Emakumeen Txokoak urtebete ateak zabalik

Uztarria.eus 2012ko ira. 17a, 16:23

Emakumeen Txokoa iaz ireki zuten, irailaren 17an, eta hainbat herritar izan zen irekiera ekitaldian.

Joan den urteko irailaren 17an inauguratu zuten Emakumeen Txokoa, Izarraitz frontoiaren beheko lokalean. Hainbat ekimen antolatu dituzte urtebetean, eta Izaskun Egiguren Emakumeen Txokoko dinamitzaileak "positiboki" baloratu du urtebeteko jarduna.

Gaur, irailak 17, urtebete zabaldu zuten Emakumeen Txokoa, Izarraitz frontoiaren beheko lokalean. Harrezkero, hainbat ekimen antolatu dituzte bertan: hitzaldiak, tailerrak edo ikastaroak, besteak beste. Izaskun Egiguren Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak dioenez, "positiboki" baloratzen dute urtebeteko jarduna: "Egin diren ekintzetan eta tailerretan emakume ugarik hartu dute parte. Tailerren bat edo beste kenduta, guztiak egin dira, eta parte-hartzea, orokorrean, ona izan da". Tailer eta hitzaldietako gaiei dagokienean, "saiatu gara interes eta gai desberdinak lantzen", dio Egigurenek.

Emakumeen Txokoa parekidetasunaren aldeko ekimen, aldarri eta topaleku izateko irekitu zuten. "Emakumeen ahalduntze prozesua bultzatzeko tresnak eskainiko dituen gunea izango da", azaldu zuten txokoa irekitzerako bertako arduradunek. Egigurenek, urtebete eta gero, "hasierako helburua bete" dutela dio: "Horrelakoetan, jendea pixkanaka hasten da gerturatzen eta parte hartzen. Jakitun ginen hori horrela izaten dela. Pausoka egiten da ibilbidea eta gustura gaude emaitzarekin".

Aurrerantzean ere bide beretik jarraituko dutela jakinarazi du Egigurenek: "Lan egiteko modu berdinarekin jarraituko dugu, eta laster hasiko dira Jabetze Eskolak. Bestalde, Emakumeen Txokoan bildu izan dira hainbat jatorritako emakumeak astero, euskara ikasi eta elkarren esperientziak elkartrukatzeko, eta horrekin ere jarraituko dugu".

Uztarria.com webgune honetako Komunitatea atalean jarrai daitezke Emakumeen Txokoaren ekarpenak.

Jabetze Eskolak

Bestetik, Jabetza Eskolen barruan aurten Azpeitian eskainiko den programazioaren gaineko informazio osoa ere Interneten dago, helbide honetan: http://www.jabetzeskola.com/euskara/azpeitiko-je/

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide