Kirolari izateko bi era

Urola Kostako Hitza 2012ko aza. 8a, 17:02

Azpeitia-Azkoita Iraurgi Saskibaloia taldean ari dira Ibon Guridi eta Jaroslav Fohler, Zilarrezko LEB ligan. Azpeitiarra ikaslea eta langilea da; txekiarra, aldiz, saskibaloirako bakarrik bizi da.

Azpeitia. Aste barruko edozein egun. Ibon Guridi (Azpeitia, 1992) lanera doa, Meola tabernara. Bost bat ordu egingo ditu bertan. Gero, asteartea edo asteazkena bada, Donostiara joango da, Enpresaritza ikasten ari baita. Handik bueltan, kiroldegira joko du, entrenatzera taldekideekin.

Azpeitia. Aste barruko edozein egun. Jaromir Fohler (Olomuc, Txekiar Errepublika, 1985) gosaltzera doa Iraurgi Saskibaloi Taldearen tabernara. Gero, gimnasiora joango da ariketak egitera. Bazkaldu ondoren, atseden hartuko du entrenamendua iluntzean bada, eta bestela entrenatzera joango da taldekideekin.

Horra bi saskibaloi jokalariren egunerokoa. Taldekideak dira, Azpeitia-Azkoitia Iraurgi Saskibaloi Taldean. Zilarrezko LEB ligan jokatzen dute, klubeko talde nagusian. Taldekide guztiek irabazten dute dirua saskibaloian jokatzeagatik, baina denen eguneroko bizimodua ez da bera. Kirolari izateko bi era uztartzen dituzte taldean.

Fohlerrek lehen urtea du Azpeitian: "Aurretik Kanariar Uharteetan jokatu nuen bi urtez, Gran Canaria eta Vecindario taldeetan. Gero, etxera itzuli nintzen; hiru denboraldi osatu nituen han, eta orain, hemen nago". Gogoa zuen Espainiako ligaren batean berriz aritzeko: "Nire ordezkariari esan nion aukerak begiratzeko, eta Azpeitikoa atera da". Ez zuen herriaren berririk: "Mapetan begira hasi nintzen, ea non dagoen, eta ikusi nuen Donostiatik eta Bilbotik gertu dagoela, Euskal Herrian". Ez zaio damutu etortzea: "Gustura nago, leku lasaia da, saskibaloian aritzeko kontzentrazioa lortzeko egokia".

Beste hiru taldekiderekin bizi da, klubak lagatako etxebizitza batean, Sanjuandegin. Lance Kearse estatubatuarra, Antonio Pantin galiziarra eta Guillermo Justo kanariarra ditu pisukide. Laurek egiten dute bizimodu bera: "Bederatziak aldera gosaltzen dugu, eta gero hasten ditugu entrenamenduak. Horretarako gaude". Baina eguneko ordu denak ez dituzte kirolari emanak. Beste gauza batzuk egiteko astia ere badute. Fohlerrek, esaterako, aukera Donostia ezagutzeko baliatu du: "Joan nintzen bertara, eta Bilbora ere bai. Frantzia gertu dago, eta hara ere joan nahiko nuke. Bestela, Ligaren baitan, Kanariar Uharteetara eta Mallorcara joaten gara jokatzera, eta aukera ona da bidaiatzeko. Gustatzen zait bidaiak egitea". Saskibaloia ikusten gozatzeko ere leku egokia da Euskal Herria: "Hiru talde daude ACB ligan, eta Donostiara joan izan naiz Lagun Aro ikustera. Aukera ona da ACB ligaz gozatzeko".

Liga gorena aipatuta, bertan aritzeko aukeraz galdetu zaio: "Ametsa da, eta motibazio handia ematen du hori lortzeko aukera izateak, baina ez dakit ahal izango dudan. Nahi, nahi dut, baina...Hala ere, Espainiako liga batean aritzea ametsa da niretzat, eta betetzen ari naiz. LEB ligan aritu nahi nuen, eta hemen nabil".

Ez dauka maila gorenean aritu beharrik azpeitiarrek kalean ezagutzeko. "Badakite nor garen, gure gorpuzkerak salatzen gaitu, nolabait esateko". Pozik da herrian eta herritarrekin: "Jende jatorra da, ona". Gauez ibiltzeko egokia izatearen ospea du herriak, baina Fohler oso profesionala da. "Gutxi ibili izan gara gauez. Behin egin genuen taldeko afaria, eta orduan izan zen. Gustatzen zait ateratzea, baina ez da ona saskibaloian jokatzeko parrandan ibiltzea, eta apenas ibili izan gara".

Atzerrian jokatzeak aukera ematen dio beste kultura bat eta beste herrialde bat ezagutzeko, baita beste hizkuntza batzuk ikasteko ere: "Ingelesez eta gaztelaniaz ondo moldatzen naiz, eta euskara ere ikasten ari naiz, taldekideekin eta. Baina zaila da, txekiera bezain zaila". Pisukideekin gaztelaniaz eta ingelesez mintzo da, eta bere kasa dihardu gaztelania ikasten. Denbora librea edukitzearen alderdi ona da hori.

Familia urrun dauka, baina ohitu da. "Ez naiz umea, 27 urte dauzkat dagoeneko. Haiek hona etortzea zaila izango da, eta ea Gabonetan aukera dudan nire herrira bisitan joateko, familia ikustera".

Horiek dira txekiar baten bizipenak Azpeitian. Nolakoak ote dira azpeitiar jokalari batenak herriko taldean?

"Bidaietan ezin dut ikasi

Ibon Guridi gazteagoa da, eta beti jokatu izan du herriko taldean. "Ni ez naiz hau bezalakoa [Fohlerri buruz ari da] taldez talde ibiltze horretan. Honek buelta mordoa eman duen bezala, ni hemendik ez naiz atera ere egin". Aurreko denboraldian izan zuen lehen taldean jokatzeko aukera, baita egungoan ere. "Aukera ederra da, oso maila ona dago LEB liga honetan. Taldeak oso onak dira, krisiaren eraginez gutxitu egin direlako, eta jokalari onak gurea bezalako ligetan ari direlako. Handia da niretzat liga honetako partaidea izatea".

Lehiakortasun handia egonik eta Espainiako ligen artean hirugarrena izanik, ezinbestekoa dute asko entrenatzea. Baina Guridik ez du egun osoa horretarako: ikasketak, lana... "Aste barruan hainbestean moldatzen naiz. Ez naiz egunero joaten klasera. Okerrena bidaiak dira. Bi astez behin joaten gara kanpora jokatzera, eta egun bat edo asteburu osoa galtzen dugu". Txarrena dela dio, ikasteko aukerarik ez duelako izaten. "Autobusean ezinezkoa da ikastea. Pelikula jarrita dagoela, musika dela, karta jokoan dabiltzala, ezin ikasi. Iaz eraman izan nituen liburuak, baina alferrik, ez nuen sekula ere ikasi. Aurten, eraman ere ez ditut egiten". Eta azterketetan? "Aste barruan ikasi behar izaten dut, asteburuetan ezin izaten da eta".

Bestela, bidaien zama arina egiten zaiola dio: "Ia beti autobusean mugitzen gara. Jendeak esaten du luze egiten direla zortzi orduko bidaiak eta, baina taldekideen artean giro ederra dago, eta horrek arindu egiten du orduen zama. Jokoak direla, pare bat orduko siesta egiten duzula, eta pelikula bat ikusten duzula, ia-ia bidaia osoa eginda daukazu". Giro onarena aipatu du. Ezinbestekoa izaten da edozein taldetan emaitza onak lortzeko. Iraurgin, eusten diote giro atseginari: "Batzuek lana egin edota ikasi beharra, eta besteek honetara egun osoa emateko aukera izateak ez du eraginik giroan. Urtea saskibaloiaren kontura bizi dutenak taldearen erreferentzia direla badakigu besteek. Horretarako ekartzen ditu klubak. Azken batean, hauek urtekoa ateratzen dute hemen, ez dut uste asko aterako dutenik luzera begira. Oso garbi daukagu denok zertara datozen, taldeko erreferentziak izatera, eta normaltasunez hartzen dugu".

Giro on horri eusteko, kirolari emandako orduetatik kanpokoek ere garrantzia handia daukate. "Uste dut asko laguntzen diegula hemengoek kanpokoei herrian-eta barneratzen". Fohlerrek baietz esan du segituan: "Asko laguntzen digute. Familia bezalakoa gara, eta garrantzitsua da kanpotik gatozenontzat". Guridik azaldu du zer egiten duten kiroletako orduetatik kanpo: "Ni neu dezentetan egoten naiz hauekin. Egunean zehar astirik ez daukat, baina partiden ondoren bai, eta aukera hori baliatzen dugu. Amerikarrarekin ezinean ibiltzen naiz, ingelesa ez dudalako ondo menderatzen [barrezka]".

Herrikoa izanik, ezaguna zaie azpeitiarrei Guridi saskibaloi jokalaria dela: "Tabernara datorren jendeak galdetu egiten dit non jokatu behar dugun asteburuan, eta zer moduz gabiltzan. Gaur [atzo] esaterako, gauza bitxia gertatu zait tabernan. Gizon batek esan dit aurrekoan konturatu zela ni nintzela saskibaloian jokatzen ari zena. Joan zen gure partida ikustera, eta orduan lotu zituen tabernaria eta jokalaria< bat eta bera direla".

"Ea poza ematen dugun"

Eguneroko martxa eta ibili horiek bizitzeko aukera kirolak ematen die. Eta kirol jarduna ere hizpide hartu behar. Dotore ari da Iraurgi Zilarrezko LEB ligan: lehen postuan da, hiru partida jokatu eta hirurak irabazita. Pozik dira bi jokalariak, baina ez dute burua galdu: "Ondo hasi gara, baina gal ditzakegu 17 partida segidan. Gainera, irabazita dugun partida bat zintzilik daukagu, 13 minutu jokatzeko geratu zirelako", esan du Guridik. Fohlerrek joko onari eman dio garrantzia: "Ondo jokatzea da garrantzitsua, eta ahalik eta partida gehien irabaztea. Horrela segitu behar dugu". Guridik Ligan dagoen berdintasuna nabarmendu du: "Edozeinek edozeini irabaz diezaioke. Talde polita da gurea, eta gainera, herriko jokalariei aukera ematen digu jokalari eta pertsona bezala hobetzeko. Ea pozen bat ematen dugun Ligan amaieran!".

Horrela bukatu da solasaldia bi kirolariekin. Entrenamendua zain dute. Eta gero, eguneroko martxa: lana eta ikasketak Guridik; saskibaloia Fohlerrek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide