Imanol Lazkano: "Plazari izu izugarria izan diot beti"

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2012ko urr. 28a, 15:30

Imanol Lazkano.

1936ko urtarrilaren 12an Azpeitian jaio zen bertsolaria. 1982 eta 1989ko txapelketa nagusietako finalista, 50 urtetik gorako ibilbidearen ostean, abenduan esango dio agur plazaz plazako jardunari. 1987tik 2005era Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan da, eta 2003an 'Aho-bizarrik gabe' izeneko memoria liburua argitaratu zuen. Bertsolari lanak etxegintza enpresako zuzendaritzarekin uztartu ditu. 'Argia'-k elkarrizketa egin dio azken zenbakian.

Euskal Herrian, zergatik dira enpresari asko eta asko baserritarrak?

Baserria delako munduko unibertsitaterik osoena. Haurrak, jaiotzen den momentutik, naturarekin harreman zuzen-zuzena izaten du eta oharkabean txertatzen zaio naturaren funtzionamendu osoa. Inork esplikatu gabe ikasi nuen amak egiten zuela umea. Behiak, txakurrak, txerriak, erditzen ikusten nituen, oiloak arrautzak jartzen, eta begi bistakoa zena ondorioztatu besterik ez nuen egin. Gero, hainbeste lagun biltzen gintuen sukaldeko mahai handi hartan, egunero kontatzen zizkigun amonak azokako gorabeherak: zenbatean saldu zuen esnea, zenbatean zeuden arrautzak, zenbat ordaindu behar izan zuen olioa… Dena. Etxean behi bat erosi behar bazen, mahaiko tertulian eta haurren bistan hartuko zen erabakia, eta guk behia erosteko sosak txekorrak salduta eskuratuko genituela natural-natural entzuten genuen. Beharra bezalako maisurik ez dagoenez, baserrian sortzeak munduaren errealitatean murgilduta bizitzea dakar. Hori gutxi ez, eta oinez ikasi orduko ardurak eransten zizkiguten, gurasoak siestan zeudenean etxeko erremintekin gure jostailuak sortzen genituen... 14 urterekin kalera lanera hasi ginenerako gizon koxkorrak eta erdi ofizialeak ginen! Pentsamendua lantzen ohituak geunden, lan-tresnak erabiltzen saiatuak, eta naturaren logika eta negozio sena barneratuak geneuzkan. Gaur egun, enpresariak sortzeko unibertsitate bereziak daude, baina lehengo baserri askotan debalde ikasten zen hori, inolako konpromisorik gabe.  

Orduko gizarteak zer konpromiso zuen hitzarekin? Zer zen hitza zuentzat?

Gure jolaserako tresna. Elkarrengana bildu eta elkarrekin gozatzeko aukera zen hitza. Hitz egitea zen orduan balio zuena. Batzuetan serio, bestetan umorez... Hitzak gaur baino balore gehiago zuen. Aurrerapenaren izenean egin dugun mundu madarikatu honetan jendea geroz eta bakartiago bizi da. Azpeitia baino herri handixeagoetara joan eta etxe-orratz altu horietan bizi den jendea diruz aberatsa izango da baina errukia ematen dit. Etxeratzeko igogailuan sartu eta bakarrik nahiago. Otordu garaian telebista martxan. Etxean zenbat lagun bizi diren hainbeste ordenagailu. Oso bizimodu bakartia egiten dugu, elkarrekiko komunikazio gutxikoa, eta horrek, nire ustez, pertsonaren nortasunari aberia handia egiten dio. Pertsona abere bat da, eta beste abere asko bezalaxe, taldean ibiltzekoa dela esango nuke. Oraindik ere, giro sano-sanoan bizi diren 80 urteko aitonak irribarretsu ikusten ditugu eta zenbat 20 urteko gazte samindu… Lagunarteko elkarrizketa, penak eta pozak elkarri kontatzea, elkarrekin gozatu eta sufritzea, horixe da niretzat gizakiaren mundua.

Zuretzat hitza apustua ere ez ote den...

Jakina, jolaserako erreminta apustu bihurtzen da. Bertsoa ere horixe da, azken batean. Herri batera bertsotara banoa, alferrik izango da ondokoa bertsolari onena, ahal badut hobea kantatuko dut nik. Bertsolarien artean aparteko lagunartea ezagutu dut beti, baina lagunik handienari ere ez diot sekula barkatu. Ez dut sekula bertso txarragorik bota ondokoa ondo gelditzeagatik. Jolasa eta aldi berean apustua. 13-14 urterekin Santa Ageda eskean hasi nintzen kantuan, eta aurreko hilabeteetan, orain txapelketarako egiten den bezain prestaketa serioa burutzen genuen. Inguruko baserrietako ate ondo guztietan kantatzen genuen gure gisa, eta eguna heltzean, egurra. Beranduxeago ere, erromeriara joaten hasitakoan, aste osoko buru-gimnasia jai arratsaldean gu bezalako sasi-bertsolari batekin egingo genuen saiora begira egiten genuen. Gustuko neska bati lagundu eta gustuko bertso saioa irtenez gero jai arratsalde borobila zen guretzat. Horixe zen gure bertso eskola. Ez dago sekreturik, bertsotan aurrera egin nahi duenak ofizioaren mozkorra izan behar du, afizioa baino gehiago bizioa. Bertso eskolan dabiltzanei askotan esaten diet: “Astean behin bildu, bertsoekin jolastu, eta elkarrekin trago batzuk hartuta konforme bazaudete primeran, baina norbaitek bertsolari izateko ilusioa badauka bertso eskolako ordubetea du aste barruan bakarka egin duen lana erakusteko eta beste astebeterako indarra hartzeko tokia”. Segi, segi eta segi, ez dago besterik. Bertsoa ez baita errimatzea eta neurtzea bakarrik, munduari aurrez aurre begiratu behar zaio, datorrena datorrela zure galbahetik pasa, eta zentzu handi batean, horretarako bizi behar zara. 

Zu plazaz plazako ibilera eta enpresari lana uztartuz bizi izan zara urtetan. Sortu dizu horrek kriki-krakarik?

Norbere nortasunaren araberakoa da hori. Zabiltzan lekuan egiten duzunarekin bakean bazaude, agintzen dizuten paperetik lasai asko eman dezakezu iritzia. Hor ez dut arazo gehiegirik izan. Gainontzean, bertsoa gazte-gaztetako bizioa izaki, arnasa eman izan dit bertsotara joateak. 1986an, artean nahiko enpresa gaztea ginela, ordainketak eten behar izaterainoko zaparrada eman ziguten Zumarragako obra batean genbiltzala. Enpresa nire izenean zegoen, eta ufa, ez ziren garai ederrak. Harrigarria bada ere, une estu haietan bertsotara joatean soilik ahanzten nuen loa kentzen zidan enpresaren zama. Freskagarria zitzaidan nire munduan sartu eta gainontzekoa ahanztea, eta nire mundua, bertsoa izan nonbait.

Zure mundu horretan, unean uneko bertsokeretara egokitzeko ahalegina egin duzu beti.

Bertsolari bakoitzak izaten du bere pentsaera, eta gustuko ispiluan lantzen du bere burua. Ni munduarekiko zabalik egoten saiatu naiz. Bertsolari belaunaldi bat, sekulako bertsolariz osatua egonagatik, Elizaren eta orduko giroaren mendeko mezu zaharkituekin itzali zen. Horregatik, onena izanagatik, ez nau sekula bertsokera bakar batek itsutu. Gustatu zaizkit Lasarteren txukuntasuna eta errima, Lazkao Txikiren umorea, Xalbador-en sakontasuna, Agirreren ziria, Joxe Lizasoren garboa… Zergatik ez ahalegindu bakoitzetik ahal bezainbat lantzen? Ni horretan saiatu naiz, munduari aurrez aurre begiratuz, eta gaurkotasuna nire iragazkitik pasaz. Ez dut inoiz sinetsi lehengoa dena ona eta gaurkoa dena txarra denik, eta gustagarria edo ona iruditu zaidana nirean txertatu besterik ez dut egin.

Alabaina, gerora, zure belaunalditik euren berezko bertsokerari eutsi diotenak baloratu dira gehien.

Hala da. Gutxi gorabehera azken 100 urte hauetako bertsolariak ezagutu ditut, eta oraindik ez ditut bi berdin topatu. Herriak onartu duen bertsolari bakoitzak dauka bere xarma puntua, bestela ez litzateke onartua izango. Orduan, bakoitzak saltzen duena eskatzen du herriak, eta nahi ala ez, horren arabera ere lantzen du bertsokera bertsolariak. Joxe Agirrek esan dituen gauza askok ez dute tutik balio nik esanda, ezta Andoni Egañak botata ere. Joxe Agirrek bere bertsokera landu du, lehengo klasikoetako azkena izan da, jendeak horixe eskatzen zion, eta berak horixe eman. Bakoitza den bezalakoa delako egiten du ahalegina bere eremuan, eta zer ederragorik bertsolari bakoitzak bere nortasuna edukitzea baino. Horixe da gakoa, inork ez du plastikozko bertsolaritzarik nahi.

Pertsonalki zer utzi dizu Euskal Herriko Bertsozale Elkartean egindako ahaleginak?

Hainbeste iritzi ezberdin eta hainbeste eztabaida egosten ziren marmitaren parte izateak nire burua janzten lagundu dit. Izan dira urte zail-zailak baina beti eutsi diogu baikortasunari. Bilera gogorrena bukatzean ere, trago bat edo beste hartu, umore ederrean kontuak esan, eta ilusioz beteta itzultzen ginen etxera. Horrek asebete nau, oso eroso sentitu naiz beti. Baliteke denbora gehiegi egon izana lehendakaritzan, baina nik dena zor diot bertsolaritzari, eta dena zor duenak ezin ezer ukatu. Iñaki Murua segida hartzeko prest agertu zenean oso gustura laga nuen kargua, ez deseroso nengoelako, elkartearentzat ni baino jende gazteagoa eta gaurkotuagoa komeni zela sinetsita nengoelako baizik. Elkarteak orain arteko filosofia eta talde giroari eusten badio asko dauka emateko. Bertsolaritzari lagundu nahi dionik badago, beti izango ditu ateak zabalik. Heldu garen tokira heldu bagara hainbeste jenderen musu-trukeko lanari esker da, eta geroz eta profesional gehiago egon arren, aurrerantzean ere horixe izango da elkartearen motorra.

Elkarteko lehendakaritzatik ez ezik enpresatik ere jubilatu zinen. Nola ikusten dira etxegintzaren burbuilaren leherketa eta bizi dugun krisia erretiroaren talaiatik?

Betikoa pasa da. Azpeitia inguruko baserri erdiak-edo markesenak, kondeenak edo dukeenak ziren, eta Azpeitian bezala Espainiar penintsula guztian. Espainia, eta hari lotuta Euskal Herria, beti egon da handiki batzuen menpe. Horiek mugitu dute dirua, aldian aldiko agintariak morroi bihurtuz, eta morroi zintzoenak sarituz. Aurrerapenaren izenean diruarekin dirua egiten hasi ziren, eta burbuila horretan gastatu dute zeukatena eta ez zeukatena, jendeari zoriona kontsumoa zela sinetsaraziz. Gure gurasoek dirua aurreratzea dirua gordetzeari esaten zioten, baina orain eduki aurretik gastatzeari esaten zaio! Noren buruan kabitzen da oporretara joateko kreditu bat ematea? Baina holaxe ibili gara, denak aberatsak ginela sinetsita, eta makinak pot egin duen garaian komeriak. Orain garbi dagoen bakarra da aberatsak lehen baino aberatsago izango direla denon diruarekin erreskatatuko ditugulako, eta beste guztiei arrastaka ibiltzea tokatuko zaiela. Gainera, oraintsu arte dena diruaren mugimenduan oinarritzen zenez, jauntxoak “ez al ditugu langileak ongiegi ohitu?” pentsatzen hasita daude eta konpetenteak izateko orain 80 urte bezala langileak esklabo bihurtzeko ideia darabilte buruan. Txikia txikitzera doaz, edozer onartu dezan makurraraztera, baina era berean irteerarik gabeko paradoxa baten menpe daude. Sistema osoa kontsumoaren inguruan muntatuta badago, nola kontsumituko du kontsumitzeko dirurik ematen ez zaionak? Horrexegatik bizi dugu konpontzeko itxurarik ez daukan eta nik ezagutu dudan krisirik gorriena. 

Erretiroaren katearekin segituz, plazetako ibilbideari agur esango diozu aurten.

Alde batetik pena ematen dit. 50 urtetik gorako ibilian, Euskal Herri osoan lagun-giro bat osatzen duzu, familia bat, eta horrekin moztea ere bada plazatik erretiratzea. Baina bestetik, aurrekoan Joxe Agirreri esaten nion bezala, bertsolari batek ez du herri batera errukia ematera joan behar. Umorea saldu eta sasoia erakusteko dago bertsolaria. Gainera, agian neurtu eta errimatzearekin konformatu ez naizelako, plazari izu izugarria izan diot. Milaka bertso kantatuko nituen plazan, baina sinesten al duzu ez naizela sekula gustura hasi? Gero bai, izotza hautsi, herriarekin konektatu, eta gustura jardun milaka aldiz, baina bat-batekotasun horretan bizitzako egun onena edo txarrena izango duzun ez denez probatu arte jakiten, izu izugarri hori nirekin eraman dut beti. Hori adinean gora joanda ez da gutxitzen, eta zertan ibili behar dut nik nerbioak aidean? Badakit zerbait txukuna egin badut eginda dagoela, eta egiteke utzi badut, ez dudala aurrerantzean egingo. Zer arraio, bere garaian erretiratzen jakiteak ere badu bere grazia.

--

Ziria

"Onerako eta txarrerako herri adar-jotzailea, burla egiten ona, izan da gurea. Harrotik ere dezente daukagu azpeitiarrok, eta azkoitiarrei iseka egiten gustura egoten gara, baina azkoitiarrik ez badago elkarri sartzen diogu ziria. Uste dut gimnasia horretan izugarri trebatzen dela pertsona, baina gaur egun zailagoa da hizketarako guneak topatzea. Tabernetan, esaterako, ez dago hitz egiterik, ezta entzuten ari zarena musika edo txakur borroka den antzematerik ere".

Euskaraz

"Ume koxkorrak ginela, guri eskolak ematen zizkiguten maristak, herriko bederatzi komentutan zeuden erlijioso mordoxka, dozena erdi bat guardia zibil eta herriko jueza izango ziren Azpeitian euskaraz ez zekiten bakarrak. Entzuten genuen Donostiara joandako hemengo jendea multa bat edo beste ordainduta zegoela euskaraz hitz egiteagatik, baina Azpeitian ezinezkoa zen horregatik zigortzea, %50ak baino gehiagok hitzik ez zekielako erdaraz, eta ondorioz, ezinezkoa zelako erdaraz hitz egitea".

Azpeitiko plaza

"Uztapideri entzunda nago berezia zela Azpeitiko plaza. San Tomas eguneko saioa hamabiak puntuan hasten zen, eta bertsolariak udaletxeko balkoira ateratzen zirenean hamar bat lagun baino ez ziren egongo. Laugarrenak agurra kantatzerako ordea, inguruko tabernetatik ateratako jendearekin plazak gainez egiten zuen, denak erne, ez bertsoak entzuten bakarrik, saioa jaten".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide