Erlo Telebista, 'Gurean gaur' proiektuan

Uztarria.eus 2012ko aza. 16a, 17:46

Gipuzkoako bost telebista albistegi bateratua ematen hasi ziren urriaren 1ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako ekimenaren barruan. Urtzi Oteizak, Erlo Telebistako langileak, esperientziaren lehen urratsak nolakoak izaten ari diren azaldu dio Uztarriari.

Goiena, Goierri, Erlo, 28. Kanala eta Hamaika telebistek elkarlaneko proiektu berriari ekin diote. Bakoitzak ekoiztutako saioak partekatzetik, elkarrekin Gipuzkoa osora hedatzen duten albistegia egiten hasi dira: Gurean gaur.  Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzada eman dio euskarazko tokiko telebisten ekimen berriari; 207.000 euroko laguntza emango dio aurten.

Urtzi Oteizak, Erlo Telebistako langileak, esperientziaren lehen urratsak nolakoak izaten ari diren azaldu dio Uztarriari.

Gipuzkoako bost telebistak bat egin duzue lurralde mailako albistegi bateratu bat egiteko.  Albistegia noiz ematen duzue?

21:30 buelta horretan ematen da, egunero, astelehenetik ostiralera. Urri hasieran hasi ginen emititzen. Arazotxo tekniko batzuekin gabiltza oraindik, eta beti ez gara ordu horretan emititzera iristen. Egunero-egunero albistegi bat sortzeak egundoko lana ematen du. 30-40 minutuko albistegia egiten dugu, eskualde ezberdinetako albisteekin. Denok Hamaika Telebistara bidaltzen ditugu geure edukiak, eta han editatu eta osatzen dute albistegia. Albisteak prestatzen ari garen bitartean, bidali aurretik, Hamaikakoei esaten diegu zer eduki bidaliko diegun, eta haiek albistegiaren eskaleta-eta osatzen joaten dira. Albistegiaren ondoren, baina bloke berean, elkarrizketen atala dago. Hori han egiten dute, Hamaikan, platoan.

Eta nola moldatzen zarete, Erlo Telebistan, eguneroko albistegi horretarako lanean?

Momentuz ez daukagu egunero eduki kopuru jakin bat sartzerik. Beste telebistetan langile gehiago ari dira beharrean, eta haiek bai, ia egunero edo egunero, albisteren bat sartzen dute albistegian. Erlo Telebistan, une honetan, bi langile bakarrik ari gara, Azkoitia, Azpeitia eta Zarauzko berriak lantzeko. Hori kontuan hartu dute eta, nolabait esateko, ez gaituzte estutzen. Gipuzkoa mailan interesa izan dezaketen albisteren bat dugunean bidaltzen dugu Gurean gaur-era.

Albistegi bateraturako edukiak lantzerakoan zer irizpide jarraitzen dituzue, oro har?

Guri, orain arte, bidali ditugun denak sartu dizkigute. Baina, argi dago, geuk ere irizpide batzuk jarraitu behar ditugula, albistegi horretarako zerk balio dezaken eta zerk ez erabakitzeko. Alde horretatik, beste eskualdeetako jendeari ere interesgarria egingo zaion informazioa bidaltzen saiatzen gara. Egia esan, orain arteko asteetan guk ez dugu albiste askorik sartu Gurean gaur-en, gutxieneko irizpide horrekin bat datorren ia ezer ez delako suertatu gurean.

Lehen esan duzu, Erlo Telebistan gaur egun bi langile bakarrik zaudetela. Nola moldatzen zarete lana aurrera ateratzeko?

Egoera oso juxtuan gaude. Jakina da: aurrekontu bat dago, lanerako jendea edukitzeko diru bat behar da, eta lehen genituen diru-laguntzak ez ditugu orain. 2011n murrizketa handiak izan zituzten diru-laguntzek, bereziki Zarauzkoek; lehen handik iristen zitzaigunaren laurdena baino gutxiago jasotzera iritsi gara. Eta sei langile ginen lekuan, orain bi gelditu gara. Lehen astean hiru saio egiten genituen, iristen zitzaizkigun albiste guztiak ematen genituen... Askoz lan gehiago egitera iristen ginen, noski.

Oraingo egoeran, noiztik ari zarete lanean?

Urtebete egingo dugu oraintxe. Beste alde batetik, teknikoki, gauzak erraztu egin zaizkigula ere esan behar da. Hain zuzen ere, Aldundiak proiektu honetara bideratu duen diru-laguntza gehienbat horretara dihoala uste dut; teknikoki inbertsio handia egin da, eta inbertsio horrek ahalbidetu du Gurean gaur egin ahal izatea. Orduan, biren artean ere nola edo hala moldatzen gara. Nik Azpeitiko eta Azkoitiko albisteak lantzen ditut, eta Gorka Eizagirrek Zarauzkoak. Lehen agian edukiak landuxeagoak ziren. Horrek ez du esan nahi orain ez direnik; baina, lehen albiste edo ohar txiki bat emateko asti gehiago hartzen bagenuen, orain ezin dugu halako albiste bat lantzeko lehen hartzen genuen denbora bera hartu, ez daukagulako.

LTDarekin eta, Azpeitian, Azkoitian eta Zarautzen zenbat jenderengana iristen zarete gaur egun?

Zaila da zehaztea, kopururik ez dugu ezagutzen. Kontuan hartu behar da, hori bai, antena bat jartzea falta zaigula, Arauntzakoa, batetik Urrestilla aldera eta bestetik Madalena-Soreasu aldera seinalea igorri ahal izateko. Horiek kenduta, gainerako emisioak LTD bidez ari gara egiten, baina ezin dugu jakin zenbat etxetan duten sintonizatuta eta zenbatetan ez.

Zuen programazioa Internet bidez jarraitzeko aukera ere badago, ezta?

Bai, eta hori gure edukiak hedatzeko bide ona da. Antena kontua bost urtean behin aldatzen ari den zerbait da eta ekonomikoki izugarrizko kostua dauka, bai telebista ikusten duenarentzat eta bai telebista emititu behar duenarentzat. Beste bide batzuk bilatu beharra genuen, eta hor zegoen Internet. Interneta goraka doan zerbait da, eta telebista ikusteko modu tradizionala, berriz, beheraka; hori nabarmena da. Adin batetik beherako jendeak errazago piztuko du etxean ordenagailua, telebista baino, eta telebista Internetez ikustearen ohitura ere gero eta gehiago ari da zabaltzen. Hor sartu beharra zegoen, eta hora egokitu beharra dago. Webgunea (www.erlotelebista.com) guztiz berritu genuen eta, gure ustez, nahikoa txukun jarri ere bai. Besteak beste, gure telebistaren programazioa on line ikusteko aukera eskaintzen dugu bertan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide