Abstrakzio perfektuak ereiten

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko urt. 17a, 16:49

Juan Mari Olaizola, bere margolanen aurrean. (ANE OLAIZOLA)

Juan Mari Olaizolak 40 margolan jaso ditu Azpeitiko Betharram aretoan, Artetik artera izeneko erakusketan. 

"Aurretik masaje emaile gisa egiten nuen lan, eta niretzako masajeak ematea arte bat zen. Lan egiteari, ordea, utzi egin behar izan nion, osasun arazo bategatik, eta, orduan, etapa berri bati ekin nion: margotzeari". Bata utzi eta bestearekin hasi zenez, Artetik artera izenburua jarri dio Juan Mari Olaizola azpeitiarrak bere estreinako erakusketari. Betharram areto berrituan paratu du, eta urtarrilaren 27a bitartean dago ikusteko aukera; astean zehar, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Olaizola autodidakta gisa hasi zen margotzen, duela zazpi urte inguru. "Ez dut inon ikasi margotzen. Nolabait esateko, buruan sortzen zaizkidan gauzak kanporatzen ditut", aditzera eman du. Erakusketan 40 margolan jaso ditu, orain arte egindako lanaren erakusgarri: "Orain arte egin dudana eraman dut erakusketara. Bakar batzuk kanpoan utzi ditudan arren, gehientsuenak bertan ikus daitezke".

Artistaren proposamen piktorikoa abstraktua da. Berak "abstrakto perfektu" gisa definitzen du: "Askotan margolan abstraktuetan lerro edo ibilbide lodiak nagusitzen dira. Nik, aldiz, pintzel txikiekin egiten dut lan, bukaera zehatzak emanez, perfekzioa lortu nahian".Margolan koloretsuak dira guztiz; izan ere, denetariko koloreak nahastu ditu azpeitiarrak bere koadroetan.

"Askotan koloreak zeure aldartearen arabera aukeratzen dituzu. Adibidez, itzalita baldin bazaude, kolore ilunagoak erabiliko dituzu". Egunotan erakusketa bistarazi duen jendeari ere deigarria egin zaio Olaizolaren kolore aniztasuna: "Egunero ere ez gaudelako berdin animikoki". Horrez gain, momentuan momentuko egoerak ere igortzen saiatzen da margotzerakoan.

Beldurrik gabe

Estreinakoa izaten da normalean zailena. Bati baino gehiagori errespetua edo bertigoa sorrarazten dio bere lana jendaurrean erakusteak. Olaizolaren kasua, aldiz, guztiz alderantzizkoa da. "Gauzak ongi egiten direnean ez da inolako beldurrik izan behar. Uste dut gauzak txukun antzera egin ditudala, eta oso lasai aurkeztu ditut. Inolako kezkarik gabe, alegia". Baina, zer da Olaizolarentzat margotzea? Zer suposatzen du? "Barruko sentimenduak eta egonezinak kanpora ateratzeko era bat da. Hori guztia espresatzeko eta azaleratzeko bide ematen dit. Barruak hustutzeko tresna da, azken finean".

Betharram areto berrituan antolatu dute Artetik artera, eta kokalekuarekin ere pozik agertu da margolaria. "Areto egokiaren bila aritu naiz, pixka bat itxaroten. Erakusketa 40 margolanek osatzen dutenez, ez da edozein tokitan kabitzen. Lekua behar dute, eta, egia esan, oso gustura geratu naiz Betharram aretoan nola geratu diren ikusita".

Betharrameko aretoa joan den uztailean eraberritu zuen Azpeitiko Udalak. Aretoa handitzeaz gain, hormak txukundu eta argiztapen berria jarri zituzten. Harrezkero, hainbat erakusketa antolatu dute, eta aurrerantzean ere ez da hitzordurik faltako. Uda bitartean, aretoko egitaraua beteta dagoela jakitera eman du Udalak, eta herriko zein inguruetako artisten erakusleiho izango da.

Uztarria aldizkarian

Juan Mari Olaizola protagonista izan da Uztarria herri aldizkarian ere, urtarrileko zenbakiaren erreportaje nagusian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide