Gaur egingo dituzte danborradak ikastetxeetan

Uztarria.eus 2013ko urt. 17a, 18:23

San Sebastian eguneko umeen danborradarako azken entsegua, berriz, bertan behera gelditu zen atzo Izarraitz frontoian, arazo teknikoengatik.

Aurten San Sebastian bezperaren bezperan ospatuko dituzte herriko ikastetxeetan bertako danborradak. San Sebastian bezpera arratsaldez egin ohi dituzte danbor jaiak baina, aurten urtarrilaren 19a zapatua denez, egun bat aurreratu eta gaur, ostirala, egingo dituzte.

Urtero legez, egurialdiari so ibiliko dira ikasle eta arduradunak eta aurreikuspenak, behintzat, ez dira oso onak. Euria egin dezake eta, horregatik, eguraldiaren arabera aldaketak ere egon daitezke ikastetxe bakoitzaren egitarauetan, batik bat aire librean ala estalpean egitearen arabera.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin 16:00etan hasiko dute festa Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, berriz, bi eraikinetan egingo dituzte danborradak: Euskal Herria kalekoan, 15:30ean hasiko da Haur Hezkuntzakoena, eta Perdillegikoan 16:15ean Lehen Hezkuntzakoena.

Iraurgi Ikastetxean, eguraldi ona egiten badu 16:00etan hasiko da Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBH 1 eta 2ko ikasleen danborrada, Betharramen. Aldiz, eguraldi txarra egingo balu, Haur Hezkuntzako umeek eta DBHko ikasleek lehengo Milagrosako eraikinean egingo dute, 16:00etatik aurrera; eta Lehen Hezkuntzakoek, berriz, 16:30ean, Betharramen.

Azken entsegurik gabe

San Sebastian eguneko umeen danborradarako azken entsegua, berriz, bertan behera gelditu zen atzo, osteguna, Izarraitz frontoian, arazo teknikoengatik.

16:00etan zuten egitekoa aurtengo hirugarren eta azken entsegu saio nagusia. Igandean kalera aterako diren ikastetxe eta elkarteetako taldeak ordurako azaldu dira pilotalekura, baina ezin izan dute entseatu, musikarik ezin izan dute-eta martxan jarri. Ordu erdiz zain egon ondoren, danbor-jotzaile gazteak ikastetxeetara itzuli ziren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide