aurrera begira, Azpeitiko Udalak gauzak beste modu batean izatea espero du, Euskara Patronatua Azpeitian ehorztetxe zerbitzua ematen duen enpresarekin harremanetan jarri baita, hango arduradunek "prestutasun osoa" azaldu dute, eta hemendik aurrera bezero guztiei galdetuko diete heriotza erregistro aeuskaraz edo gaztelaniaz egitea nahi duten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide