Idazle polemikoa izan da beti Pako Aristi urrestildarra, epel uzten ez duten horietakoa. Aitortu behar dut, baina, orain arte gustura irakurtzen nituela haren gogoetak Berria-n eta liburuetan, haien atzean euskaltzale zorrotza aurkitzen bainuen, hausnarketa mamitsuak egiten zituena. Azken boladan, aldiz, beste Pako bat agertzen zaigu idazlan horietan, nafar nazionalismora lerratu eta Tomas Urzainquiren jarraitzaile sutsua bihurtu dena. Aristi honek lehenengo txinparta galdu du, nabarrismo berriaren dogmak errepikatu besterik ez baitu egiten: euskaldunok jadanik estatu bat dugula (?), euskaldun guztiok nafarrak garela, Historia dela ezinbestez gure patua markatzen duena, eta abar. Euskal independentismoa koordenada horietan besterik ezin dela ulertu iradokitzen du, eta -Urzainquik proposatzen duenaren antzera- independentista zintzoek jarraitu beharreko bidea ezartzen du: hauteskundeetan abstentzioaren aldeko hautua egitea, alegia.
Haren ustez, nafar nazionalistak ez garen independentistok estrategia okerra dugu, edo ez dugu estrategiarik, baina Aristi jaunak ez du argitzen zein den berea: gehiengo independentista bat osatu gabe gure parlamentuetan (Gasteizko zein Iruñekoan) ba al dago euskal estatua sortzerik? Europan azken 25 urteetan sortu diren estatu guztiek bide parlamentarioa jorratu badute, salbuespena izan behar du Euskal Herriak?
Freskura eta zorroztasuna galdu du Aristi berriak, eta harrokeria eta sektarismoa irabazi. Lehenengoa nahiago nuen.