Tarifa murriztu berriak ezarri ditu Burdinbidearen Euskal Museoak

Uztarria.eus 2013ko ots. 5a, 18:54

Langabezian daudenek, ikasleek, minusbaliatuek, familia ugariek eta 65 urtetik gorakoek gutxiago ordainduko dute aurrerantzean. Bestetik, familiei zuzendutako bisita gidatuak eta gida didaktikoa eskainiko ditu museoak hil honetatik aurrera.

Otsailaren 1etik indarrean dira tarifa murriztu berriak Burdinbidearen Euskal Museoan. Horiekin, langabezian daudenek, ikasleek, minusbaliatuek, familia ugariek eta 65 urtetik gorakoek gutxiago ordainduko dute aurrerantzean.

Museorako sarrera orokorra 3 eurokoa da, bisita librean; eta 6 eurokoa, lurrun trenaren denboraldian bidaia egin nahi dutenentzat. Aipatu taldeetakoren baten barruan dauden pertsonek bisitarako sarrera 2 eurotan lortu ahal izango dute; eta 4 eurotan, lurrun trenean bidaia egin nahi badute. 4 urtetik beherakoak beti doan sartzen dira, baita 5 eta 16 urte bitartekoak ere, nahiz eta azken horiek lurrun trenaren zerbitzua ordaindu egiten duten. Tarifa murriztu berriekin, "zailtasun ekonomiko handiagoak izan ditzakeen biztanleriaren sektore hauei ondare historikora gerturatzea errazteko ahalegin bat egiten saiatu" direla adierazi dute museoaren arduradunek.

Familientzako ekimen berria

Tarifa murriztuekin batera, otsailean beste ekimen bat ere jarriko dute martxan trenaren museoan. Hain zuzen ere, museoko bilduma iraunkorra ezagutu nahi duten familiei zuzendutakoa da ekimena, haientzako bisita gidatuak eta gida didaktikoa aukeran jarri baitituzte.

Proiektu horrek egun 5 euroko kostua izango du eta 9 eurokoa, berriz, lurrun trenaren denboraldia martxan jartzen dutenean. Larunbatetan 11:00etan eta 17:00etan, eta igandetan 11:00etan, izango dira familientzako bisita gidatuak, kupoa bete arte. Interesatuek museoaren harreran eman behar dute izena ordu hori baino lehen. Bisita euskaraz izango da goizez eta gaztelaniaz arratsaldez.

Familiek gida erosteko aukera ere izango dute, hala nahi izanez gero, eta ibilbidea beren kasa gauzatu

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide