Bekak, Azpeititik Swazilandiarako

Uztarria.eus 2013ko urt. 25a, 10:36

Mikel eta Amaia Garmendia arkupetan, liburu eta disko saltokian.

Amaia Garmendiak eta haren lagunek ostiral arratsaldeak eta zapatu goizak plazako arkupetan ematen dituzte, jendeak emandako bigarren eskuko liburu, CD eta DVDak saltzen. Jasotzen dituzten sosek Afrikarako bidea hartzen dute, Amaiaren anaia Mikelen bidez.

Etxetik etxera. Azpeitian aste batzuk igaro eta San Sebastian egunaren biharamonean hartu zuen Mikel Garmendiak Swazilandiarako bidea. 59 urteko azpeitiarra salesiarra da eta 31 urte daramatza Afrikan, "bizi erdia baino gehiago". Uztarria harekin eta Amaia arrebarekin egon zen itzulerako bidaiaren aurretik, Azpeititik Swazilandiarako bidea egiten duen diru-laguntzaren nondik norakoez solasean.

Aurreneko bost urteak Beninen egin ondoren, 26 urte bete ditu jada Swazilandian Mikel Garmendiak, Mozanbike eta Hego Afrika artean dagoen herrialde txikian. Eta ez du itzultzeko asmorik, ez behintzat betirako: "Bi urtean behin etortzen naiz hona, ikastetxeko udako oporren tartea baliatuta, Gabon inguruan, pixka bat deskantsatu eta familia ikustera. Gustura etortzen naiz, baina hemen gelditzea zail egingo litzaidake. Neure burua ez dut ikusten, beste bizimodu bat da". Euskaraz ari da, baina tarteka erderen makuluari kolpeka, ingelesari gehiago, gaztelaniari baino.

Irakaslea da Garmendia, salesiarrek Manzini hirian -100.000 biztanlerekin, herrialdeko populatuena- duten ikastetxean. "Gure eskolan 1.200 ikasle dauzkagu, 6 urtetik 18 urtera artekoak -kontatzen du-. Nik eskolan egiten dut lan, baina nire komunitateko salesiarrek kaleko umeekin ere egiten dute lan; hiru-lau etxe dauzkagu han, Manzinin. Kalean ume asko dago. HIESa asko zabalduta dago, munduan gaixotasun hori zabalduenetakoa dagoen herrialdea da Swazilandia; biztanleriaren %40 HIESak kutxatuta dago. Hori dela eta, umezurtz asko dago, kaleetan, eta haiei laguntzen ahalgintzen gara".

Aipatutako HIESa eta egoera politikoa dira, azpeitiarraren esanetan, Swazilandiaren arazo nagusiak. Izan ere, "herrialde pobrea" da Swazilandia, "baina miseriarik ere ez daukagu. Afrikako beste herrialde batzuekin alderatuta, dezente ondo gaude; pobre, baina normal bizitzeko lain". Marokorekin batera, Afrikan gelditzen den monarkia absolutista bakarra da Swazilandiakoa eta, Garmendiari entzunda, sistema politiko hori da herrialdearen egoera hobetzeko oztopo nabarmenena. "Gure erregea han dago, jaun eta jabe. Demokrazia gutxi, alderdi politikorik ez, sindikaturik ez... denak debekatuta daude. 13-14 emazte baditu. Jendearengandik oso urruti bizi da; bera hantxe dago eta ez da asko kezkatzen jendearen arazoekin, pobreziarekin. Lotsagarria da. Diru mordoa dauka, aberatsa da, ondo bizi da hura". Belaunaldi berriak hezkuntza aldetik gero eta jantziagoak direla eta "hemendik urte batzuetara" egoera aldatuko dela da Garmendiaren esperantza, "aldatu beharra dauka. Penagarria da, izan ere, jendea pobretasun hartan ikusi eta erregea eta bere familia luxu horiekin bizitzen ikustea".

"Hau ez duk zerutik erori"

Hemengo krisiaren ondorioz Europako erankundeen "iturriak itxi" zaizkien honetan, guztiaren beharra dute Swazilandian ari diren salesiarrek ere. Azpeititik, Amaia Garmendiak eta lagunek saltzen dituzten liburu eta diskoetatik iristen zaiena "izugarri ondo" datorkie, horrenbestez.  Dirurik ez duten ikasleei ikasketak ordaintzeko bideratzen dute diru hori, Mikel Garmendiak azaltzen duenez: "Eskola ordaintzeko erabiltzen dugu hemengo dirua. Han alfabetizazioa ondo antolatuta dago, baina arazoa da jendeak ez daukala eskola ordaintzeko dirurik. Amaiak bidaltzen didanarekin, hiru-lau ikasleri urtebeteko ikasketak ordaintzen dizkiegu. Ikasketa bekak dira, azken finean".

Hispanoko arkupetan, ostiraletan 17:00etatik 20:00etara eta zapatutan 11:00etatik 13:00-14:00etara jartzen dute liburu eta musika saltokia, "euririk ez denean, bestela dena bustintzen zaigu eta". Kasualitatez sortutako ekimena dela esan daiteke. Herriko gizon batek istripuz hil zitzaion semeak etxean zituen disko eta liburuak eskaini zizkion Amaia Garmendiari, eta hor hasi zen dena. "CD batzuk izango zirelakoan joan nintzen haren etxera, eta egundoko bilduma zeukan; bi edo hiru buelta egin behar izan nituen haien bila. Nik CD bat edo beste neuretzat hartuko nituela pentsatu nuen, baina gainerakoei irtenbide bat eman behar eta, 'Afrikarako zergatik ez?', otu zitzaidan. Bilduma-jabearen aitari esan nion, eta halaxe salgai jarri genituen". Saltokia jartzen hasi zirenean galdezka joan zitzaien jendea, ekimen haren berri izateko ere bai. Eta, zeukatena saltzeaz gain, etxean zituzten liburuak eta CDak emateko prest zegoen jendea aurkitu zuten.

Bigarren eskuko materiala, izan liburu, CD edo DVD, euro batean saltzen dute; zenbait argitalpen berri ere iristen zaizkie, ordea, eta haiek hiru eurotan ematen dituzte. "Hauentzako -anaiaz ari da- diru mordoa da, eta hasierako materiala utzi zidan gizona ere zoratzen, semearen gauzak helburu on baterako erabili ahal izan dituelako". Denborarekin, etxean gorde ahal duena baino material gehiago pilatuz joan da Amaia Garmendia, guztia herriko jendeak emandakoa, eta materialarentzako gordailu egokiagoa topatu behar izan du. Horrela, "oso eskertuta" dago, bai liburuak eta diskoak ematen dituzten azpeitiarrekin, bai guztia txukun gordetzeko euren lokalean tokia egin dioten Mixio Taldekoekin.

Amaia arrebaren bidez jasotzen duen laguntza asko eskertzen du Mikel Garmendiak. "Laguntza ederra da, eta ez bakarrik guretzat suposatzen duenarengatik, baizik atzetik daukan lanagatik, laguntza hori lortzeko moduagatik". Bereziki azken aldagai hori nabarmentzen die Garmendiak Manzinikoei. "Amaiaren dirua hara eramaten dudanean beti esaten diet, 'hau ez duk zerutik erori'. Zenbat lan, zenbat maitasun, zenbat dedikazio... Ostiraletan, zapatuetan, hor egotea, lana da, eta hori asko estimatzen dugu", dio. Azpeitiko jendearen erantzuna ere ez dauka saltzeko: "Aurrekoan egon nintzen beraiekin, eta hunkituta egon nintzen". Esker oneko hitzak besterik ez ditu, eta oroigarri bat: "Hemengo bi-hiru txanpon diru asko da han".

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide