"Sinadura batetik harantzago joan beharra" nabarmendu du Bilgune Feministak

Uztarria.eus 2012ko uzt. 20a, 20:08

Protokoloa "arazo guztien soluzioa ez" dela izango garbi duten arren, eskainiko dituen zerbitzuak zabaldu eta ezagutzera ematen laguntzearen garrantzia azpimarratu dute. "Gure ardura ere bada pausoak ematea eraso sexista eta indarkeria kasu hauekin bukatzeko, egunerokotasunean gure inguruan gertatzen diren kasuetan herritarrok baitugu esku-hartze zuzenena", gogoratu dute.

Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko martxan jarri den protokoloaren bultzatzaileetako bat izan da Bilgune Feminista. Protokoloa tresna baliogarria izatea espero dute; "arazo guztien soluzioa ez" dela izango garbi duten arren, eskainiko dituen zerbitzuak zabaldu eta ezagutzera ematen laguntzearen garrantzia azpimarratu dute.

Azken urteetan emakumeon kontrako indarkeria kasuak areagotzen" joan direla ekarri dute gogora Bilgune Feministatik, eta horrekin batera "Azpeitian bertan ere gertaera oso larriak" izan direla: Amaia Azkueren hilketa, Nuarbeko erasoa, atxiloketak, sexu eraso saiakerak, "eta hauetaz gain isilpean mantentzen diren tratu txarren hamaika kasu ere baditugu gure herrian".

Bilguneak erakundeen "pasibitatea" sarri salatu duela ere gogorarari du. Uste du protokoloa "ahalegin bat" izan daitekeela, "erakundeetatik erantzukizunez jokatu eta emakumeon kontrako indarkeriaren aurrean pausoak emateko". Hala ere, Bilgune Feministakoen aburuz, "erakundeek eurek iraunarazten dituzte emakume eta gizonen arteko botere harremanak", eta hori saihesteko "erakundeetatik aurrera eramaten diren politika guztietan eragin behar da emakume eta gizonen arteko harreman eredu parekideak sortzeko, eta genero indarkeriarekin behin betikoz amaitzeko".

Protokoloak, "erakunde desberdinek hartzen dituzten konpromisoak errealak badira, tratu txarrak jasaten dituzten hainbat emakumeren bizi baldintzak hobetzen lagundu" dezakeela uste dute. "Hartzen den konpromisoa sinadura batetik harantzago joan beharra azpimarratzen dugu", diote.

Erakundeen eta horien arteko elkarlanaren pisua alde batera utzi gabe, "herritar soilek" ere zeresana badutela nabarmendu du Bilgune Feministak. "Gure ardura ere bada pausoak ematea eraso sexista eta indarkeria kasu hauekin bukatzeko, egunerokotasunean gure inguruan gertatzen diren kasuetan herritarrok baitugu esku-hartze zuzenena", gogoratu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide