Inazio Egaña: "Indarrak batu behar izan ditugu, krisiak asko eragin digulako"

Uztarria.eus 2012ko aza. 7a, 12:38

'Pastelak' ekimena abian jarri duten gozogileak aurkezpen ekitaldian. Goian ezkerretik bigarrena da Inazio Egaña. (Hirutxuloko Hitza)

Egaña gozotegiak eta Gipuzkoako beste zortzi gozogilek Pastelak ekimena abiatu dute, "sektorea goitik behera zetorrela ikusi" dutelako. Uztarria.com-ek Inazio Egaña Egaña gozotegiko nagusiarekin hitz egin du.

Gipuzkoako bederatzi gozogile artisauk Pastelak ekimena jarri dute abian, eta tartean da Egaña gozotegia ere. Inazio Egaña Egaña gozotegiko nagusiaren arabera, "artisau lana egin eta gozogintzaren ofizioa maite dugunok elkartu gara, urtean zehar ekimen jakin batzuk egiteko".

Zehaztu dituzte jada aurten egingo dituzten zenbait ekimen, eta laster izango da aurrena: "Diabetearen Kontrako Eguna da azaroaren 14an, eta pastel bat sortu dugu gaixotasun hori duten bezeroentzat. Ikusten genuen jende hori baztertuta genuela. Egiten genituen pastel batzuk enkarguz, baina zer eskaintzen genuen eta zer eskari zegoen aztertuta, aurkitu ditugu genituen gabeziak. Horrenbestez, azukregabeko txokolatezko petissus bat egin dugu egun horretara begira, eta A14 izena jarri diogu".

A14 ez da, ordea, Pastelak-en baitan egingo duten ekimen bakarra. Gabon ingururako ere ari dira zerbait prestatzen eta, besteak beste, Euskal Herriko gozogile guztiekin bilgunea osatzea aurreikusten dutela azaldu du Egañak. Datorren urterako ere, "horrelaxe, ekintza konkretuak egiteko asmoa daukagu", gainera du.

Azpeitira ere bai

Taldea Donostian oinarritu dela azaldu du azpeitiarrak: "hasi Donostian egin gara, baina bederatzi gozogileok geure dendetan ere ekintzak egingo ditugu. Ekimen batzuk lehenengo Donostian egingo ditugu, probatzeko, baina gero Azpeitira ekartzeko asmoa ere badugu".

Gainbeheran

Pastelak ekimena abian jartzearen arrazoi nagusia "sektorea goitik behera zetorrela ikustea" izan dela adierazi du Egañak: "indarrak batu behar izan ditugu, krisiak asko eragin digulako, eta horrelako ekimen baten beharra genuen bultzada emateko gozogintza-artisauari". Finean, "etorri da egoera ekonomiko hau, eragin egin digu eta egoera hori baliatuz ekin diogu ekimenari. Bai ala bai, zerbait egin behar zen, eta martxan hasi gara".

"Urteetan ari ginen zerbait egin behar genuela esaten. Bi gozogile elkartu ginen hasieran, eta bost, geroago. Azkenean, bederatziko talde txikia osatu dugu. Badakizu, 40 gozogileri deituz gero, talde handia osatuz gero, ez ginen sekula ados jarriko. Baina, gainontzeko gozogileei irekita dago ekimena, beti ere artisauak badira eta filosofia horri jarraitzen badiote, gozogile industrialarekin ez genuen nahi taldea osatu-eta".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide