Zuberoa Aznarez: "Ez dugu kontzertu hutsa eskainiko, istorioaren inguruko ikuskizuna baizik"

Urola Kostako Hitza 2013ko urt. 9a, 16:17

Diabulus In Musika talde nafarrak Itzalen sua DVD-liburuko soinu banda osatu du, eta bihar, osteguna, iluntzean zuzenean aurkeztuko ditu proiekturako egindako abestiak Sanagustin kulturgunean, 21:30ean hasita. 

Fernando Morillo idazleak eta Xanti Rodriguez argazkilariak elkarlanean sortutako Itzalen sua Sanagustin kulturguneko taula gainera eramango du Diabulus In Musica talde iruñearrak. DVD-liburuari soinu-banda jarri dio boskoteak, eta bihar, osteguna, ariko da zuzenean, 21:30etik aurrera; aurretik, 19:00etan, proiektua aurkeztuko dute. Emanaldiaz ez ezik, proiektuan parte hartzearen esperientziaz aritu da Zuberoa Aznarez (Iruñea, 1980) abeslaria. 
 
DVDko soinu-bandara mugatuko al zarete kontzertuan ala zuen beste abestiak ere joko dituzue?
 
Emanaldia bi zatitan banatuta egongo da. Lehenengoan, Itzalen sua-ko abestiak joko ditugu, eta bigarrenean, berriz, gure bi diskoetako abestiak. Ez dugu kontzertu hutsa eskainiko, baizik eta Fernando Morillok idatzitako istorioaren inguruko ikuskizuna. Beraz, istorioa liburuko pasarteen irakurketarekin eta abestiekin kontatuko dugu, eta, era berean, istorioko irudi guztiak proiektatuko ditugu. Durangoko Plateruena Kafe Antzokiko aurkezpen emanaldian, gainera, Oihana Maritorena aktoreak dantza egin zuen. Kontzertua baino gehiago kontzeptu bat da; irudia, musika eta literatura uztartzen dituen kontzeptua, hain zuzen ere.
 
Ikuskizun berezia izango da, orduan. Orain arteko saioek zer-nolako harrera izan dute?
 
Plateruenakoa izan da eskaini dugun bakarra, eta, egia esan, oso pozik geratu ginen. Jende askorik ez genuen izan; nolabait ere, liburua oraindik atera gabe zegoen, eta oihartzun handirik ez zuen izan. Baina gerturatu zirenak oso gustura geratu ziren. Bestelako kontzertu mota bat izatea baloratu zuten. Gainera, istorioan bete betean sartu zirela adierazi zuten. Azken finean, hori da gure ideia.
 
Disko kontzeptualak ez dira oso ohikoak euskal musika taldeen artean. Proiektua berezia izango zen taldearentzat, ezta?
 
Ideia hori betidanik izan dugu buruan. Ondorioz, The wanderer gure bigarren diskoa kontzeptual gisa egitea erabaki genuen. Jorratzen dugun musika metaleroa da, baina sinfonikotik asko duenez, soinu-bandamoduko zerbait egitea zengure ideia. Askoz ere interesgarriagoa iruditzen zaitmusika idaztea kontatzeko zerbait duzunean, idazteagatik idaztea baino. Probatzea erabaki genuen, eta ongi atera zitzaigun. Beraz, Xanti Rodriguezek Itzalen sua-n parte hartzea proposatu zigunean oso gustura onartu genuen, lan egiteko modu atseginagoa delako.
 
The wanderer diskoa Itzalen sua proiekturako lorbide izan dela uste al duzue?
 
Bai, eragina izan du. Dena dela, aurretik ezagutzen genuen Xanti Rodriguez. Lehen diskoa argitaratu genuenean, hark Internet bidez ezagutu zuen gure musika, eta gure abestietako bat bere argazkien ikus-entzunezkoa egiteko erabili zuen. Harrezkero, lagun egin eta elkarrekin zerbait egiteko gogoa piztu zitzaigun. Horrela, Itzalen sua-ren ideia bururatu zitzaionean, gugana jo zuen.
 
Zer izan da zuentzat?
 
Sekulako luxua izan da. Xantik egiten duen lana ikaragarria dela iruditzen zait. Era berean, Fernando eta Gaumin argitaletxeko jendea ezagutzeko aukera izan dugu, baita parte hartu duten aktore eta pertsona ezagun horiek guztiak ere. Esperientzia berria izan da guretzat. Hainbat kultur diziplina proposamen berean uztartzea itzela izan da. Proiektuak bigarren zati bat edukitzea gustatuko litzaidake, honako hau nahiko azkarra izan delako.
 
Bi disko urte berean, ez da makala.
 
Guk iazko martxoan atera genuen bigarren diskoa, eta Itzalen sua Durangoko Azokarako argitaratu nahi zuten. Beraz, diskoaren aurkezpen biratik bueltan, gogotik egin genuen lan, soinu-banda hilabete oso gutxitan gorpuztuz. Prozesua patxadatsuagoa izatea nahiko nukeen, proiektuaz hobeto gozatzeko. Aurrera begira, antzerako zerbait egitea gustatuko litzaidake, baina, agian, anbizio handiagokoa. Nik uste dut Xantik dagoeneko baduela zerbait buruan. Ea jarraipena duen.
 
Nazioartean birak egin dituzue, baina Euskal Herrian oraintsu eman zarete ezagutzera. Itzalen sua-k horretan lagunduko dizuela uste al duzu?
 
Hala izatea espero dugu. Atzerrian aritzen gara gehienbat, eta pena ematen digu etxean kontzerturik ez jotzea. Euskal Herrian aritzeko gogoa ere bagenuen, eta ikusiko dugu proiektu honi esker gehiago ezagutzen gaituzten. Agian, punk edo rock zaleagoa da euskal entzulea. Guk lantzen dugun musika generoak arrakasta handiagoa du Europan. Diabulus In Musicarekin batez ere Belgikan eta Alemanian jo dugu. Nik uste dut ezjakintasunagatik dela, egiten dugun estiloa ez delako gehiegi ezagutzen.
 
Oraingo honetan, gainera, ingelesa euskaragatik ordezkatu duzue.
 
Egundoko erronka izan zen niretzat. Proiektua euskaraz zenez, abestiak euskaraz egitea zen logikoena. Fernandok istorioaren gidoia bidali zidan, eta konposizioetarako moldatu genuen. Euskarazko abesti bat egin nuen The wanderer diskorako ere, eta ongi atera zenez, nik uste dut hurrengo diskoetan ere euskarazko piezaren bat sar dezakegula.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide