Gaur arratsaldean Zumaiako Alondegian izango da Jose Luis Otamendi (Azpeitia, 1959). EH Bildu koalizioaren zerrendan hamabigarren postuan doa idazle eta irakasle azpeitiarra, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta eskualdeko beste hautagaiarekin batera hartuko du parte ekitaldian; Iñaki Ostolaza zumaiarrarekin. Horren aurretik, Urola Kostako Hitza-ri eskaini dio elkarrizketa.
EH Bilduren programako puntu nagusiak zein dira?
Aldaketa politiko eta sozialaren ildotik egin nahi dugu lan. Eredu berri baten beharra ikusten dugu, Euskal Herriak egun duen egoerari begira. Garbi ikusten dugu justizia sozialaren aldeko hautua egin nahi dugula, eta tokiko ekonomia bultzatu nahiko genukeela: ekonomia errealari eman lehentasuna, eta ez beste ekonomia espekulatiboei. Azken batean, ikusten duguna da diruak zerbait izatekotan tresna izan behar duela, eta ez helburua, aberats batzuk sortzeko eta aldi berean miseria hedatzeko. Hori lortzeko nahitaezkotzat jotzen dugu aldaketa politikoa. Ez dugu inondik ere galdu nahi nazio ikuspegia, nazio bezala pentsatu behar dugula uste dugu. Eta nazio horren zati bateko hauteskundeetan parte hartzera goaz orain. Baina gure helburua independentzia da garbi-garbi, ikusten dugulako bai ekonomikoki, bai gizarte aldetik, horrek irekiko lizkigukeela bizitza duinago baterako ateak.
Ekonomia aipatu duzu. Momentu honetan alderdien lehentasuna arlo horixe da. Zer proposamen dituzue?
Gu koalizio bezala berria izan arren, nonbaitetik bagatoz. Lau sentiberatasun elkartu gara, eta lortu dugu aspaldidanik amets bat izan denaren lehen pausoetan aurrera egitea; alegia, indar abertzaleen eta aldi berean indar aurrerakoien batasunaren oinarri bat jartzen hasi gara. Honekin esan nahi dut, badugula esperientzia , eta eskarmentua hartzen ari garela eta politika batzuk bultzatzen. Gure ustez eraginkorrak dira politika horiek, eta gure pentsaerarekin bat datoz. Hainbat udaletan, Gipuzkoako Foru Aldundian, baita oposizioan gauden hainbat tokitan ere, Nafarroako Legebiltzarrean, esaterako, ikusi da politika hori.
Gipuzkoan, esaterako, ikusi dugu guretzat ekonomia eraldatzeko tresna oso garrantzitsua fiskalitatea dena. Fiskalitate askoz justuago bat nahi dugu; aberastasun handiak direnak zamatuz, eta lehen esan dudan duintasun horri begira, birbanaketari begiratuz. Ondasun horiek banatzeko puntu oso inportantea iruditzen zaigu lanaren banaketa. Proposamen zehatz batzuk badaude programan: esaterako, 35 orduko lanastea eskatzen dugu; soldatak, gehienekoa gutxienekoaren halako 12 izatea, eta ez 200ekoa edo auskalo, hori eskandalugarria da; erretiroa 65 urtean ezartzea; etxebizitza eskubidea bermatzea... Ez dugu inolaz ere kudeatuko krisiaren eragile nagusi diren askoren jokabidea saritzen duen sistemarik. Guk ez dugu halakorik egingo. Horregatik, uste dugu ekonomia ere geuk nahi dugun erara antolatzeko bidea dela independentzia.
Murrizketak nonbaitetik egitea derrigorrezkoa izango dela dirudi. EH Bilduk nondik egingo lituzke?
Garbi dago gure lehentasunak ez direla azpiegitura handiak edo aberats handienen aldeko jokaerak, edo diru xahutze nahiz bankuen gehiegikeriak estaltzeko politikak. Politika soziala bultzatu nahi dugu, eta politika sozialak esan nahi du ongizate maila txukun bateko gizarte bati begira, denontzako zerbitzu publikoak; eskubide berdintasuna bermatzea; eta lehentasunen artean osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak egotea. Kultura ere eskubide bat da, nahiz eta askotan ahaztu egiten zaigun, eta gainera definitu egiten gaitu herri bezala eta nazio bezala.
Gutxitzekotan, lehen esandakoa: aberastasun handiei heldu behar zaie, fiskalitate zorrotza ezarriz, eta azpiegitura handien kasuan, eredu parte-hartzaile batetik abiatuta jendeari galdetu behar zaio eta gauzak hausnartuta egin behar dira. Jendeak noraino iritsi nahi duen, guk haraino iritsi behar dugu. Administrazioan ere egongo dira murrizketak ziurrenez: gutxiagorekin kudeatu litezkeen zenbait alderdi harmonizatu ahal izango dira.
Bikoiztasunez ari al zara?
Bai, uste dut alor horretan lan handia egin daitekeela. Bikoiztasunak gainditzera jo behar da, horiek hobetzera. Eta behetik gora egituratu behar da; garrantzia eman behar zaio gure tradizio kooperatiboari. Auzolanaren filosofia indartu, enpresa eta egitura txikiak sustatu behar dira. Azken batean, edozein jarduera zenbat eta gertuagokoa izan, askoz aberasgarriagoa gertatuko zaigu herri bezala. Horregatik ari gara beti subiranotasuna eta independentzia azpimarratzen, ikusten dugulako kanpotik datozkigun ereduek ez digutela balio eta Espainiatik edo Frantziatik datozenak gehienetan direla errepresioa edo ezaren erreinuaren ingurukoak. Horren aurrean geure baliabideak geuk kudeatu behar ditugu. Eta ekonomian ikusten dugu nola doazen gauzak Urola Kostan...
Hain zuzen, eskualdeari buruz galdetu nahi nizun.
Eskualdean lau urtean bikoiztu egin dira langabeak. Enpresetan adibide oso larriak ditugu, Corrugados kasu... Hortaz, deskapitalizazioa eta deslokalizazioa posible egiten duten ereduetatik urrundu egin behar dugu. Azken batean, gutxieneko zerbitzu horiek bermatu eta bertako ekonomiaren baloreak altxatzen joan behar dugu.
Eskualdean industriak pisu handia du. Ekonomikoki proiekturik ba al duzue gurerako, edo beste proposamen orokorragorik ekar al liteke?
Nik badakit udal mailetan ari direna lanean arlo horretan, baina ez dut dudarik egiten horri helduko geniokeela. Gure programan aipatzen da eskualde mailako garapena. Garapen hitzak beldur pixka bat ere ematen dit, pentsatzen dudalako neurri handi batean desgarapenera ere jo beharko dugula. Hau da, sistema aldaketa aipatzen ari gara, beste modu batera bizi behar dugula, eta seguraski birbanaketaren printzipiotik abiatuta, pentsatzen dut beste eredu batera joan behar dugula: dagoena, gutxi edo asko, banatu hobeto eta horrek aberatsago egingo gaitu denok, ziur.
Eta, ekonomia suspertzeko?
Plangintzak bultzatuko ditugu, nola ez, bai sektoretakoak, bai eskualde mailakoak. Betiere, eragile sozialekin, sindikalekin, udalekin eta inguruko herri mugimenduekin kontatuz.