Hezkuntzan ere "jabe izan edo ez izan", horra euskal kuestioa

Elias Mendinueta eta Mirari Bereziartua (Ikasberri kooperatibako bazkideak, Gara) 2012ko urr. 9a, 13:23

Publikoa, zaharra, berria eta tartekoa, beti jabe berdinarena dela argi egonik, estatuarena, zertarako erabiltzen dira "berria", "zerbitzu publikoa" eta antzeko termino anbiguoak, hezkuntzan, bere muga eta guzti, hezkuntzan gure soberania bermatzen duen bakarra ikastola denean?

Kurtso hasiera bakoitzean euskaldunon bizi-indarrari hatsa emateko herritarrei dei egiten diegu ikastolen festen bira nazionalean parte hartzera Kilometroak eta Nafarroa Oinezekin errematea emanez. Horren inguruan hainbatek geure gogoetak egiten ditugu, geure egite eta zentzuari termometroa ipiniz. Eta gogoeta hori partekatzea du gaurko idatzi honek helburu. Ikusten ari gara egin diren adierazpen publiko batzuek burujabetza aktibatzeko on eta klik egiten dutela, piztuz eta aktibatuz, eta beste zenbaitek stop emanez, gelditu.

Aurtengoan laukote bat dakarkigu gogoeta gunera: Espainiako Hezkuntza ministroa den Wert, Gipuzkoako Aldundiko ordezkariak, Konkistari buruzko Kongresuan ponentzia eman zuen Floren Aoiz eta Euskal Herriko ikastolen zenbait ordezkarik egindako adierazpenak.

Bat, Espainiako ministroa den Wertek, despistatuta dabiltzan abertzaleei, gaur egun Hezkuntzan ere Estatuak erabakitzen duela gogorarazteko curriculumean autonomia erkidegoei emandako baimenak gutxitu ditu. Gainera hezkuntzan historia kontatzea Estatuaren ahotik egiten dela bermatuko du. Baita elkarbizitzarako ezaugarriak aukeratu eta kontrolatzea ere.

Bi, Gipuzkoako Aldundia, euskararen erabilerarako erabakia martxan ipini duena, soberania mugatua badu ere, erabakiaren garrantziaz ohartuz, aurrerapauso estrategikoa lortuz.

Hiru, Floren Aoiz, Nabarraldek Konkistaren inguruan egindako Kongresuan emandako ponentzian, historia bat kontatzerakoan nor, nori nork markatuz labur azaldutako esaldiarekin: "Jabea da beti kontakizunaren jabe". Hau da, boterean dagoen Estatua. Gure kasuan bai Espainia eta bai Frantzia.

Lau, Ikastolen Euskal Herriko Elkarteko zenbait ordezkarik ikasturte hasieran egindako adierazpenak: "Zerbitzu publikoa da hezkuntza. Jabea ez da garrantzizkoena, baizik zer eskaintzen duen". Gainera, euskal hezkuntzako (!) legea eskatzen diote Autonomia Erkidegoko Administrazioari. Ez al dute argi jabeak erabakitzen duela zer eskaintzen den ere?

Hori horrela, geure buruari zera diotsogu: zertarako euskalgintzan egindako erakundetze sare zabala? Zertarako alderdi abertzaleak, sindikatu abertzaleak, ikastolak, euskaltzaindia, euskararen gizarte kontseilua, euskal hedabideen elkarteak...?

Ikastolakoek egindako adierazpen horietan nagusiki nabarmentzen dena zera da: lidergoa entregatzen zaiola erabat estatu espainolaren jabetza duen Administrazioari. Bai ikasleen identitatearekiko, elkarbizitzako oinarrizko printzipioetan menpekotasunez erantzunez. Bai irakasleei dagokienez, Administrazioaren erabakipean utziz. Gainera, menpean hartzen gaituen Administrazioen lurraldetasun barrutian kokatuz, Autonomia Erkidegoari bakarrik dagokion Hezkunza Legea eskatuz. Non gelditzen da lurraldetasun osorako bermea?

Giza eskubidetik datorkigu jabetza herri eta herritar guztioi, ez kalitatezko funtzionamendutik. Hezkuntzari buruz gogoeta egiten duten askoren oinarria funtzionamenduan kokatzeak nahasketa sortzen du. Jabetzak ematen duen erabakimena ez datorrelako funtzionamendu ikuskeratik. Hain zuzen ere, ez dator kalitatetik: bikaina eta berritzailea izatetik. Ezta ere ikuskera moraletik: onak edo txarrak izatetik.

Proiektu baten zentzua ekarpenetik egiten da eta ekarpenaren adierazpena eta bermea jabetzatik,erabakitik. Horrek suposatzen du, nortasuna, gutasuna eta erabakimena argi izan behar dituztela ordezkaritza eta lidergoa dutenek. Esta- tuek oso argi dute. Guk trantsiziora arte ere bai. Eta orain?

Estatuek inposatzen diguten eskola publikoaren aurrean egiten dugun ikastola aukera euskaldunok daukagun giza eskubidea da. Aukera desberdinak egiten ditugunen, inguruan sortzen den giroa, batzuek dioten pertsonen arteko liskarrak baino gehiago, eskubideak haustearen ondorioak dira. Herritarrok, subordinazioaren egitura Administratiboa utzi eta soberaniatik, ia ehun urtetan gabiltza geure hezkuntza gauzatzen, geure muga eta guzti.

Norberaren burujabetzatik erabaki eta duintasunez bizitzea eskubidea eta erantzukizuna da, herrientzat eta herritar emakume eta gizonentzat. Ikuskera hau beharrezkoa da, alderdi politiko edo sindikatuen interes kointuralei ondo ez datorkienean ere bai.

Historian zehar, lehen, orain eta beti eskola publikoaren jabea estatua denez, geure burujabetzaren alde egin dugunean, gure seme-alaben euskalduntzea bermatzeko geure eskutik jabetza hartuta egitea aukeratu dugu interes partidisten eta pertsonalen gainetik.

Estatuek agintzen digute eremu guztietan: politikagintzan, sindikalgintzan, hizkuntzan, hezkuntzan... Baina herritarrok geure eskuetan erabakia egituratzen duen sare zabala egiten jakin dugu. Formula juridiko desberdinez egituratu eta norberaren erabakiz, proiektua bermatzeko moldatu ditugu. Eta bene-benetako poza ematen du, herri bezala bizirauteko baliagarriak ditugulako.

Inork ez du kuestionatzen horien biziraupena, ondo edo gaizki funtzionatzeagatik. Beharrezkoak ditugulako jarraitzen dute. Funtzionamendua eraginkorra izatea, etengabeko erantzukizuna besterik ez da. Egoki ez dabiltzanean, egitekoak doituz, eraginkortzea dagokigu.

Zertan laguntzen digu une honetan gizarte zibila aspalditik erabiltzen ari den estrategia indartsuak gutxiesteak? Azken urteetan zenbait abertzalek zergatik aplikatu nahi dute, bakarrik hezkuntzan, eredu guztiak «denak batera» ipintzea? Hedabide propioei dagokionez ez da iritzi hori bultzatzen. Alderdi politikoei eta sindikatuei dagokionez ere ez. Euskalgintzako gainontzeko erakundeei ere ez. Zertarako bai hezkuntzan? Noren mesederako?

Orain arte estrategikoa izan da geuk egin eta geuk bermatzea. Baina trantsizio ondorengo azken hamarkadetan, burujabetzatik kanpo uzten den eremu bakarra hezkuntza izaten ari da. Bi identitate desberdin aukeratzen dituztenen ereduak bateratu nahi dira, Estatua jabe den eskola publikoa eta herri hau jabe duen ikastola. Eta hori Euskal Estatuaren eta independentziaren aldarri ozena egitearekin bateratzea nola ulertu daiteke?

Herritarrok, zenbait interes partidista eta pertsonalen gainetik, nahi dugun herri identitatea, euskalduna, subjektu politiko burujabea, librea, justua, eragile eta solidario ezaugarriz osatutakoa nahi dugu. Beraz, ikasleak ere ezaugarri horietan trebatzeko erantzukizuna daukagu, eta kooperatiba bidez, Euskal Herri osoan eta tokian tokiko herrietako ikastoletan hori bermatzea dagokigu. Eta horretan gabiltza herritar asko eta asko ia ehun urteotan.

Horregatik galdera bat datorkigu burura: Ikastolen zer Batzarretan erabaki da 1993an ikastola guztiek hartutako irizpide estrategikoa aldatzea? Alderdi politikoen bultzadaz norabide publikoaren inguruan gogoetak luzaroan egin ondoren, Armentiako Batzar Berezian, Euskal Herriko ikastola guztiak bildurik gehiengoz erabaki genuen, Buesaren eskutik zetorren Euskal Eskola Publikoaren aurrean, Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jabetzaren azpian ikastolak ez uztea, eta ikastolak duen identitateari eusten jarraitzea, hau da, Euskal Herriaren eskola propioa izaten jarraitzea geure burujabetzatik. Aurretik, 1983an, EAJ-k ikastolak talde berezi bezala Erkidegoko Administrazioaren esku gelditzeko EIKEren eskaintzaren aurrean erabaki zen bezalaxe.

Publikoa, zaharra, berria eta tartekoa, beti jabe berdinarena dela argi egonik, estatuarena, beraz, Espainiarena eta Frantziarena, zertarako erabiltzen dira «berria», «zerbitzu publikoa» eta antzeko termino anbiguoak, hezkuntzan, bere muga eta guzti, hezkuntzan gure soberania bermatzen duen bakarra ikastola denean?

Euskaldunok existitzen jarraitzeko ari gara geure seme-alabak eskutik eramaten. Lurraldetasun osoan hori nahi duten guztiekin elkarla- nean, seme-alabak maitatzeak ematen digun indarra den interes bakarrarekin, beraien garapen osoan laguntzea eskutik bermatuz. Ikastolakoak eguneroko- tasunean herri egitasmo honekin konprometitzearekin harro gaude guztiok, guraso, ikasle eta langileak. Eta hori bultzatzen duen lidergo argia merezi, eta behar dugu.

Horregatik eskakizun zehatza: "ikastola" izena eta izana argitu eta sare propioaren aitorpena eta trataera berreskuratu 1993 arte izan genuen bezala.

1512ko konkistaren 500. urteurrena gogoratzea, ikastolok argi daukagu, zer garen eta zertarako: Ikastolak, euskaldunon soberania hezkuntzan bermatzen duen bakarra izanik, bere muga eta guzti, Nafar Estatuaren, Euskal Eskola Nazionalaren motor gara, euskaldunok herri bezala existitzen jarraitzeko. Eta harro gaude. Gora ikastola eta bizi bedi!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide