AZZ: "Ikusten da herri honetan badela borondatea gauzak ondo egiteko"

Uztarria.eus 2012ko abe. 19a, 20:30

AZZko kideek Sanagustinen egin zuten aurreneko urtearen balantzea.

Taldea eratu zenetik urtebete igaro denean, balantzea egin du Azpeitia Zero Zaborrek prentsaren aurrean. Gaikako bilketan gaur egungo %30etik %80ra iristea "lortu dezakegun helburua" dela sinetsita daude, eta horretara ailegatzeko bilketa sistemarik egokiena atez atekoa dela defendatzen dute. "Erakunde publikoen aldetik konpromisoak ikusten hasteko" garaia dela esan dute.

Azpeitia Zero Zabor taldeak urtebete bete du, eta azken hamabi hilabeteotan egindakoez eta aurrera begirako nahi eta asmoez aritu dira prentsaurrekoan, Sanagustin kulturgunean.

'Zero zabor' egoera helburu, taldeak hondakinen sorreraren eta kudeaketaren inguruan egindako lanak herritarren partetik jasotako erantzunarekin gustura azaldu dira. ""Ikusten da herri honetan badela borondatea gauzak ondo egiteko", diote. Hala ere, egiteko asko dagoela badakite eta eragiten jarraitzeko asmoa agertu dute.

Gaikako bilketan gaur egungo %30etik %80ra iristea "lortu dezakegun helburua" dela sinetsita daude, eta horretara ailegatzeko bilketa sistemarik egokiena atez atekoa dela defendatzen dute. "Erakunde publikoen aldetik konpromisoak ikusten hasteko" garaia dela esan dute.

Hau da AZZkoen agerraldiaren edukia, osorik:

"Azpeitia Zero Zabor taldeak urte bat bete du bere ibilbidea hasi zuenetik. Sortzen ditugun hondakinen inguruan orainarte izan dugun jokabidean inflexio bat eragiteko asmoz sortu ginen. Materialaren kontrolik gabeko eredu bat bultzatzen duen sistema batekin hautsi eta zero zabor duen eredu baten bila gabiltza. Gure taldearen eraketa ez zen kasualitate kontua izan, bizi dugun momentu erabakiorrak eraginda izan zen gure sorrera. Denok dakigun bezala, orainarteko zabortegiaren eredua agortuta dago eta eredu berri bati heldu beharrean aurkitzen gara Gipuzkoan.

Zentzu horretan, orain hartzen diren erabakiek hurrengo hamarkadatan gizarteak hondakinen inguruan izango duen ibilbidea baldintzatuko dute. Egoera honetan, eredu berritzat Zubietako errauskailuaren itzala izan dugu, eta guk taldetik beti garbi esan dugu arazoaren konponbidea ez zela makroproiektuen eskutik etorriko, eta nahita nahi ez, Gipuzkoan eratu behar diren azpiegitura berriek ezin dutela zero zaborrerako norabiderako aterik itxi.

Garbi esan dugu, herritarrei arazoa jakinaraziz, herri bezala gauzak hobeto egin ditzakegula. Eta eredu berri bat posible dela. Hori lortzeko Zero Zabor filosofia zabaltzen saiatu gara eta horretan lanean jardun dugu; gure eskuetan ditugun baliabide guztiak erabili ditugu. Zentzu horretan, herritar askoren jokabidea txalotzeko modukoa dela iruditzen zaigu, ikusten da herri honetan badela borondatea gauzak ondo egiteko. Hala eta guztiz, gaur egungo bilketa sistemarekin %30 gaikako bilketa burutzen da Azpeitian eta badakigu gaikako bilketa, eredu egokia erabilita, %80tik gora izatera iritsi daitekeela.

Jakina da, helburu berdinera iristeko beti izaten dela bide bat baino gehiago eta gu taldean beti irekita egon gara, prestutasunez aukera desberdinak ikusteko. Baina, era berean garbi eduki dugu gure helburua zein den. Gure helburua zero zaborreruntz jotzea da eta gaikako bilketa sisteman %80ko helburu hori geure egiten dugu. Baita ere, eskatze hutsez ez dira helburuak lortzen, eta helburu hau lortzeko bidea ere proposatzen dugu, atez ateko bilketa sistema. Bilketa sistema honek kritika asko jaso dituen arren, guk garbi daukagu munduan zehar eman dituen emaitzak kontutan hartuta eredu egokiena dela eta guk taldean bere aldeko defentsa egiten dugu.

Aurreko ikasturtean herritarrei konpromisoak eskatuz hasi ginen eta erantzun oso ona jaso dugu. Iruditzen zaigu orain badela garaia erakunde publikoen aldetik ere konpromisoak ikusten hasteko, eta gure indarrak udaletik hasi eta gainontzeko erakunde publikoei aldaketa bat eskatzera bideratu nahi ditugu, zero zabor izaera gure egiteko, herrikoa egiteko, erakunde eta herritarren arteko lana beharrezkoa dela iruditzen zaigu eta hori bultzatzen jarraituko du Azpeitia Zero Zaborrek. Norabide egokian goaz eta bide beretik jarraituz Azpeitia jasangarriago bat eraikitzea lortuko dugu, eta guk taldetik ikusten dugu lortu dezakegun helburu bat dela eta seguru gaude lortuko dugula. Gaur egungo %30etik %80rako jauzia egiteko une egokia da eta aprobetxatu dezagun eskuartean daukagun aukera paregabe hau".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide