Azpeitiko gazteen hizkuntza-ohiturak aztertu ditu Euskara Patronatuak

Uztarria.eus 2012ko aza. 20a, 19:30

Udaleko, Patronatuko eta ikastetxeetako ordezkariak, aurkezpenean.

Herriko ikastetxeekin elkarlanean, esparru desberdinak kontuan hartuta hizkuntzaren zer-nolako erabilera egiten duten jakiteko galdetegia sortu eta Batxiler IIko ikasleen erantzunak jaso dituzte. Azpeitiko gazteak euskaldunak dira eta euskaraz egiten dute bizimodua neurri handi batean, baina hutsuneak ere somatu dituzte, batik bat nesken artean hitanoa galtzen ari dela. Oro har irakurtzen dituzten aldizkariak prentsa arrosa motakoak eta gaztelaniaz badira ere, aldizkaririk irakurriena (% 18) Uztarria da.

Azpeitiko gazteen hizkuntza-ohiturak txostena aurkeztu dute gaur, asteartea, Udaleko Euskara Patronatuan. Herriko ikastetxeekin elkarlanean, esparru desberdinak kontuan hartuta hizkuntzaren zer-nolako erabilera egiten duten jakiteko galdetegia sortu eta Batxiler IIko ikasleen erantzunak jaso dituzte Euskara Patronatuan; 2011ko urrian egin zuten inkesta. Gaur galdetegi hark utzitako emaitzak plazaratu dituzte Udaleko Euskara batzordeburuak, Patronatuko teknikariek eta ikastetxeetako ordezkariek.

Lau ardatz nagusi kontuan hartuta osatu zuten galdetegia: aldagai sozio-demografikoak (sexua, jatorria...), familiako kideen hizkuntza gaitasuna, esparrukako erabilera (familia, eskola, eskolaz kanpoko jarduerak, lagunartea, teknologia berriak, irakurketa, musika eta telebista) eta hizkuntza-jarrerak.

Azterketa honen emaitzen arabera, Azpeitiko gazteak euskaldunak dira eta euskaraz egiten dute bizimodua neurri handi batean, baina hutsuneak ere somatu dituzte, batik bat nesken artean hitanoa galtzen ari dela. Emaitzek "Azpeitian euskarak etorkizuna ziurtatuta duela" erakusten dute, Ainhoa Beristain Euskara batzordeburuaren esanetan, "baina ajeak ere baditu, eta horiek sendatzeko bidean jartzeko egin behar da lan".

Komunikabideen kontsumoari dagokionez, oro har irakurtzen dituzten aldizkariak prentsa arrosa motakoak eta gaztelaniaz badira ere, aldizkaririk irakurriena (% 18) Uztarria da.

Hauek dira inkestaren emaitzetatik atera dituzten ondorio nagusiak:

  • Inkestatuen % 96 Euskal Herrian jaiotakoa da. Gurasoen kasuan ere, gehienak Euskal Herrian jaiotakoak dira (amen % 93 eta aiten % 95, hain zuzen).
  • Euskarari dagokionez, ulertzeko, hitz egiteko eta irakurtzeko gaitasuna ona da. Gurasoen kasuan, idazteko gaitasuna zertxobait jaisten da.
  • Gaztelaniaz ondo moldatzen dira inkestatuak. Hala ere, hitz egiteko eta idazteko orduan, zailtasunak dituztela aitortzen dute inkestatuen % 25 inguruk.
  • Beste hizkuntzei erreparatzen badiegu, ulertzeko, hitz egiteko eta irakurtzeko gaitasuna asko jaisten da, bai inkestatuen kasuan, eta baita beraien gurasoen artean ere.
  • Familian, ikastetxean eta lagunartean euskara da gehien erabiltzen den hizkuntza. Hizkuntza-erregistroari erreparatzen badiogu, sexuaren araberako bereizketa nabarmena da: nesken artean zuka eta mutilen artean hika erabiltzen da nagusiki. Nesken arteko hitanoaren galera nabarmena da. Galera hau aztertutako esparru guztietan gertatzen da. Galerarik nabarmenena familian gertatzen da, eta ondoren, ikastetxean. Hitanoa lagunartean edo ikaskideen artean erabiltzen da gehien.
  • Teknologia berriei dagokienez, mezu elektronikoei, sare sozialei eta mugikorreko mezuei buruz galdetu diegu. Euskara da beraien komunikazio-hizkuntza nagusia. Bitxikeri bezala, aipagarria da teknologia berrien erabiltzaile kopuru handiena emakumezkoetan ematen dela.
  • Egunkaria irakurtzen du inkestatuen % 65ek. Egunkaririk irakurriena gaztelaniazko El Diario Vasco da. Euskara hutsezko egunkariak % 24k irakurtzen dituzte (Berria eta Hitza).
  • Aldizkariak: euskarazko eskaintza txikiagoa izan arren, gehien irakurtzen den aldizkaria euskara hutsezko herri-aldizkaria da (Uztarria). Aldizkari gehienak prentsa-arrosa motakoak dira.
  • Musika entzutea gogoko du gehiengoak. Hizkuntza guztietan berdintsu samar entzuten dutela adierazi dute.
  • Liburuak: inkestatuen % 55ek libururik irakurtzen ez duela adierazi du. Euskaraz zein gaztelaniaz, antzera samar irakurtzen dutela aitortu dute gehienek (% 44).
  • Telebistako programarik ikusiena gaztelaniazko Los Simpson da. Euskarazko programarik ikusiena, aldiz, Goenkale da.
  • Hizkuntza-jarrerak: Oro har, lehen hitza euskaraz izaten da. Hala ere, Azpeititik kanpo ehunekoa zertxobait jaisten da. Udaletxe, anbulatorio eta kiroldegiko zerbitzuak jasotzerakoan euskara lehenesten dute. Epaitegiaren kasuan, oso gutxik eskatu dute agiriren bat (% 16). Euskara hutsezko eredua % 10ek eskatzen duela adierazi dute.
  • Norbait gaztelaniaz zuzentzen bazaie, gehienek ez diote solaskideari euskaraz zuzentzeko eskaria egiten (%76).

    Hizkuntza- erreklamazioen kopurua %10ekoa da. Nolanahi ere, inkesta egiterakoan, erreklamazio hori nola / nora bideratu duten galdetzea ahaztu zaigu.

  • Gidabaimenari dagokionez, % 88k euskaraz atera du edo ateratzeko asmoa dauka.

Txosten osoa Euskara Patronatuaren Erabili.com webguneko Gurien atalean jarri dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide