Etxeberria alkatea eta Eizmendi alkate ohia, Soreasuz

Eneko Etxeberria alkateak abuztuaren 24an 'El Diario Vasco'-ko elkarrizketa batean kritika egin zion Soreasu antzokiko proiektuari. "Soreasu Azpeitiko Udalak egindako akats handiena eta sakonena da", zioen. Aurreko alkate Julian Eizmendik erantzun egin zion abuztuaren 31n, gutun bidez egunkari berean, datuak emanez. Hemen bi ikuspuntuak.

ENEKO ETXEBERRIA (Azpeitiko alkatea 2011tik)

DVren galdera. Zer deritzozu Soreasuri buruz?

Erantzuna. Soreasu Azpeitiko Udalak egindako akats handiena eta sakonena da. 15 miloi euro kostatu da, eta, oraindik, beste 6 miloi falta dira bukatzeko. Beste herrialde batzuetan, esaterako Valentzian, kritikatzen diren gisako makro-proiektua da. Herriko beharretara egokitu gabekoa. Eta dena da arazo: parkinga ez dabil ondo, eraikina ez dago bukatuta, mantenua ezinezkoa da, lekua ez da egokia, erabilpen oso txikia du. Soreasuk herri honen inbertsio gaitasuna guztiz alperrik galdu du, eta, aldi berean, bidera ezina den azpiegitura bat ezarri du herrian.

DVko elkarrizketa

JULIAN EIZMENDI (Azpeitiko alkatea 2003-2007 eta 2009-2011 artean)

"Alkateak pasa den abuztuaren 24an, Soreasu inguruan egindako adierazpenen harira, zehaztapen hauek egin nahi nituzke:
 
Eraikuntzaren helburuak honako hauek ziren: Zinema eta antzoki beharrari erantzutea; herriko kulturgunea, kultur talde guztien egoitza izatea (26 inguru); eta aparkalekuak egiteko aprobetxatzea (auzotarrei garajea izateko aukera eskaintzea -aurreneko urtean 109 plazatik 60tik gora okupatu ziren, propietate edo alokairuan - eta bestalde, peatonalizazio ahaleginetarako alternatiba edukitzea).
 
Adostasuna zegoen proiektuak alde-zaharrean behar zuela izan, berau eraberritu eta suspertzeko ahaleginaren barruan kokatu baitzen.
 
Gure mandatoko helburua zen zinema-antzokia eta aparkalekuak martxan ipintzea, eta aurrerago, baliabideen arabera eta faseka, osatzen joango zen (2,5 milioi faltako lirateke, eta ez 6). Noski, krisi garaian badira beste lehentasunak, eta helburu hori atzeratzea logikoa da, baina orain utzikerian edo bazterkerian erori gabe.
 
Eraikina, aparkalekuak eta inguruko urbanizazioa ia 15 milioi kostatu ziren eta ordainduta daude. %40 Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Kutxako laguntzekin eta garaje salmentekin ordaindu zen.
 
Diru kontuekin jarraituz, Udala hartu bezalakoxe zorrarekin utzi genuen (2002ko likidazioan 6.932.930 euroko zorra zegoen eta 2011koan 7.073.588 euro). Beraz, tokatu zaizkigun urteetan sortutakoarekin moldatu gara, eta Azpeitian Soreasuz gain gauza gehiago ere egin ziren. Foru Aldundiari itzuli beharreko diruak ere gordeta utzi genituen.
 
Bestalde, krisia dela eta denok gabiltza okerrago. Administrazioak eta Udalak ere bai, neurriak hartzea ezinbestekoa da, baina Azpeitiak dituen zorpetzeko eta ekonomiko-finantziero erratioak, Gipuzkoako Udalen media baino hobeak dira, hobeto gaude.
 
Garaian garaiko erronkak izan zituzten, izan genituen, dituzue eta izango dituzte. Ongi kudeatu ditzazuela, akatsik gabe".
 
 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide