Abeltzaintzarako hesi birtualei buruzko proiektua garatuko dute bailaran

Urola Kostako Hitza 2012ko aza. 20a, 11:08

Loiola Berrikuntza da egitasmoko bazkide bat, eta lehen sektoreak teknologia berriak baliatzea du helburu.

 

 

Europa mailako Agripir proiektua aurkeztu dute Loiola Berrikuntza Fundazioko zuzendari Begoña Beobidek, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak eta Herrialde Katalanetako Generalitateko Ikerkuntza Institutuko ikertzaile Antoni Dalmauk. Egitasmoak lehenengo sektorean jarduera berriak sortzea du helburu, eta horretarako teknologia berriak ezarriko dituzte mendiko nekazaritzan. Euskal Herriko, Kataluniako eta Frantziako Akitania inguruko 13 bazkidek osatu dute Agripir, eta horietako bat da Loiola Berrikuntza.
 
Datozen bi urteetan mamituko dute proiektua, eta bost egitasmo eraman nahi dituzte aurrera: kudeaketa eletroniko bidez bazkalekuen ustiaketa hobetzea, mendiko esne-biltzearen automatizazioa, eta abereen osasunari dagokion diagnostiko goiztiarra dira horietako batzuk. Egitasmo pilotu bat, gainera, Urola Erdia bailaran garatuko dutela jakinarazi du Beobidek. e-Pasto egitasmoarekin, abereentzako hesi fisikoak kendu nahi dituzte, eta horien ordez barrera "birtualak" jarri. "Animaliei txip bat jarriko zaie, satelite bidezko geolokalizazioa ahalbidetzeko. Hala, nekazariak abereen gaineko informazioa eduki ahalizango du noiznahi; non eta zer egoeratan dauden jakin ahal izango du", adierazi du Dalmauk. Beraz, nekazariek larreetara joan gabe hazienda jarraitu ahal izango dute, gehienez ere 40 kilometrotara baldin badaude. Gainera, hesi birtualek inguruko pasaiari mesede egingo diotela uste du ikertzaileak. Oraindik zehaztu gabe dute proiektu osoa. Animaliak muga ez igarotzeko jasoko duen "estimulua" ikertuko dute, besteak beste. "Animaliari min egiten ez dion eta eraginkorra izango den sistema bat aurkituko dugu". Zentzu horretan, halako ekimenak egitea "oso garrantzitsua" dela deritzo Etxeberriak, eta egitasmoa enpleguak sortzeko "pizgarria" izan dadin eskatu du. Antolatzaileek, berriz, adierazi dute egitasmoak "proiektu berritzaileen garapena" ahalbidetuko duela.
 
Agripir egitasmoak nazioarte mailako lankidetza indartzea eta I+G sustatzea du helburu. Horretarako, "trukerako eta esperimentaziorako sarea" sortuko dutela aurreratu dute. Neiker nekazaritza-ikerketarako zentroa, Tecnalia Korporazio Teknologikoa, Vicomtech-IK4, Conseil Général des Pyrénées Atlantiques, eta École Supérieure des Technologies Industrielles Avancées dira egitasmoko bazkide diren Euskal Herriko erakundeak. Gainontzekoak, berriz, AgriMip Sud-Ouest Innovation, Aerospace Valley, Université Paul Sabatier, Conseil Général des Pyrénées Atlantiques, Ariege Expansion, Fédération Pastorale de I’Ariège, Institut de Recerca i Teclonogia, eta Inra dira. Beobideren arabera, proiektua "berritzailea" da, eta lehenengo sektorean "onurak" sortzeaz gain, eskualdean "ekintza berriak" sortuko dituelakoan da Loiola Berrikuntzako zuzendaria. Proiektu osoak 985.525.650 euroko aurrekontua du, eta arduradunek adierazi dute 2014. urtetik aurrera ere egitasmoa garatzen jarraitzeko asmoa dutela.

Egoerarekiko hausnarketak

Agripir-eko hamahiru bazkideek joan zen ostiralean lau tailer tematiko egin zituzten Loiolan, euren egoeraz hausnartzeko asmoz. "Tokian tokiko arazoak komunak, berak dira nekazaritzaren inguruan, eta egoera horietatik abiatuta egitasmo berriak sortzea da helburua", adierazi du Beobidek. Horien "beharrizanei" erantzuteko asmoz, "jokabide egokiak" eta "teknologia maila handiko I+G proiektuak" landu zituzten. Hala nola, Ardi bat adoptatu eta bere gazta izango duzu tailerra egin zuten. Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremana sendotzeko asmoz, abere bat "babestu" eta haren jarraipena egitea ahalbidetzen du formulak, telekomunikazioaren bidez. Smartphone eta geolokalizazioaen bidez, esaterako. Agripir-eko bazkideez gain, lehen sektoreko eragileek, erakundeeketa ikerketa zentroek ere hartu zuten parte ostiraleko saioetan Azkoitian; tartea izan ziren Urkome eta Hazi erakundeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide