Bertsolaritzan "bizi guztia" pasa du Urko Egaña azpeitiarrak, "bertsolaritzaren arlo desberdinetan". Gipuzkoako Txapelketan parte hartu eta bertso eskoletan irakasle jardun da. Baina ez da bertsolaritzara mugatu, Katalunian egin zituen komunikazio kulturaleko ikasketak, Bartzelonan eta Gironan. Harrezkero, horren arabera dihardu lanean, irakaskuntza zein itzulpengintzan, euskarari eta bertsoari lotuta. Biek "markatu" dute, bertsolaritzak batez ere. "Beti izan dut buruan bertsoarekin zerbait egitea. Zer zen ez nekien. Ezta noiz ere. Baina momentua heldu zen semea jaioko zela jakin nuenean". Horrela, semearen aurretik jaio zen Hamaika kantatzeko proiektuaren ideia.
"Hasierako helburua zen ipuin batzuk hartu, bertsotara pasatzea eta horrekin liburu bat egitea –azaldu du–. Leire Derteano ezagutzen nuen eta hari komentatu nion ea marrazki batzuk egingo zituen. Baietz esan eta horrela hasi ginen", azaldu du.
Baina proiektua ez zen horretara mugatu. Iñaki Olalde Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Transmisio arduradunarekin jarri zen harremanetan Egaña. Egindakoa erakutsi eta Itziar Izagirreren, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Transmisio arduradunaren, eskuetara iritsi zen ideia. "Itziarrek planteatu zidan beste era batera osatu nezakeela eta ikusteko beste lan batzuk". Aurretik eginda zeuden lanak ikusita, Anton Iztueta, Oskar Eztanga zein Olatz Amozarrainekin kontatu zuen azpeitiarrak eta lantaldea osatu zen. "Elkartu ginen eta bazkari baten ostean bakoitzak bere gauzak azaldu zituen eta hasi ginen lanean. Talde ederra izan da".
"Nahiz eta izena nirea izan, sekulako talde lana izan da", dio Egañak. Oskar Estangak musika moldaketak egin ditu; Olatz Amozarrainek musika gainbegiratu eta zeharkako txirula sartu du; aurretik lanean ziharduen Leire Derteano arduratu da marrazkiez eta Anton Iztueta bideoen muntaiaz. "Egindakoa banan-banan hartuz gero, txino lana izan da". Iztuetaren lana nabarmentzen du batez ere Urko Egañak: "Ikusgarria da. Informatikan adituak diren denek esaten dute egunean 25 ordu pasa dituela lanean".
Ipuin klasikoak eta kondairak
Lan eta lan, orduak inbertituz, sortu eta hazi da Hamaika kantatzeko, argitara irten arte. "DVDa egitea erabaki genuen, ekonomikoki DVDa bakarrik aterako zitzaigulako ondo". Apirilaren 24tik da guztion eskura.
Guztira 11 ipuin batzen ditu, bertsotan kontatuak musikaren laguntzarekin. Zortzi "klasiko-klasikoak" dira: Hiru txerritxoak, Mari Errauskin, Txanogorritxo, Zazpi antxumetxoak, Pinotxo, Txitxirio txiki, Hamelingo txistularia eta Edurnezuri. Euskal Herriko ipuin bat ere bada, Txori abeslaria. Beste biak kondairak dira. Bata Oñatiko jentilei buruzkoa, bestea, Kataluniako Saint Jordi eta herensugearena.
Bertso sinple eta argiekin kontatzen dituzte ipuinak. Edozein haurrentzako ulergarriak dira eta istorioa inongo arazorik gabe jarrai daiteke. "Bertsoak dira, baina prosa estilo hori mantendu egiten dute. Ez da bat-batean edo bertso paper arrunt batzuetan erabiltzen den bertsolaritza. Bertsoa irakurrita ikusten da esaldi bat dela, esaldi oso bat. Errima eta guzti. Neurri baten barruan, baina esaldi bat da". Estiloari garrantzia eman dio bertsolariak. "Betiko legean esaten dugu bukaeratik hasten garela. Nik bertso hauek idatzi ditut hasieratik hasita eta bertsoaren bukaera pentsatu gabe".
Entzun eta ikusi
Ipuin bakoitzaren abestia, kolaboratzaile batek abestua musikarekin, eta karaokea, musikarekin eta letrekin baina abeslari gabe, eskaintzen ditu DVDak. Bertsoak ikastea ez ezik, ikusleak abestea ere ahalbideratzen du horrela lanak. "Nire semeari jartzen diozu eta urte eta erdirekin dantza egiten du".
Abesti guztiek dauzkate marrazki propioak, bizia hartzen dutenak. Beraz, entzun bakarrik ez, ikusi ere egiten da ipuina.
Marrazki bizidunak izanik, badirudi haurrei dagoela zuzenduta bakarrik, baina badauzka beste helburu batzuk ere: "Bertsolaritza gustatzen zaionari lagungarri izatea; marrazkia gustatzen zaionari erreferentzia bat edo beste ematea; informatikan beste ikuspuntu bat ematea erakutsita pertsona bat marrazki horiekin zer egiteko gai izan den. Adin ezberdin eta helburu ezberdinak dauzkaten jendearentzat liburu ezberdina izan nahi du".
Hala ere, badauzka helburu sakonago batzuk. "Literaturaren eta bertsolaritzaren arteko zubia" izatea alde batetik, eta, bestetik, "zubi hori transmisio bide izatea; ume eta guraso edo helduen artean". Sarri guraso eta haurren artean sortzen diren komunikazio arazoei erantzun nahi die Egañak. "Ipuinak bizi guzian kontatu diren gauzak dira eta bertso bat edo beste denok dakigu. Baina umeei hori nola helarazi askotan problema izaten da. Lotsa kontua, abesten ez jakitea... Lan honen bitartez lotsa horiek hausteko aukera dago". Baina erabilgarritasunean ez ezik, ipuinok dauzkaten rol eta balioetan ere jartzen dute indarra. "Badakigu gaur egun gizartean rol ezberdinak daudela, balioak beste era batera ikus daitezkeela gizartea aldatu delako. Guk ez genuen nahi garai hartako ipuin edo rolei garrantzia ematea, baizik eta kontrakoa. Dagoena erakutsi egingo dugu eta bakoitzak era bateko edo besteko ondorioak atera ditzala". Asmo nagusia "bertsolaritza eta literaturaren arteko transmisio hori lotzea edo indartzea" zela azpimarratzen du. Horrez gain, badaude lortutako helburuak ere. "Ate asko ireki dizkigu: bertsolaritzak badaukala bat-batekoaz aparte beste mundu bat".
Aurkezpenak, herriz herri
Herriz herri jardun dira aurkezpenekin: Azkoitia, Getaria, Altzo, Oñati eta beste hainbeste herri pasa dituzte. Ikastetxe pila batek erosi dituzte DVDak. Orokorrean harrera oso ona jaso du proiektuak. "Gustura geratzeko emaitzak izango lirateke ekonomikoki zulorik ez gelditzea eta kritika onak jasotzea". Kritika onak, behintzat, izan dituzte. "Komunikabideetan gauza onak entzun eta irakurtzea eta jende ezagunaren partetik edo DVDa eskuetan daukan jendearen ahotik hitz onak entzutea betekada bat da. Ezagutzen ez genuenak ere zoriondu gaitu e-mail bitartez, telefonoz...".
Proiektua, ordea, ez da oraindik amaitu. Iraila hasieran liburua eta CDa argitaratuko dituzte. "Orain artekoaren ondorio da. Xelebrea da, hasierako ideia liburua zelako, ez DVDa. Baina jende askok eskatu digu orain CDa eta liburua ateratzea eta kaleratu egingo ditugu". Biak argitaratzeko ideia beti egon da azpeitiarraren buruan, baina ondorio ekonomikoak ikusi beharra zegoen erabakia hartu aurretik. "Arlo ekonomikoa neuk daramat eta ez dut besteekin konpartitzen. Hala ere, esan nien: zuei guztioi ordaindu eta hala ere liburu bat ateratzeko aukera badago ekonomikoki, aurrera egingo dut".
Bidea ez da erraza izan arlo horretan, laguntza ekonomiko gutxi jaso baitute, "baina laguntza bai", zehaztu du. "Ez dakit zenbat diru jarri dudan, baina pentsatzen dut egunen batean errekuperatuko dudala salmenten bitartez. Aleak salduta kalean egotea oso ondo etortzen zaigu. Nahiago dut dirua jasotzea baino ale horiek kalean ikustea".
Momentuz Euskal Herriko puntu askotan dago salgai. Elkarren bidez, beste denda askotan eta web bidez eskura daiteke. Horrez gain Kilometroetan postu bat jartzea eta Durangoko Azokara iristea ere badaude Egañaren aurreikuspenetan. "Salmenta zuzena nahi dugu. Jendearengana heltzea, gertutasun bat adieraztea eta ikustea lan bat egin dugula. Gainera, salmenta egiten gabiltzan bitartean, lana ikusgai izango dugu eta ikusi ahalko da".