Valentin Bengoaren 27 minutuko hitzaldi "motza"...

Uztarria.eus 2013ko urt. 24a, 19:55

"Honezkero aspertuta zaudete. Horregatik, motza izaten saiatuko naiz" esanez ekin zion atzo arratsean Valentin Bengoak bere hitzaldiari Bilboko Euskalduna jauregian ELAk berari eginiko omenaldian, eta ia ordu erdiko hizketaldia atera zitzaion. Jendea ez zen harrituko, hitz jario handikoa baita hura. Ia minutu guztietan gazteleraz aritu zen —barkamena eskatu zuen aurrez—; "euskaraz ahal dudana esaten dut, baina ez nahi dudana".

Valentin Bengoak ELAren XIII. Kongresuan egindako hitzaldiko pasarte batzuk:

- ELAko buruek proposatu ziotenean aurten omenaldia egin nahi ziotela, ironiaz ezezkoa eman zien, "hemendik lau urtera bizirik egoteko asmoa" duelako. "Problema hurrengo kongresurako lagatzeko proposatu nien. Ez zidaten onartu. Hauek, nonbait, ni garbitzea nahi dute...". Aurten 90 urte beteko ditu Bengoak.

- "Ni ez naiz beharrezkoa sentitzen [ELAn]. Enbarazu ez egiteko jarrera hartu dut. Baina daramazuen martxak gainditu egin nau. Zuen bidelagun izan nahi dut".

- "Sindikalgintza, eta batez ere ELA, izan da nire bizitzako ardatz nagusietakoa. Merezi izan du, eta oso pozik nago".

- "Txikitatik hasi nintzen ELAgatik interesatzen, aitari esker".

- "ELAren alde lan egin dutenei eskerrak eman nahi dizkiet. Haietako asko ia inork ez ditu ezagutzen, baina halakoei gabe ELA ez litzateke gaur egun dena izango".

- "Esango dugu behingoz, gure artean: gora piketeak! Haien jarrerak eta ekintzak ezabatu egin nahi dituzte".

- "Sistema honek ez du bihotzik".

- "Sindikalista bati zergatik jartzen dizkiote zailtasunak? Sindikalistak sekula ez duelako etsitzen, badakielako egin behar duena zer den eta baikor estrategiko bat delako. Segitu, beraz, lanean. Sindikalista batek badaki batailak batzutan galdu egiten direla, baina gerra, irabazi eguingo dugu".

Aretxabaletan jaio zen Bengoa, 1923an, jesuita da, eta Loiolako santutegian 50 urte pasatxo daramatza. 2011ko maiatzean ELAren Landeia aldizkariak elkarrizketa bat egin zion (hemen), eta Azpeitiko kontuez ere aritu zen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide