Politika publikoak "erabat" aldatu daitezen mobilizazioak egin dituzte sindikatuek

Uztarria.eus 2012ko aza. 27a, 13:55

LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin zuten atzo, Azkoitiko Sammic enpresaren aurrean. (Ane Olaizola)

ELAk eta LABek eskualde mailako auto karabana egin zuten atzo, astelehena, "lanpostuen suntsiketa" salatzeko. Ostiralean, berriz, manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau herrialdetan; Gipuzkoan, Donostian izango da protesta, 19:00etan, Bulebarretik hasita.

Guneak lan duinaren eta eskubide sozialen aldeko mobilizazioak antolatu ditu Hego Euskal Herrian, eta horren baitan auto karabana egin zuten atzo, astelehena, LAB eta ELA sindikatuek eskualdean. Urola Kostan jasotzen ari den "enpleguaren suntsiketa" salatu zuten sindikatuek ondoren egin zuten agerraldian; horien arabera, eskualdean langabezia "nabarmen" hazten ari da, "enpresen itxieren eta kaleratzeen ondorioz". Urola Kostan lanik ez duten %45ak langabezia prestaziorik jasotzen ez dutela azpimarratu zuten. Langabeziari dagokionez, berriz, joan zen urrian 4.533 lagun zeun lanik gabe; Azkoitia da proportzioz langabetu gehien duen herria; biztanleen %16ak ez du lanik, 790 lagunek, hain zuzen ere. Zumaian, berriz, 601 herritar daude langabezian (%15,9); Azpeitian, 955 lagun (%14,7) eta Zarautzen 1.406 biztanle (%13,57).

Hori hala izanik, politika publikoak "erabat" aldatu daitezen aldarrikatu zuten sindikatuek eta eragileek: "lehentasuna eman behar zaio enplegu duina sortzeari eta eskubide sozialetan aurrera egiteari, eta horretarako politika sozial eta ekonomiko propioak egiteko ahalmena eskuratzea ezinbestekoa dugu. Ezin da orain arte bezala jarraitu, dirua bankuei ematen eta enpresario batzuen poltsikoak betetzen". Izan ere, horien ustez, enpresarioak "lan erreformaz" ari dira baliatzen "milaka langile kaleratzeko" eta "langabeziaren mehatxupean langile-klasearen pobretze orokorra inposatzeko".

Erakundeen jarduna ere gaitzetsi zuten, "gastu publikoa" moztu eta enplegu publikoa "suntsitzen" dutelakoan: "Bitartean, ordea, azpiegitura handiak bultzatzen jarraitzen dute", salatu zuten. Ondorioz, zerbitzu publikoak eta gizarte-prestazioak "gainbeheran" daudela ohartarazi zuten. "Aldiz, indarrean zerga-politika erregresiboa dago, errenta altuei eta kapitalari mesede egiten diona”.

Egoerari irtenbidea emateko hainbat proposamen egin zituzten: erakundeek zerbitzu publikoak bermatu ditzaten eskatu zuten. Zentzu horretan, "aberastasuna eta lana banatzea" ardatz izango lukeen euskal marko bat sortzea beharrezkotzat jo zuten, eta Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herriko erakundeei "inposatu" dizkien murrizketak ezarri ez daitezen aldarrikatu zuten; hala nola, gizarte prestazioetan eta zerbitzuetan, hezkuntza sisteman, osasun arretan, etxebizitzan ezarri nahi dituzten neurriak: "gure herriko sektore estrategikoak defendatu behar dituzte; esaterako, lehen sektorea eta garraioa".

Gizarte zerbitzuetan laguntzak jasotzen dituztenen aurkako "kriminalizazioa" amaitu dadin nahi dute mobilizaziora batu ziren sindikatuek, eta zerga politika "justu eta progresiboa" eskatu zuten. Horrez gain, berdintasunaren gaineko politikak emakumeen bizimodua hobetzeko aukera izan daitezen aldarrikatu zuten.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta dozenaka eragilek egin dute bat mobilizazioekin, eta ostiralean manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau herrialdetan; Gipuzkoan, Donostian izango da protesta, 19:00etan, Bulebarretik hasita. Arduradunek eskualdeko herritarrei dei egin die bertan parte hartzera; 2mobilizatu beharra daukagu, guztiok gure eskubideen alde modu aktiboan, benetako aldaketa lor dezagun".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide