Azpeititik pasatzen diren GR 9 eta GR 21 ibilbideak deskatalogatu ditu Gipuzkoako mendi elkarteak

Gipuzkoako Hitza eta Uztarria.com 2013ko urt. 7a, 12:28

GR9 Noainen hasi eta Azpeitian bukatzen da eta GR 21, berriz, Xabierren hasi eta Azpeitian amaitzen da. Biak utzi ditu homologaziorik gabe federazioak, baita 84 ibilbide labur eta herri ibilbide ere, "gutxieneko baldintzak ez betetzeagatik".

Menditsu da Gipuzkoa, eta mendizaleak herritar asko. Hortaz, normala da lurraldea mendi ibilbidez beteta egotea. Denak ez daude ondo, ordea. Eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak txukunketa bat egin du: baldintzak betetzen ez zituzten 86 ibilbide deskatalogatu ditu. Horietako bi ibilbide luzeak edo GRak dira, hau da, 50 kilometro baino gehiagokoak, eta zuri-gorriz markatuta egoten dira. Deskatalogatutako ibilbideetako bat GR9 edo Zezen-bidea deiturikoa da, eta GR21, Xabier eta Azpeitia artekoa, bestea. Biak ala biak Azpeitiatik pasatzen dira. Hala, egun, zortzi GR, 85 PR edo ibilbide labur eta SL edo herri mailako bide gelditu dira.

GR 9 edo Zezen bidea ere esaten diote ibilbideak 90 kilometro ditu. Horietatik 58 Nafarroan daude. Hasiera Noainen eta Azpeitian du bukaera. Tartean, Tolosa eta Albiztur ditu, esaterako. Aurreko mendeetan, zezenak Nafarroatik mendiz ekartzen zituzten Gipuzkoako zezen plazetara, unaiek lagunduta, eta ibilbide horixe da. GR 21a, berriz, Xabier-Loiola deiturikoa da. 153 kilometroko ibilbidea lotzen du, eta Nafarroako Xabier herriaren eta Gipuzkoako Azpeitiko Loiola auzoaren artean dago. Antza, Ignazio Loiolakoak bere etxera egindako azken ibilbidea jarraitzen du bideak.

Bi ibilbide luze edo GR horiek Nafarroan barna sartzen dira, eta "jende gutxik erabiltzen ditu", azaldu dute federaziotik. Gainera, "nafarrek ere jada deskatalogatuta dituzte bi ibilbide horiek". Hortaz, "ez du zentzurik guk mantentzeak". 

Gipuzkoako Mendizale Federazioko Senderismo teknikaria da Urdin Elorza, eta berak azaldu dizkio Gipuzkoako Hitza-ri ibilbideekin dauden arazoak. "Udalerri askok nahi zituzten horrelako ibilbideak eduki, baina urtebetean kasu egiten zieten, eta gero ezer ez. Eta urteen poderioz, honadu egiten dira: bai seinaleak, bai panelak, bai geziak... eta gutxieneko kalitaterik ez da gorde". PR eta SL ibilbideen kasuan udalak dira sustatzaileak; hau da, bide horien egoera zaintzearen arduradunak. GRren kasuan, "ez dago sustatzaile garbirik". Kasu batzuetan Gipuzkoako Foru Aldundia da, baina ez beti. "GR 21 Hiru Tenpluen ibilbidea da, Loiola, Antigua eta Arantzazu lotzen dituena, eta herri horietako udal elkarteetako turismo bulegoak dira sustatzaileak kasu horretan".

Gutxieneko kalitatea izatea

Mendizale federazioarentzat, dauden ibilbideak egoera onean egotea da garrantzitsuena. Baita horretarako "garbiketa" egin eta ibilbide kopurua, kilometro kopurua, murriztu behar bada ere. Elorzak argi ditu seinaleen onurak: "Segurtasun neurri bat da, ezagutzen ez duzun bideetatik ibiltzen uzten dizu, nolabaiteko tarte jakinen artean: Arantzazutik Etxegaratera esaterako. Zeharkaldi luze bat egiteko aukera ematen du, nahikoa eremu seguru batean. Hori da heleburua".

Arlo honetako araudia garatuz joan da denborarekin, gainera. "1996an senderismoko dekretu bat atera zuten, eta, horren arabera, ibilbideetako markak kudeatu behar ditu mendizale federazioak. Baimena diputazioak ematen du, ordea, eta, beraz, bi parte horien arteko elkarlana beharrezkoa da ibilbideak homologatzeko". Horretaz gain, mantentze kontratuaren figura sortu dute orain gutxi: "Sustatzaileari ardura bat eskatzen zaio; urtero ibilbide hori mantetzeaz arduratzea. 

Oro har esanda, ibilbidea garbi edukitzea eta margoa berritzea. Eta gero, lau urtean behin, ikuskapen bat egingo dugu guk. Sarriago ere egin beharko litzakete, baina ez gara iristen: bide asko dira, jende gutxi gara, eta dirurik ez daukagu", azaldu du Elorzak. Ikuskapena egin eta txosten bat prestatzen du federazioak: gabeziak zerrendatzen dituzte, eta sustatzaileak kasu egin behar dio txostenari.

Hain zuzen ere, hori egin ondoren deskatalogatu dituzte udal mailako 84 ibilbide horiek. "Ibilbide guztiak ikuskatu ditugu, eta sustatzaileekin egon gara. Galdetu diegu ea zer egin nahi zuten, mantendu, ala deskatalogatu". Izan ere, sarean mantentzeak kostu batzuk ditu, eta "udalak dauden bezala daude, agian ez dute 1.000 euro paneletan gastatzeko".

Elorzaren arabera, lehentasuna aurrena udal sarea ondo jartzea da. "Eta horretan ari gara". Ibilbide erdiak deskatalogatu arren, "behintzat mantenu kontratua duten ibilbideak gelditu dira". Deskatalogatutakoak berriz sar daitezke sarean, "beraiek nahi dutenean", baina berriz homologazio prozesua hasi beharko lukete. "Kostua txikia da, 500-600 euro balio du prozesuak. Gero, pintura markak egitea, seinaleak eta panelak jartzea... igo egiten da aurrekontua". Elorzaren arabera, "ibilbide txiki batek 5.000-6.000 euro erraz behar ditu. Eta gaur egun, agian hori ez da udalen lehentasuna".

Homologazioa merkeagoa edo garestiagoa izango da, lanak norberak egin edo Gipuzkoako Mendizale Federazioari eman. "Guk geuk markatu dezakegu ibilbidea, lanegun hori sustatzaileari kobratuz. Bestela, udalak berak markatu dezake, eta guk gero gainbegiratu ea ondo dagoen. Irteera hori kobratzen zaie kasu horretan. Hori askotan egiten da; mendi taldeak markatu, eta gero guk begiratu ea ondo dagoen".

Izan ere, ibilbideak markatzea araututa dago. "Markak erregistratuta daude, eta marka horiek federazioak kudeatu behar ditu. Askotan badirudi erraza dela ondo markatzea, baina ez da gauza sinplea: batzuetan gehiegi markatuta dago ibilbidea, beste batzuetan gutxiegi.... ez da samurra ondo markatzea, oreka bat ematea. Saiatzen gara 5 metroro marka bat egon ez dadin, baina bidegurutze guztiak markatuta egon daitezen. Hori da gakoa".

Aldundiaren lehentasunak

GR 11, 20, 34 eta 35 ibilbideak sustatzailerik gabe daude gaur egun, eta "hori lantzen" ere ari dira federaziokoak. "Elkarlanean ari gara Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, ea lortzen dugun diputazioak bere gain hartzea", baina Elorzak onartu du "momentuz denak oso larri" daudela.

Hala ere, aldundia ari da GR 121 ibilbidean lanean. Gipuzkoako Itzulia da hori, lurraldeko ibilbide luzeena: "Hondarribitik hasi eta ia Mutrikurainoko zatia, Talaia deitzen dena, diputazioaren ardurapean dago. Lanak ere egin dituzte, bide berriak egin dituzte eta seinaleak eta panelak berriztu dituzte eta beraiena da hori mantentzeko ardura". Lau urtez elkarlanean aritu dira: "GRen sarea zein izango litzatekeen diseinatzen aritu gara, Gipuzkoa osoa hartzen duenez sustatzailea diputazioak izan behar duela ikusten genuelako, eta ez, ez dakit zenbat udal. Diputazioa martxa horretan zihoan, baina iaz diru gabe gelditu zen, eta orain pixka bat geldirik dago dena zentzu horretan".

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamenduko teknikariak egunkari honi azaldu dionez, "mendizale federazioarekin orain sei urtetik dagoen hitzarmenarekin jarraitzeko asmoa du aldundiak". Lehentasunak ere zehaztuta dituzte: "Gure ibilbideak mantenduko ditugu ahal den eran, federazioak jarraituko du ibilbide guztiak gainbegiratzen, eta hortik aurrerakoa 2013ko aurrekontuaren araberakoa izango da". Hasiberri den urteko diru partidak zehaztu gabe dituzte, baina argi dituzte zenbait gauza: "Parke naturaletako ibilbideak hobetzen jarraituko dugu, eta sustatzen ditugun bi GR-ak mantentzen [GR 121 eta GR 283 edo Gaztaren Bidea]. Gero, dirua izanez gero, GR 121 hobetu nahi genuke".

Elorzak orain arteko lanarekin jarraitzea nahi luke: "Urte hauetan egindako lan guztiari segida emanez eta diru pixka bat gehiago inbertitu ondoren, izugarrizko ibilbide sare indartsu eta interesgarri bat edukitzeko aukera dugula uste dut; ez da asko falta. Pena litzateke lan hau ahaztea eta gero berriz hemendik bost urtera edo zorigaiztoko krisia pasatzen denean, hutsetik hastea. Izan ere, denbora pasatu ahala gauzak hondatu egiten dira. Mantendu egin behar dugu, eta falta diren GRak sustatu eta akatsak zuzendu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide