Leire eta Goreti Iriarte Nazabal sansebastianetako haurren daborradako karrozarekin dabiltza buru-belarri azken asteotan. Azpeitiar ahizpek irabazi zuten 2013ko karroza lehiaketa, eta Joan Antxieta irudigilea izango da karrozako gaia. Iriarte Nazabal ahizpekin hitz egin du Uztarria.com-ek.
Proiektua bion artean egitea erabaki zenuten. Zer moduzko esperientzia izan da?
Esperientzia ederra izan da. Gu ohituta gaude karrozen kontuarekin, gure aita Jose Inaziok aspalditik egin izan ditu-eta tailerrean. Kioskoaren karroza izan zen gure aitak Inazio Agirre Ederti-rekin batera egin zuen aurrenekoa. Inazioren alaba Mari Karmenekin ere hainbat egin ditu, harrezkero.
Hainbat urtetan inbidia pasatu genuen. Izan ere, beste pertsona baten ideia izaten zen, berak diseinatzen zuen eta guk egin egiten genuen. Askotan iritzia galdetzen ziguten, baina ez zen gure azken hitza izaten. Oraingoan, berriz, geu ari gara lanean hasieratik. Beno, aita hor daukagu atzetik, eta esaten dizkigu "honela egingo nuke nik” eta antzekoak, baina geu ari gara, egiten, margotzen... eta esperientzia oso ona ari da izaten.
Zer dela-eta aurkeztu zenuten proiektua?
Jendea ikusten genuen karroza egiten eta gogoa izaten genuen geuk ere. Bulegoko leihotik ikusi izan dugu karrozak egiten, eta beti izan dugu aurkezteko gogoa. Aukera zegoen aurkezteko, eta gogo faltarik ez genuenez... Gainera, garai hauetan lana nahi izaten da enpresarako, eta aukera genuen horretarako. Nolako karroza egin geuk erabakitzea ere nahi genuen.
Zer moduzkoa iruditu zaizue aurtengo karrozaren gaia?
Gaiak asko eragiten du eta gai hau... Egia da, horrelakoetan konturatzen zarela pertsonaia horrek zer nolako eragina izan duen, eta zein garrantzitsua izan den. Gaia delikatua da. Elizako erretaulako eskulturak egiten zituen, eta erlijioarekin zerikusia duen gaia da. Baina, beno, egin dugu zerbait.
Nola lortu duzue Antxietari buruzko informazioa?
Interneten ez dago Antxietari buruzko informazio asko. Lehenengo Loiolako liburutegira joan ginen, eta han asko lagundu ziguten. Gero, Enparan Dorretxeko Udal Liburutegira jo genuen eta bertako langileak Pako Epelde aipatu zigun. Epeldek Antxietari buruzko liburu bat eta azalpen ugari eman zizkigun.
Noiz hasi zineten karroza egiten?
Urtarrilaren 3an hasi ginen karroza egiten, berandu. Ja bukatzen ari gara, margotzen ari dira, eta bihar-edo bukatuko dugu.
Jendeak karrozaren inguruan zer esatea gustatuko litzaizueke?
Iritzi zintzoa ematea nahiko genuke. Axola, axola digu jendeak esaten duenak, baina ez dadila ondo gelditu asmoz esandakoa izan. Jendeak egia esatea nahiko genuke.
Gainera, jendeak pentsatzen du musikoa zela Antxieta, eta karroza ikusitakoan "zer da hau?" esango du. Antxieta hau ez da musikoa, irudigilea baizik.
Egin duzuen lanaren harira, zerbait aurreratzerik bai?
Karrozan Antxietari buruzkoa da zati handi bat, baina bada beste zati bat, eskultura mailan izan zuen garrantziaren ingurukoa. Izan ere, Jorge Oteizak eskultura bat eskaini zion Antxietari eta Iruñean dago. Oso polita da, eta eskultura hori ere errepresentatu dugu karrozan.
Lehenengo zati hori ikusten da, eta jendeak ez du ezer ulertuko ikusitakoan. Antxietak sartu zuen hona kurbaturaren kontua, eta hori eskertzeko egin zion eskultura Oteizak.
Konturatu gara, Antxieta azpeitiarra dela, inork ez duela ezagutzen hemen, eta oso garrantzitsua izan zela bere garaian. Beste herrietan, berriz, oso ezaguna da, lan asko herri horietarako egin zituelako. Azpeitian ere, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian, bazen Antxietaren lan bat, baina kendu egin zuten.
Karroza egitea erantzukizun handiko lana al da?
Bai, hala da. Dena lotu behar da eta guztiak ondo atera behar du. Pentsatzen dena baino lan gehiago ematen du. Azkenean kezka sortzen da, denak gustura uztea nahi duzu... Karrozako haurren janzkeraz eta ile-apaindegiaz ere geu arduratzen gara, eta horrek ere lana ematen du. Baina, karrozan aterako diren umeak, Karmelo Etxegarai ikastolako bost, mundialak dira.
Halako lana izanda, berriz aurkezteko gogorik ba al duzue?
Datorren urtean berriz aurkeztuko gara, aurtengoak gogo gehiagorekin utzi gaitu-eta. Dena den, nahi duzulako aurkezten zara lehiaketara eta lana da. Karrozaren prozesua gertutik bizi izan dugu urteetan, eta ez dugu sorpresarik hartu egiterakoan. Hasteko irrikitan geunden, eta oso ondo joan da dena.