Udako turismo sasoiko balantze positiboa egin du Iraurgi Lantzenek

Uztarria.eus 2012ko ira. 13a, 21:33

8.160 bisitari igaro dira Loiolako turismo bulegotik. Azpeitian zein Azkoitian parrokietan antolatutako bisita gidatuen programa osorik bete ahal izan dute, eta Bost geltoki historian eskaintzaren barruan 460 bono saldu dituzte, 2011. urte osoan saldu zituztenak baino gehiago. Sektore pribatuan balantzea gorabeheratsuagoa izan da.

Ekainean, uztailean eta abuztuan turismoa sustatzeko hainbat ekimen izan dira aurten ere bailaran. Udako turismo sasoia bukatuta, balantzea egiteko unea iritsi da, eta Iraurgi Lantzen garapen agentziarena positiboa izan da.

Aurreko urteetan bezala, bailarako turismo bulegoa Loiolako Santutegian kokatu dute. 8.160 izan dira handik igaro diren bisitariak: ekainean 2.000 lagun, uztailean 2.290 eta abuztuan, berriz, 3.870. Bisitari gehienak, 7.270, atzerritik etorritakoak izan dira. Hego Euskal Herrikoak 890 izan dira; Ipar Euskal Herriko bisitarien daturik ez dago, Frantziako estatutik etorritako bisitariekin batera kontatu dituztelako.

Aurten Loiolako turismo bulegoan azken urteetan baino lan-ordu gutxiago egin dituzte; 2010ean (8.073 bisitari) eta 2011n (9.874) egunero eta egunean zazpi orduz egin zuten lan, eta 2012an astelehenetan bulegoa itxita egon da eta egunean sei orduz ireki ditu ateak. Horregatik, "datuak ez dira joandako bi urtetakoekin guztiz konparagarriak", azpimarratu dute Iraurgi Lantzeneko arduradunek. Hala ere, ontzat eman dituzte aurtengoak, "orain dela bi urte baino datu hobeak direlako eta pasa den urteko gorako tendentziari eutsi egin diogulako".

Bisitarien jatorriari dagokionez ere "tendentzia mantendu" egin dela diote eta, horrela, uda partean aurten ere espainiar estatuko bisitariak gailendu dira beste guztien gainetik. Bertako turismoa, aldiz, "uste baino gutxiago" izan da, jaitsiera esanguratsua ez izan arren. Bidaia antolatuetan eta bere kabuz egindakoetan iritsi direnen kopuruak nahiko parekatuta egon dira: 4.137 bisitari izan dira Loiolan antolatutako bidaietan, autobusez; eta 4.023 kotxean edo garraio publikoa erabilita. "Uztaila eta abuztuan bere kabuz dabilen turista nagusitu da, familian, bikotearekin edo lagun koadrilan dabilena. Ekainean, aldiz, antolaturiko bidaiak dira gehien dabiltzanak", azaldu dute Iraurgi Lantzenekoek.

Bisita gidatuek eta bono turistikoek harrera ona

Turismoari begira garatu dituzten ekimenek izan duten harrerarekin gustura daude garapen agentzian. Izan ere, parrokietan -Azpeitian eta Azkoitian- antolatu dituzten bisita gidatuek eta Bost geltoki historianekimenaren baitan eskaini dituzten bono turistikoei ondo erantzun diete bisitariek. Azken horren kasuan, 460 bono saldu dituzte, 2011. urte osoan saldu zituztenak baino gehiago. "Datu hau eskualde osoko turismo fluxuen adierazleetako bat da, eta datua positiboa da".

Soreasuko Sebastian Donean -eta horren barruan Bakardadearen Kaperan- abuztuan lau egunetan jarri zituzten aukeran bisita gidatuak. Guztira 49 lagunek hartu zuten parte ekimenean, gehienak Herrialde Katalanetakoak (22) eta Madrilgoak (13). Abuztuaren 11koa izan zen bisitarik jendetsuena, 18 lagunekin, eta hilaren 25ekoa (azkena) jende gutxiena izan zuena, 9 bisitari; gainerako bi egunetan, abuztuaren 4an eta 18an, 11 laguneko taldea osatu zen. Aurreikusita zeuden bisita gidatu guztiak egin ahal izan dituzte, zortzi laguneko gutxieneko kopurua beti gainditu dutelako bisitariek, eta horrekin gustura daude Iraurgi Lantzenen turismoa sustatzeaz arduratzen direnak.

Baina aipatutako 49ak baino askoz jende gehiago ibili da bisitan Azpeitiko parrokian joan den udan. Izan ere, bertako bolondresek abuztuan egunero ireki dituzte elizako ateak. "Bolondres horiek pasatutako datuen arabera -diote turismo arduradunek-, 370 bisitari sartu dira elizara abuztuan zehar".

Janaria etxetik ekarrita

Turismoarekin lotutako sektore pribatuaren balorazioa ere jaso dute Iraurgi Lantzenen, eta hori gorabeheratsuagoa izan dela esan daiteke. Ostatu ematen duten establezimenduetan, hotel zein nekazal turismo, okupazio maila ona izan da, "batik bat uztailean eta abuztuan, eta gustura azaldu dira, lan-kargari eutsi diotelako". Bailarako museo eta interpretazio zentroetan ere bisitarien presentziarekin pozik agertu dira.

Gauzak bestelakoak izan dira, ordea, jatetxeetan. "Uda nahiko juxtua" izan dutela adierazi dute sektore horretan, "salbuespen konkretu batzuk" kenduta. Kontsumoaren beherakada nabarmendu dute, beraz, jatetxeek, bai turistena, bai bertako jendearena. Bisitari askok jatekoa etxetik ekarri dutela diote Iraurgi Lantzenen ere: "Anekdota esanguratsua da Loiolako lorategietan nahiz turismo bulego pareko parkingean ikusi den familia eta lagun talde mordoxka, udara osoan zehar, etxetik ekarritakoa jaten".

Tabernarien kasuan, bukatzeko, "denetariko balorazioak" iritsi zaizkio garapen agentziari, balantze orokor bat egin ahal izateko. "Kanpotarren presentzia antzeman eta probestu dutenak daude eta bestelakoak ere bai", diote.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide