Udalak bat egin du Herrirak urtarrilaren 12rako Bilbon deitutako mobilizazioarekin

Uztarria.eus 2013ko urt. 9a, 19:18

Mozioa onartu zuten atzo, asteartea, urtarrileko ohiko Udalbatzarrean, Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Hamaikabateko Aitor Arangurenek ez zuen bozketan parte hartu.

Azpeitiko Udalak bat egin du Herrira mugimenduak urtarrilaren 12rako Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira goiburuarekin deitu duen mobilizazioarekin.

Horren karira mozioa onartu zuten atzo, asteartea, urtarrileko ohiko Udalbatzarrean. Herrira-ren mozioa Bilduk aurkeztu zuen, eta Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu zuten mozioa. Aitor Gorrotxategi zinegotzi jeltzaleak azaldu zuen mozioaren edukiarekin eta eskaerekin ados zegoela EAJren taldea ere, baina alderdiak mobilizazioa ez babestea erabaki duela. Hamaikabateko Aitor Arangurenek ez zuen bozketan parte hartu.

Hau da mozioaren edukia, osorik:

"Herrira mugimenduak, Giza Eskubideen Deklarazioaren edukia aintzat harturik, euskal presoei aplikatzen zaizkien espetxe-neurri salbuespenekoak indarrik gabe uztea eskatzen du.

Zehazki, sakabanaketa-politikari amaiera ematea eskatzen dugu, kartzelan dauden pertsonek eskubidea baitute zigorra etxetik hurbil betetzeko. Gaixotasun larria duten hamahiru presoak libre geldi daitezela, eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia bete dadila zigorra osorik bete duten 67 presoak aske utziaz. Horien artean, Juan Karlos Arruti azpeitiarra aurki dezakegu; 23 urte daramatza kartzelan, eta 2009. urtean zigorra osorik bete ondoren etxean izateko eskubidea du. 2012an, esate baterako, hamasei istriputan, presoen berrogei bat senitarteko edo adiskidek izan dute kalteren bat, larritasun maila desberdinekoak.

Salbuespen neurri hauek sufrimendu handia eragiten dute euskal gizartean. Bai zuzenean neurri horiek jasaten dituztenei, bai gizarte osoari ere, apustu garbia egin baita garai berrietan bakearen eta giza eskubideen errespetuaren alde. Eta ez da asko eskatzea lege arrunta aplikatzea, nahiko baita legea aplikatze hutsarekin sufrimendu honekin bukatzeko.

Herrirak egiaztatu du gehiengo handiak bere egiten dituela aipatutako eskaerak. Horregatik, proposamena egiten die herritarrei giza eskubideen eta erbesteratuen problemari heltzeko, modu eraikitzailean eta egiazko konponbideak bilatu nahian betiere.

Eskaera honen atzean gizartea dagoela ikusarazteko, akordio sozial zabal honen ispilu izan dadin, Herrira mugimenduak manifestazio handi baterako deia egin du. Mobilizazioa Bilbon izanen da, urtarrilaren 12an, goiburu honekin: Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira.

Horregatik guztiagatik, erabaki hauek hartzeko eskatzen diogu Azpeitiko Udalari:

  1. Udalaren kezka adieraztea astebururo presoen senitarteko eta lagunek sufritzen duten arriskua dela eta, eta elkartasuna adieraztea sakabanaketaren biktima guztiei.
  2. Espainiako Gobernuari eskatzea, bete dezala Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2012ko uztailean emandako epaia eta, ondorioz, libre utzi dezala lehenbailehen gure bizilagun Juan Karlos Arruti, 2009an bere zigorra bete baitzuen (23 urte daramatza kartzelan).
  3. Aditzera ematea Udala prest dagoela herriko bizilagun presoen giza eskubideen defentsan lan egiteko, eta haien senitarteko eta hurbilekoen egoera arintzeko.
  4. Horregatik guztiagatik, udal honek bat egiten du Herrira mugimenduak deiturik urtarrilaren 12an Bilbon Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira goiburuarekin eginen den mobilizazio orokorrarekin, eta adierazten du prest dagoela akordio sozial zabal horren alde lan egiteko.
  5. Udal honek erabaki honen berri emanen die herritarrei, eta bakearen eta giza eskubideen errespetuaren aldeko lanean inplikatu daitezen animatuko ditu udalerriko bizilagunak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide