Ramon Aranburu Agirre (Donostia, 63 urte) Iraurgi saskibaloiko entrenatzaile ohia hil da. Atzo arratsaldean zendu zen, bihotzekoak jota. Gaur (ostirala) izango da haren aldeko hileta elizkizuna: Donostian, Amarako Sagrada Familia parrokian, 19:00etan. Gorpua Donostian, Errekaldeko beilatokian dago, 13:30ak arte.
Aranburu denboraldi batean izan zen Iraurgiko entrenatzailea, gizonezkoen talde seniorrekoa Bigarren Mailan, 80ko hamarkada bukaeran. Baina klubarekin harremana lehendik zeukan, eta gerora ere izan zuen, berak Iraurgiren 25. urteurreneko liburuan kontatu zuen bezala:
- "Ni denboraldi batez baino ez nintzen egon Iraurgin, lehen taldeko entrenatzaile bezala, baina horrek ez du esan nahi Iraurgirekin urtebeteko harremana soilik eduki dudanik. Hona etorri aurretik ere banuen harremana Iraurgikoekin, neu nintzelako Donostiako bere kontaktua zenbait gestio egiteko: babesle kontua zela, jokalariak osatzeko masajistak edo medikuak zirela, lehen talderako jokalariak fitxatzea zela... Harreman horretaz baliatu ginen bi parteok neuk Iraurgi denboraldi batez entrenatzeko. Bigarren Mailara igo zenean hartu nuen, eta kategoria horretan segitzeko ekipoa indartu beharra zegoela ikusi genuen. Gauzak ez ziren behar bezala atera, jaitsi egin ginen, baina gustura nago aro hartaz, eta gaur egun ere harreman handia dut".
Babesletzak lortu zituen Iraurgirentzat, esate baterako. Edo 80ko hamarkada hartan Converseren ekipamendu oso-osoa lortu zuen, oinetakoak barne. "Jokalariak txoratuta zeuden, haurrak zapata berriekin bezala, Converse zuri-gorriak probatzen", dio Iraurgiren liburuko pasarte batek.
Jokalari bezala, Anoeta, Atletico San Sebastian, Don Bosco edota Dicoprogan aritu zen Aranburu, eta entrenatzaile gisa maiz izan zen nesken entrenatzaile; esate baterako, urte askoan Las Banderaseko neskekin gorengo mailan.
Iraurgiko familiakoekin hartu-eman pertsonalak ere bazituen. Batez ere, Josu Arregi Txapao-rekin. Adibidez, Aranburu eta biak saninazioetan elkarrekin joaten ziren zezenetara, edota lehengo igandean elkarrekin ibili ziren Donostian, Kontxako estropadak zirela eta.