Mikel Martinez: "Batzuetan, badirudi barre egitea fribolitate hutsa dela"

Urola Kostako Hitza 2012ko aza. 9a, 16:46

Mikel Martinez, 'DBH' telesaileko pertsonaian. (ETB)

Patxo Telleriarekin bikote artistikoa osatzen du, eta bihar (azaroaren 10a) Azpeitiko antzerki topaketetan izango dira biak, solasean eta antzezten.

Ez Dok Hiru-Bikoteatro antzerki taldearen erdia da Mikel Martinez (Lizarra, 1955); beste erdia, Patxo Telleriak osatzen du. Biak ala biak Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketan izango dira bihar. Lehenik eta behin, Euskal teatro berri baten beharra: euskal komedia mahai-inguruan hartuko dute parte; Sanagustin kulturgunean, 12:00etatik aurrera. Ondoren, iluntzeko saioan, Lingua nabajorum antzezlana taularatuko du­te, Tartean Teatroarekin el­kar­lanean, Soreasu antzokian. Ikuskizuna hasi baino lehen, 21:30ean, Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak III. Antzerkizale Saria banatuko du.

Saio bikoitza duzue larunbatean. Oso ezberdinak dira bi saioak, gainera: alde batetik, mahai-ingurua eta, bestetik, antzezlana.

Lehen saioa ez da antzezlan bat izango. Ehazek euskarazko antzerkiari buruzko mahai-inguru  bat egitea pentsatu zuen, eta nik Gabriel Arestiren hitzalditxo bat aurkeztea proposatu nien. Hasiera batean, antzeztea bururatu zitzaidan, baina azkenean ez dut egingo. Ez diot ikusten antzeztua izateko bezainbesteko entitaterik, baina saiatuko naiz apur bat hark jartzen zuen bizitasuna, nerbioa eta indarra jartzen. Jendeak bisualizatu dezan, nolabait ere, Gabriel Aresti.

Patxo Telleria, Esther Uria eta hirurok ariko zarete mahai-inguruan, Euskal teatro berri baten beharra: euskal komedia gaia lantzeko. Komedia beharra al du Euskal Herriak?

Mahai-inguruaren gaiak Gabriel Arestiren dokumentuaren izenburua darama. Hori aitzakia harturik abiatuko gara solasean. Arestik komedia esaten duenean, oro har, antzerkia esan nahi duela uste dut. Komedia eta dramaren artean galdetuz gero, komediarekin jendea errazago erakartzen duzu. Horrek, ordea, ez du esan nahi errazkeria denik. Antzerkiak drama, komedia, entremesa eta dena delakoa behar du, baina betiere ongi eginda, beste edozein gauzetan bezala. Jendea hunkitu behar du, dela negarrez dela barrez.

Azken urteetan oihartzun handiena izan duten antzezlanak umorezkoak izan dira: Kutsidazu bidea, Ixabel; Bodologuak edo Ez Dok Hiru-Bikoteatrotik osatu duzuen trilogia.

Komediak edozein publiko gerturatzen du, orokorrean. Gizartea, agian, gehiago dago barre egiteko prest. Batzuetan, ordea, badirudi barre egitea edo gauza komiko bat ikustea fribolitate hutsa dela. Eta horrek ez luke horrela izan behar. Umore mota asko dago, eta hori oso gustuko dut ikusle nahiz egile naizen aldetik. Askotan barre egiten dugu, baina oso gai serioen inguruan ari gara, eta kontraste hori oso polita da.

Zuek, Ez dok Hiru-Bikoteatroan, komedian bereizituta zaudete, eta, azken urteetan, euskararen ajeak jorratzen dituzue modu umoretsuan. Euskaldunok geure buruaz barre egiten dakigula erakusteko?

Bai, baina ez da erakusteko bakarrik, baizik eta geure buruaz barre egiteko. Izan ere, oso osasungarria dela iruditzen zaigu. Baditugu kezka sozialak, politikoak edo linguistikoak, eta horiek denak oso era beldurgarrian bizi eta sufritzen ditugu. Jakina, horiek serioski hartu behar ditugu, baina distantzia pixka bat hartuz, horien inguruan barre egitea osasungarria dela iruditzen zaigu. Bikoteatrotik ere saiatzen gara gauza batzuk azaleratzen, eta horiekin barre egiten.

Trilogia bat osatu zenuten hasieran, Euskara sencilloaren manifestua (2002), Larru haizetara (2005) eta Euskarazetamol (2009) lanekin. Orain, bigarren trilogia bati hasiera eman al diozue Lingua nabajorum antzezlan berriarekin?

Oraingoz, trilogiaren laugarren alea dela esaten dugu. Ildo berekoa da, baina aldaketatxo bat egin dugu, ikusleak antzemango duena. Beste hiru lanak oso sinpleak ziren estetikoki, eszenografikoki eta jantzien aldetik, eta xehetasun horiek askoz gehiago landu ditugu lan berri honetan. Teatralagoa dela esango nuke; hau da, gainerakoak baino gehiago sartzen da begietatik. Bisualagoa da, nolabait esateko.

Kasu honetan, euskararen bilakaera historikoa aurkeztuko duzue.

Bai, hori da. Teatralitate horrekin jolastuz, historian zehar bidaiatzen dugu: Big Bang-a, Edan eta Epa (Adan eta Eba), Ekain eta Ubel (Kain eta Abel), Oinatz eta Ganboa, Gernikako Arbola eta karlistadak... Gisa horretan, euskara nola bilakatu den kontatuko dugu era barregarrian.

Kontakizunaren arabera, euskal gizarteak izan dituen liskarren ondorioz sortu eta garatu da euskara. Teoria bitxia, ezta?

Hori da gure teoria, bai. Historikoki izan ditugun arazo eta liskarren ondorioz aurrera egin duela euskarak, eta bere bilakaera izan duela. Aurrerantzean ere berdina izango denez, euskararen etorkizuna oparo eta ziurtatuta dago. Hori litzateke gure tesi zoroa.

Eta euskararen etorkizuna bermatuta ikusten duzuenez, ildo honetako antzezlan gehiago izango al duzue?

Ez dakigu, egia esan. Antzezlan hauekin batera, beste hainbat kontutan ere bagabiltza azkenaldian: Larria, Kutsakorra eta Mendebaldekoa bakarrizketa lana antzezten; Patxo Telleriak, bere aldetik, Bypass filma egin berri du; eta ni neu DBH telesailean nabil. Horiez gain, haurrentzako antzezlanak taularatzen ditugu. Egia esan, gauza askotan gabiltza, eta saiatzen gara Ez Dok Hiru-Bikoteatroa zigiluaren baitan halako antzezlan komikoak egiten. Ezin dut ezer ziurtatu, baina segur aski bosgarrena egiten saiatuko gara datorren urtean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide