Sorgindu ninduena

Xabier Euzkitze ('Noticias de Gipuzkoa') 2012ko abe. 16a, 09:35

(Joxe Agirre bertsolari zendu berriaz artikulua plazaratu du Xabier Euzkitzek 'Noticias'-en)

1985eko urtarrileko igande bat zen, Egileor bertsolariari Donostiako Victoria Eugenia antzokian omenaldia egin genion eguna. Arratsaldean elurra hasi zuen mara-mara. Joxe Agirrek kezka dezentea zuen, Badiolegitxoko bidegurutzetik Orandara aldapa handia baitago. Imanol Lazkano aurretik zela, haren lur orotako ibilgailuaren gurpil-arrastoa aprobetxatuz igo ginen, doi-doi. Niretzat abentura zoragarria izan zen. Ez elurragatik, ez bidaiako odiseagatik, hura Izarraizko azeriarekin bizi izateko zorteagatik baizik. Huraxe etorri zitzaidan burura atzo eguerdian malda berberak, Joxek gehiago igoko ez dituen haiek, igotzen ari nintzela. Lasartek eta Agirrek sorgindu ninduten, sei bat urte nituela, Azkoitiko Urrategin, entzun nuen lehen bertso saioan. Ez dut geroztik bertsoaren pareko gozamenik aurkitu.

Azeri begirada zuen Joxek, zehar-so bihurria. Zangoak lanaren bortxaz okertuak. Eta bihurgune bihurriz jositako mendibidea zen Oranda zaharraren arrazoiketa eta bertso moldea ere:

"...zuk diozunez, lagun Lasarte, buruz arina nago ni

zure lepoai ere ez zaio karga haundirik komeni".

Horixe zen Oranda. Eskolarik gabea, basa, zorrotza, abila, naturala, freskoa, bizia, zinezkoa. Bertsolari arraza jakin baten azken ordezkaria. Bertsozaleek eta bertsolari gazteek bazekiten, ongi jakin ere, Joxerekin amaituko zela estilo zahar hori. Horregatik izan du hainbesteko estimua bertso munduan, horregatik izan du lekua, laurogeitaka urte zituela ere, puntako jaialdietan. Horregatik, eta puntako izaten segitzen zuelako.

"Bi jotzailek ez omen dute elkar ondo hartzen bertsotan. Gu ederki moldatzen gara ba!" Suerte hori ere izan genuen, bai, elkar ongi hartzeko zoria, bertsotan eta bertso-gurpilaz kanpo. Joxek ondo zaintzen zituen adiskideak. Ez hasi haren aurrean lagunen bategatik gaizki-esaka. Donostiako Ospitaleko erizainen batek zerbait badaki horri buruz. Lagun ona zen Joxe. Atzo goizean eman zuen azken hatsa, Uraitz biloba soinu txikia jotzen ari zen bitartean. Joxe Agirreren soinuak, haren xarmak, musikak, sorgin-aireak... gugan iraungo du bizirik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide