Ikasturte berrian ikastaroak eman nahi dituztenen proposamenak jasotzeko epea ireki du Udaleko Hezkuntza Sailak

Uztarria.eus 2012ko ira. 3a, 20:18

Irailaren 14rako aurkeztu behar dira eskaerak udaletxeko sarrera erregistroan. Interesatuek Udalaren eskaera-orria beteta eta, eskaintza berria bada, ikastaroaren nondik norakoak azaltzen dituen txostena aurkeztu beharko dute.

2012-2013 ikasturtean ikastaroak eman nahi dituztenen proposamenak jasotzeko epea ireki du Udaleko Hezkuntza Sailak.

Aurkeztutako proiektuak banan-banan baloratuko ditu Udalak eta, aukeraketa fasean sartu ahal izateko, honako baldintzak bete beharko dituzte eskatzaileek:

  1. Ikastaroa emango duenak, lantzea proposatzen duen gaiaren inguruko titulazio egokia izatea, edota horretan lan-esperientzia duela agertzen duten agiriak izatea.
  2. Zerbitzu hori herrian beste leku batean ez eskaintzea.
  3. Udaleko sail baten helburuekin bat egitea.

Udalak, bere aldetik, ikastaroen propaganda egiteaz arduratuko da, eta aukeratutakoak gauzatu ahal izateko lokala utziko du. Udalaren eta ikastaroa emango duenaren artean hitzarmen bat sinatuko da, eta han jasoko dira bi aldeen betebeharrak.

Interesatuek Udalaren eskaera-orria beteta eta, eskaintza berria bada, ikastaroaren nondik norakoak azaltzen dituen txostena aurkeztu beharko dute. Txostenean, gutxienez, honako xehetasunak azaldu beharko dituzte: ikastaroaren helburua, edukiak, metodologia, iraupena, prezioa, nori zuzendua dagoen, eta irakasleak (edo irakasleek) gaia ezagutzen duela agertuko duen dokumentazioa (heziketa agiriak, lan eskarmentua, eta abar). 2011-2012 ikasturtean ikastaroren bat eman eta berriro eskaera aurkeztu nahi dutenen kasuan, egiten den proposamena orain artekoarekin jarraitzea bada, ez dute txostena aurkeztu beharrik; nahikoa izango dute eskaera-orria betetzearekin.

Irailaren 14rako aurkeztu behar dira eskaerak udaletxeko sarrera erregistroan. Informazioa nahi izan ezkero, 943157928 telefonora deitu daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide