Pako Aristi: "Euskara gure aisialdiko menuaren osagarri bat bihurtu da"

Uztarria.eus 2012ko ira. 20a, 21:25

Euskararen inguruan mezu subliminalak zabaltzen direla dio idazleak, eta horiek deuseztatu arte erabilerak ez duela gora egingo. Elkarrizketa egin dio 'Hitza'-k.

Euskara norberaren bizitza intimoan integratzea, euskararen normalizaziorako gakoetako bat dela uste du Pako Aristik (Urrestilla, Azpeitia, 1963). Hizkuntza sinboliko bilakatzeko bidean ikusten du euskara, eta ideia hauek zein beste hainbat izango ditu hizpide gaur, 19:30ean, Tolosako kultur etxean, Galtzaundik antolatutako Euskara, hizkuntza bat bere bakardadean hitzaldian.

Euskara bakardadean dagoen hizkuntza dela abiapuntu hartuta, zertaz ariko zara hitzaldian?

Hizkuntza baten arrakasta edo porrota, gizartean, beti dago estuki lotuta atzean daukan botereari. Botere hegemonikoak hizkuntza hegemoniko bat sortuko du, eta botere subsidiariok, ba, hizkuntza subsidiarioa. Hori da euskararen egoera. Horregatik dago bakardadean, euskararen herriak, Euskal Herriak, ez duelako botere propio bat izan azken 500 urteotan; Espainiaren mende egonik, espainolaren mendeko hizkuntza baztertua bilakatu da euskara.

Euskara beti mendeko hizkuntza izango dela diozu. Esperantzarik ez?

Kontua ez da itxaropena izatea edo ez izatea; hori gauza subjektiboa da. Hizkuntza politikaz ari naiz; hori objektiboa da, eta hor asma liteke zerbait kuriosoa egiten, edo ez. Gainera, daukazun boterearen ezaugarriei lotua dago. Euskara mendeko izango ez bada, inoren mendeko ez den botere egitura baten bultzadaz izango da, soilik.

Laster kaletik ere desagertuko dela aipatu izan duzu.

Kaletik desagertuko dela ez diot nik, datuek baizik, aurten argitaratu direnak. Datuok dira gure ispilu. Pentsatu behar dena zera da: egoera honetara zergatik iritsi garen, eta nola eralda dezakegun egoera. Nahiak eta desioak ez du ezertarako balio errealitatearen aurrean; estrategia bat edukitzeak balio du, eta estrategia hori aurrera eramateko baliabideek eta ahalmenak. Horien neurrira zabalduko da euskara gizartean.

Euskararen alfabetizazioak gora egin du azken urteotan, eta gazte gehienek dakite euskaraz. Erabilerarekin, ordea, proportzioa ez da bera. Zein izan daiteke hau aldatzeko gakoa?

Euskararen inguruan zabaltzen diren mezu subliminalak deuseztea, batetik; hedabideetan, etengabe, euskarak ezertarako balio ez duela diotenak. Eta, bestetik,  piramide sozialarekin jokatu behar da. Euskara piramidearen oinarrian mantentzen da, baina zenbat eta gorago begiratu, orduan eta errazago desagertzen da. Gazte batek, euskararik jakin gabe, medikua, enpresaria, aktorea, abokatua, esataria, pilotaria, Lehendakaria, orkestra sinfonikoko zuzendaria, Errealeko jokalaria, Bilboko alkatea… izan litekeela ikusten duen bitartean, ez dago zer eginik.

Gazte askok euskaldun kontzientziarik ez dute beharbada?

Baina espainolarekin ere ez dute kontzientziarik; erabiltzen dute, eta kito. Adibide bat: orain hainbat gazte Norvegiara joaten hasi dira, lan bila. Norvegian norvegiera hitz egiten da, baina baita laponiera eta finlandiera ere. Zein hizkuntza ikasiko dute gazteok? Norvegiera, nazioko hizkuntza. Alemaniara ere hasi dira joaten. Alemanian alemaniera hitz egiten da, baina baita daniera, frisiera eta romania ere. Zein hizkuntza ikasiko dute? Hegemonikoa, nagusiena. Euskal Herrian, Basque Culinari Center sortu du Eusko Jaurlaritzak, guztion diruarekin. Zein hizkuntza eskatzen diete ikasleei? Espainola eta ingelesa. Munduak horrela funtzionatzen du: hizkuntza bat hegemonikoa ez denean, jendeak ez du gogoko hori ikastea. Eta nork bihurtzen du hizkuntza hegemoniko? Estatuak berak, edo inork ez.

Euskara normalizatzeko bidean, anti-politika ere nabarmendu duzu. Erakundeek eragile euskaltzalei babes gehiago eman beharko liokete?

Ekimen guztiak beharrezkoak dira, baina gure erakundeak espainolak dira, Espainiaren sistema politikoan daude. Espainiak baliabide juridiko guztiak ditu guri bide hori oztopatzeko, eta erabili egiten ditu; askotan ikusi dugu hori. Abertzaleen aldetik ere, oso mezu kaskarra helarazten digute euskarari buruz: Xabier Arzalluzek espainolez argitaratu zituen bere memoriak; Carlos Garaikoetxeak ere, espainolez plazaratu zituen bereak; eta Arnaldo Otegik espainolez aterako ditu, laster, bere memoriak, eta euskarazko bertsioa azarorako iragarri dute. Honek guztiak zein mezu subliminal ematen digu herritarroi? Norberak atera dezala bere ondorioa.

Euskarazko hedabideek hizkuntzaren zabalkundean aurrerapausorik eragin dutela uste duzu?

Bai, noski. Irakurtzeko ohitura hedatu dute; erakutsi egin digute nola esan prima de riesgo, carburantes, activos tóxicos, fuera de juego, eta beste mila esapide. Hori lan garrantzitsua da. Izan ere, hizkuntza bat errepikatuz sartzen da garunean, eta bere lekua egiten du pentsamenduetan. Baina euskal hedabideak pobreak dira, dirurik gabe daude, eta hala egon dira beti; langileek, ahal dutenean, ospa egiten dute gehiago ordaintzen duten lekuetara, orain arte behintzat. Euskarazko hedabideak ez dira estrategikoak izan botere autonomikoaren guneetan: errepideak, suhiltzaileak eta kultur etxe faraonikoak, ordea, bai. Hemen, milaka pertsonek erosi dituzte auto erraldoiak, milaka euro ordaindu dituzte noranahiko 4×4 auto izugarriak erosten, baina euskal kulturarik ez dute erosi. Eta, gaur egun, euskara ardatz zuten enpresa, proiektu eta ekimen askok eta askok, porrot egin dute, desagertzeko zorian daude. Gu ere, sortzaileok, oso gaizki gaude. Baina Hondarribiko kirol portuan paseatzen dut, eta 300 ontzi daude; beste hainbeste Getarian, Donostian, Zumaian, Bermeon… Euskal kultura periferikoa da, beti kapitalaren periferian mugitu izan delako.

Euskara hizkuntza sinboliko bihurtuko dela diozu. Gizartearen zati handi bati, euskara altxor eta folklorearen zati moduan ikustetik, erabiltzeko tresna eta lehentasunezko hizkuntza ikustera pasatzea falta zaio?

Bai, hori da. Euskara gure aisialdiko menuaren osagarri bat bihurtu da, batez ere, umeen inguruan antolatzen diren ekimenetan, edo ikastolen festa erraldoietan. Kontzientzia txarra du jende askok, eta horregatik, urtean bizpahiru aldiz euskarazko betekadak hartzen ditu, Durangon, Euskararen Egunean eta abar; baina gero, ez dute hori beren eguneroko bizitzan integratzen. Ekimen kolektiboetan hartzen dute parte, jende askorekin batera, baina etxean, bakardadean, ez dute liburu edo aldizkari bat euskaraz irakurtzen. Hori da hizkuntza baten bilakaera sinbolikoa: besteen aurrean itxura egiteko balio du, baina ez da integratzen norberaren bizitza intimoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide