Azpeitikoa, esportatzekoa

Urola Kostako Hitza 2012ko urr. 5a, 13:22

Goenaga, Izagirre, Aranguren eta Amonarriz, herenegun, Sanagustinen. (Nerea Uranga)

Azpeitiko euskara, gazteak eta hitzanoa, hamarkada baten barruan hiru azpeitiarrek egindako hiru ikerketa aurkeztu ziren herenegun, asteazkena, Sanagustin kulturgunean.

Gazteak, hitanoa eta euskara Azpeitian gai hartuta bildu ziren herenegun Sanagustinen, Kike Amonarriz gidari, Josu Goenaga, Maitane Izagirre eta Maddi Aranguren azpeitiarrak. Hirurek Azpeitiko euskararen gainean eginda dituzten ikerketak aurkeztu zituzten, 30 bat lagunen aurrean.

Azpeitiak soziolinguistikoki eta Euskal Herriko testuinguruan "ezaugarri berezi dezente" dituela esanez hasi zuen hitzaldia Amonarrizek. "Askotan egokitu zait Azpeitiaren eta Tolosaren arteko aldeei buruz hitz egitea. Hor badago mito bat, Tolosako euskarari buruzkoa. Zuek esango zenuketen bezala txerrikeye. Tolosak fama dauka hiru gauzari esker. Tolosako euskara da bat; fama zeukan inork erabiltzen ez zuelako, ondo zegoen formoletan gordeta. Gero, babarrunak, baina Tolosan ez dago babarrunik, denak ingurukoak dira. Eta, inauteriak, hori bai». Baina bi herrien artean, diferentzia garrantzitsu eta interesgarri bat dagoela zioen: "Gure belaunaldikoek Azpeitian kalean euskaraz egiten zuten. Eta, gure belaunaldikook, kalean denek erderaz egiten genuen. Hau da, hizkuntzaren transmisoa kalean egin zen Tolosan eta Azpeitian ez. Horrek ekarri du Azpeitian hitanoa askoz indartsuago egotea, eta Tolosan ia-ia galdutzat eman dezakegu. Esamoldeak, adierazkortasuna, bizi-indarra askoz handiagoa da Azpeitian Tolosan baino".

Amonarrizek azaldu zuenez 10.000 biztanletik gorako herrietatik, gazteen artean gehien euskaraz egiten denetako bat da Azpeitia. "Beste kasua Ondarroa da". Eta Azpeitiko bilakaerak beste herrietan gertatu daitekeenaren gainean "pistak" eman ditzakeela zioen. Horregatik, herenegun aurkeztutako hiru ikerketek duten interesa nabarmendu zuen.

Euskararen aldeko jarrera

Hamarkada baten barruan egindako ikerketak aurkeztu ziren Sanagustinen. Zaharrena Josu Goenagarena zen, orain 12 urte egindakoa. Zientzia Politikoak eta soziologia ikasitakoa Goenaga eta Gasteizko Hezkuntza ordezkaritzan ari da lanean. Urduñan bizi da. Honek, 1999. urtean Azpeitiko Udal Euskara Patronatuaren Iturri Zahar beka irabazi zuen, eta bekaren bidez, Eider Alkortarekin batera, herriko gaztetxoen euskara ezagupena, jarrera eta erabilera ikertu zituen.Orduan, ateratako ordorioetako bat, herriko gazteek euskararen aldeko jarrera zutela izan zen, eta "ia elebakartasunera" iristen zirela gazteak. Hala ere, orduko gaztetxoek batik bat erdarazko komunikabideak kontsumitzen zituzten. "Ordu gehien telebistaren aurrean eman eta erdarazko kateak ikusten zituzten. Gutxi irakurtzen zuten, eta gehienbat erderaz irakurtzen zuten. Irratia, berriz, euskaraz entzuteko joera zuten", azaldu zuen Goenagak.

Noka galtzear, hilzorian

Maitane Izagirrek orain bi urte Azpeitian hitanoa aztertu zuen. Euskal filologia ikasitakoa, eta Hezkuntza saileko euskara departamentuan ari da lanean. Gasteizen bizi da. Ikerketarako 16-17 urtekoen eta haien gurasoen artean egin zuen inkesta. Berak aterata duen ondorio nagusienetakoa nesken artean hika egiteko joera galtzen doala da, "herriko gazteen artean hika egitea bizi-bizirik dagoela esaten den arren, bizirik dagoena toka da; noka hilzorian dago". Nesken kasuan transmisioan galera egon da, "ikaragarrizko etena egon da, eta neskei hika egitea utzi zaio".

Hikaren erabilerarako idatzi gabeko arau sozialak ere aldatu egin dira herrian, "galdu egin dira. Giza harremanak aldatzen ari direlako izan daiteke. Adibidez, aitari hika mutilen %27k egiten diote. Neskek, aldiz, denek zuka".

Familiatik kanpo ere antzeko datuak aurkitu ditu, "koadrilan mutilek, denek egiten dute hika. Baina, nesketan hilda dago". Horrez gain, hikaren gainean iritzirik txarrena emakumeek eta neskek dutela atera du ondorio.

Gazte hizkera sendoa

Herenegun azaldutako ikerketa berriena Maddi Arangurenena zen; uda aurretik bukatutakoa. Aranguren itzulpengintza eta interpretazioa ikasitakoa, Elhuyarren ari da lanean eta hau ere Azpeititik kanpo bizi da, Beasainen. Herriko gazteek euskararekin duten harremana aztertzeko egin zuen lana. 15-16 urteko eta 26-27 urtekoekin egin zituen inkestak eta elkarrizketak. Denak, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleak edota ikasle ohiak, "konparatzeko homogeneotasuna izateko". Gazteek Azpeitiko euskararen inguruan duten ikuspegia "kantitate aldetik baikorragoa da, kalitate aldetik baino". Orokorrean, gazteak euskaraz bizi direla zioen Arangurenek, "baina erdararen eragina nabarmentzen da". Hala ere, trangresioa euskararen bidez lortzen dutela zioen. Orokorrean, gazte hizkera sendoa dela ondorioztatu du, "baina honek ezin dio alde egin erdararen eraginari".

"Azpeitiko euskara esportatu" beharra dagoela esanez bukatu zuen Amonarrizek hitzaldia, "Azpeitiko gazteak beste herrietako gazteekin harremanetan jarri behar dute".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide