Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua Sanagustin kulturgunean izan zen asteazkenean, proiektua bertatik bertara ezagutzen. Harekin batera Garazi Lopez de Etxezarreta Aldundiko Kultura zuzendaria etorri zen. Sanagustineko lantaldeko arduradunek —Xabier Aranbarrik, Aitor Bengoetxeak eta Kepa Urbietak—, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, eta Kontxita Martija eta Mikel Ibarzabal zinegotziek hartu zituzten —Manuel Unanue zinegotzia ere izan zen une batez—.
Eraikina erakutsi ostean, proiektuaren berri eman zieten Sanagustineko arduradunek eta udal ordezkariek Badiolari eta Lopez de Etxezarretari. Laupabost orduan egon ziren.
Sanagustineko ordezkariek Kultura zuzendariarekin lehendik badute harremana.
2010eko abenduan ireki zen Sanagustin kulturgunea, eta Kultur Mahaiaren kooperatibak 2011ko uztailaren 22an hartu zuen haren kudeaketa, udal lehiaketa atera ondoren. Sanagustinek harrezkero ostalaritza zerbitzua ere badauka.
Kanpotik interes handia Sanagustinekiko
Urtebete honetan, herrian eragile askorekin hartu-emanak izateaz gain, kanpokoekin ere egon izan dira Sanagustineko arduradunak. "Kulturguneko proiektuarekin (eta Kultur Mahaiarekin) interesa agertu duten hamabost bat herri-eskualdetako kultur edo erakundeetako ordezkarien bisitak jaso ditugu (Gasteiz, Azkoitia, Orio, Lasarte-Oria, Bergara, Bilbo, Hernani, Bera, Agurain, Zarautz, Ordizia, Markina-Xemein, Debagoiena...)", diote. "Horrez gain, Azpeititik kanpo ere aritu gara egitasmoa azaltzen (Errenteria, Mondragon Unibertsitateko Huhezi Fakultatea, Hendaia). Euskal Herri osoan azaldu dugu, beraz, proiektua zuzenean; Hego nahiz Iparraldean. Gure ustez, Azpeitiarentzat gainbalioa da Sanagustin, herritik kanpo badakite kulturgune erreferentzial bat badela Azpeitian".
Sanagustinek datorren astean jakinaraziko du azken urte honetako balantzea. Atzo Kultur Mahaiko batzarrean azaldu zuen.