"Lankidetza da hedabideen etorkizuna"

Urola Kostako Hitza 2012ko abe. 5a, 18:19

Ezkerretik hasita, Iban Arregi, Mikel Irizar, Gorka Zabaleta eta Xabier Azkue. (AIORA LARRAƑAGA)

Euskararen Egunaren harira, astelehen iluntzean Euskarazko hedabideen estrategiak krisiari aurre egiteko gaia izan zuten hizpide Euskarazko Komunikazio Taldeko arduradun Iban Arregi azpeitiarrak, Tokikomeko lehendakari Mikel Irizarrek eta Baleike-ko zuzendari Gorka Zabaletak Zumaian

Teknologia berriak hedabideen lan esparrua guztiz aldatzen ari dira, eta euskarazkoek ere garai berrietara egokitzeko hausnarketa prozesuan murgilduta daude. Euskararen Egunaren harira astelehen iluntzean Euskarazko hedabideen estrategiak krisiari aurre egiteko gaia izan zuten hizpide Euskarazko Komunikazio Taldeko arduradun Iban Arregi azpeitiarrak, Tokikomeko lehendakari Mikel Irizarrek eta Baleike-ko zuzendari Gorka Zabaletak Zumaian.

Lau erronka nagusi

"Herri normalizatu batek hedabide propioak behar ditu komunitatearen informazio eskubidea bermatzeko" esanaz abiatu zuen Arregik mahai ingurua. Ildo horretan, euskarazko hedabideek jakin badakite hizkuntzaren normalizazioa lortzeko eta erreferente izateko bideak jorratu behar dituztela etorkizunari begira. Horretatik abiatuta, lau erronka nagusi nabarmendu dituzte. "Alde batetik, edukia oso garrantzitsua da, edozein euskarritan eskainita ere, ematen dugun informazioak herritarrentzat erreferente izan behar baitu", azaldu zuen Arregik.

Berrikuntza eta teknologia berriak ere ahaztu ezineko puntua direla nabarmendu zuten hiru solaskideek. "Berrikuntza kontzeptu zabal gisa ulertu beharra dago. Hau da, teknologia berriez gain, lan egiteko moduan eta kazetaritza ulertzeko garaian ere berrikuntza ezinbestekoa da".

Horretaz gain, komunitatearen baitan sare sendoak sortzeko eta elkarlana ardatz izateko beharra nabarmendu zituzten. Alde batetik, tokiko hedabideen eta nazional mailako hedabideen arteko lankidetza lantzekoa; eta bestetik, "komunitatea, hedabideak, eragileak, sortzaileak eta erakundeak lotuko dituen sare sendoak sortzeko beharra" nabarmendu zuten.

Azkenik, eraginkortasuna ere  nahitaez jorratu beharreko erronka dela nabarmendu zuten. "Krisi garaian bagaude ere, ildo hori landu behar dugu, guk sortutako produktuak komunitatearen beharrak asetzeko gai izan daitezen".

Krisia akuilua

Topaguneko eta Tokikomeko lehendakari Mikel Irizarrek zera irizten dio: "Euskarazko hedabideak umil egin gaitu krisiak, eta umiltasunean lankidetza errazagoa da. Krisiak akuilu funtzioa egin du, larritasuna eta beldurra sortu ditu, baina horren aurrean erreakzionatzen jakin dugu, eta lankidetza sustatu dugu. Lankidetza horri balio erantsia ematen diona euskara da". Irizarrek krisi egoera horretatik euskarazko komunikabideak indartuta aterako direla uste du.

Baleike-ko zuzendari Zabaletak ere lankidetza nabarmendu zuen etorkizun oparoa izateko gako gisa. "Baleike-k eskaintza txukuna ematen dio komunitateari, baina kritikoak izan behar dugu geure buruarekin. Kontuan izan behar dugu etorkizuneko erronkei aurre egiteko ahulegiak garela. Horregatik, inguruko euskarazko hedabideen arteko lankidetzan dago etorkizuna".

"Komunitatean ondo txertatuta daude euskarazko hedabideak", eta bidea hortik abiatuta eraiki behar dela uste dute. Aurrerantzean "hiru hankako finantziazioa" bermatu beharko dela uste dute. "Herritarrak, merkatua eta erakundeak dira hiru hankak. Erakundeek gure funtzio soziala aitortuta hitzarmengintza egonkorra lortzea da helburua, egun ez duguna. Gaur erakunde publikoek egiten dituzten deialdietara aurkeztuz lortzen dugu gure aurrekontuaren zati bat", azaldu zuen Irizarrek.

Bestetik, merkatua eraldaketa prozesu azkar batean murgilduta dagoela azaldu zuten. Hala azaldu zuen Zabaletak: "Egun publizitatetik irabazi gehiena paperetik dator, baina herritarrek gero eta gehiago jotzen dute Internetera informazioa jasotzeko". Publizitateak herritarrak dauden tokian egon behar duela kontuan hartuta, Interneteko publizitatearen formula egokia "oraindik asmatzeke" dagoela uste du, eta bide hori jorratzea "garrantzitsua" dela.

Finantziazioaren hirugarren zangoa komunitatea da. "Euskal Herrian asko landu den bidea da herritarren atxikimenduarena", zioen Arregik. "Herri askotan tokiko aldizkariak sortu genituenan komunikazio tresnak sortu aurretik, bazkideak saretzea planteatu genuen. Komunikazio proiektu horiek aurrera egin zezaten finantziazio iturri garrantzitsua izan da. Ildo horretan, indargune eta aukera handiak ditugu euskarazko hedabideok, lehendik ere komunitatean oso txertatuta gaudelako".

Urola Kosta ere hausnartzen

Azken urtean euskarazko hedabideen etorkizunaz hausnartzen ari da hainbat eragile, eta zenbait eskualdetan lankidetza hastear dira horretan oinarrituta. Tolosaldean, esaterako, tokiko hedabideek, Tokikomek eta Berria-k elkarlanean komunikazio proiektu berria martxan jarriko dute 2013aren hasieran. "Bide horretatik jo behar dugu. Eskualde bakoitzak duen izaera kontuan hartuta, elkarlana, dinamika eta antolaketa bateratua lortu behar dugu, indarrak batu eta indartsuagoak eta eraginkorragoak izateko", azaldu zuen Arregik. Egungo gizartearen eta hedabideen beharrak aintzat hartuta, Urola Kostan ere hasiak dira etorkizunari begira, Oriotik Azkoitiara bitarteko tokiko hedabideak elkartuko dituen komunikazio proiektu baten inguruan hausnartzen. Zabaletak azaldu zituen orain artekoak: "Ekaina bitartean oinarri batzuk adostu eta proiektua diseinatzea da asmoa".

Euskarazko hedabideek etxeko beharrak ikusita eman beharreko urratsak direla uste badute ere, sustatzaileek jakin badakite zenbait herritarri tokian tokiko mantxetak desagertzeko aukerak zalantzak sortzen dizkiela. Solaskideen iritziz, ordea, "elkartzeak ez du esanahi tokikotik urruntzea; hiperlokalitatean sustraiak sendotzea baizik". Horretarako, komunitatearen parte-hartzea beharrezkoa dela uste dute solaskideek. "Egun telefono mugikor edo tablet batekin edonor izan daiteke berriemaile. Herritarrak gauzak gertatzen diren lekuan egoten dira, eta komunitate osoaren laguntzarekin komunikazio proiektu oso indartsua lor dezakegu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide