Egoki biltzetik berrerabiltzera

Urola Kostako Hitza 2013ko ots. 14a, 17:23

Haritz Gurrutxaga, Lapatxeko Garbigunean jarri duten berrerabilpen gune berrian. Jada utz daitezke bertan egoera onean dauden gauzak. (ONINTZA LETE ARRIETA)

Lapatxeko Garbigunean berrikuntza bat prestatzen ari dira. Izan ere, Garbiguneak berrerabilpen gune bat izango du laster. Horri esker, Garbiguneetako erabiltzaileek bertara eramaten duten materiala beste herritar batzuen eskuetan uzteko aukera izango dute. "Azpeitiar askok ez dakite Garbigunea non dagoen, horrek harritzen nau, dio Garbigunean lanean ari den Haritz Gurrutxaga zabortegiko teknikariak.

Hondakinen sailkapenak aldaketak jasan ditu azken urteetan. Herritarrek gero eta aukera gehiago dituzte etxean pilatzen diren era guztietako materialak zaborretara bota beharrean toki egoki eta seguruan uzteko. Horretarako daude, esaterako, Garbiguneak. Bertan materiala sailkatu egiten dute, gero birziklatu daitekeena birziklatzeko, eta gainerakoa tratatzeko. Eskualde honetan bost Garbigune daude: Zarauzkoa eta Azkoitikoa dira zaharrenak(Zarauzkoa 2001ean jarri zuten martxan eta Azkoitikoa 2004an); ondoren etorri ziren Zumaiakoa (2005), Aia-Oriokoa eta Azpeitikoa, Lapatx zabortegiaren barruan (2010ean azken bi hauek).

Azpeitiko Garbigunean, berrikuntza bat prestatzen ari dira dagoeneko. Izan ere, Garbiguneak berrerabilpen gune bat izango du laster. Horri esker, Garbiguneetako erabiltzaileek bertara eramaten duten materiala beste herritar batzuen eskuetan uzteko aukera izango dute. Egoera onean dagoen materiala berrerabilpen gunean utzi, eta hura erabiliko duen beste herritar batek doan hartu ahal izango du. Izan ere, gaur egun materiala Garbiguneko dagokion edukiontzian utzi ondoren, ezin da hura handik hartu beste inori emateko. Dena dela, herritarrak berak erabakiko du Garbigunera eramaten duen produktu hori berrerabilpen gunean utzi ala edukiontzira bota nahi duen.

Aurrez fabrikatutako etxola jarrita dute jada Lapatxeko Garbigunearen eremuan, eta orain erabilpenaren inguruko arauak zehazten ari da Urola Erdiko Mankomunitatea, gunearen ateak behin betiko ireki aurretik. Mankomunitateko lehendakari Leire Etxanizek azaldu duenez, "garrantzitsua da arauak ondo zehaztea, beste toki batzuetan izan dituzten arazoak saihesteko". Izan ere, gune berria jarri aurretik Tolosako Garbigunea bisitatu zuten, hango eredua bertatik bertara ikusteko. "Han arazo batzuk izan dituzte, pertsona batzuek ahal zuten material guztia hartzen zutelako, ustez gero saltzeko. Horrelako portaerak ekidin nahi ditugu zerbitzua araututa".

Irekiera datarik ez du berrerabilpen guneak, baina herritarrek dagoeneko utz ditzakete bertan nahi dituzten gauzak. "Egoera onean dauden gauzak eraman behar dira, bestela zakarretara botatzen direnak edo ganbaran alferrik gordeta daudenak, botatzeak pena ematen duelako. Gune horretan utzi eta behar duenak hartzeko aukera izango luke", azaldu du Etxanizek.

Momentuz tamaina txiki eta ertaineko produktuak gordeko dituzte berrerabilpen gunean. Aurrerago, gauza handiagoentzako tokia jartzeko aukera badagoela esan du Etxanizek. "Erabiltzaileen beharren arabera moldatuko dugu zerbitzua, hori da gure asmoa".

Helburu zehatzekin

Garbiguneen helburuak argiak dira: hondakinetan dauden materialak berreskuratzea da asmoa, gero haiek birziklatzeko. Horrekin batera, hondakinak kontrolik gabe isurtzea ekidin nahi da zebirtzu honen bitartez, baita zabortegi kontrolatuetan tratatu edo desagerrarazi behar diren hondakinak gutxitzea ere.

Garbiguneen erabiltzaile nagusiak bi dira: alde batetik herritarrak daude, eta bestetik, eraikuntzako gremio txikiak eta merkatariak. Erabiltzaile bakoitzak bertan utzi dezaken material edo hondakin kopurua ere mugatuta dute Garbiguneek. Hala, erabiltzaileek asteko 750 kilo eta 2 metro kubikoko bolumena bota dezakete gehienez.

Iazko datuek erakusten dute zerbitzuak mugitzen duen material kopurua ez dela nolanahikoa. Garbigunean biltzen diren material mota guztiak kontuan hartuta, Zarauzko Garbigunean jaso ziren kilo gehien: 1.244.991 kilo, Urola Kostako Udal Elkarteak emandako datuen arabera. Hala ere, datu horiei zaborrarena kenduz gero, emaitza piska bat gutxitzen da (1.013.791). Zumaiako gunean 737.426 kilo jaso zituzten. Honi ere kenketa bera eginda, 632.326 kilo liratezke. Azkenik, gainerako hiru Garbiguneetan kilo kopuru gutxiago bildu zituzten: Azkoitikoan 386.131 kilo, Azpeitikoan 377.50 eta Aia-Oriokoan, berriz, 363.078 kilo (zaborra kenduta, 284.338 kilo).

Bi udal elkarteetako ordezkariek herritarrak animatu dituzte orain arte bezala Garbiguneko zerbitzua erabiltzen jarraitzera, urtean-urtean material gehiago sailkatu eta birziklatu ahal izateko

"Azpeitiar askok ez dakite Garbigunea non dagoen, horrek harritzen nau"

Lapatxeko teknikaria da Haritz Gurrutxaga (Urrestilla, 1977) eta Garbiguneko erabiltzaileei azalpenak ematea da bere zereginetako bat. Lehenengo aldian berak laguntzen die gauza bakoitza toki egokian uzten, eta material bakoitza zer den azaltzen die.

Urtean kilo asko biltzen duzue Garbigunean. Dena herritarrek eurek ekarritako gauzak al dira?

Mankomunitateko zabor brigadak batzuetan ekartzen ditu Garbigunean uzteko moduko gauzak, baina jendeak eta gremio txikiek ekartzen dituztenak dira ehuneko handienean.

Krisi ekonomikoagatik, erabiltzaileen aldetik aldaketarik nabaritu al duzueG arbigunearen martxan?

Nabaritu duguna da jendea gauza gehiagoren bila etortzen dela. Hozkailu bat behar duela eta begiratzerik baduen galdetzen du jendeak, esaterako. Baina ni harritzen nauena da jende askok ez dakiela hau Azpeitian dagoenik. Azpeitiar askok ez dakite hau hemen dagoenik. Lapatx aurrean dagoen zubian gelditzen dira, eta ez dute jakiten aurrera egin dezaketen ala ez. Askotan neuk besoarekin esaten diet pasa daitezkeela.

Zein dira arazo nagusiak Garbigune batean?

Arazoetako bat da jendeak ongi ez bereiztea materialak, edukiontzi okerrean uztea eta gero guk zuzendu behar izatea hori. Garbiguneak bi urte eta erdi ditu, eta batzuk, sarri etortzen direnak, ondo menperatzen dute zer den zer, pazientzia dute, eta dena oso txukun uzten dute. Noizbehinka etortzen denak, berriz, beharbada ez du horrenbeste denbora hartzen gauzak ondo egiteko. Plastikoentzat, esaterako, bi bilgune ditugu; batera birziklagarriak diren gauzak bota daitezke, eta bestera birziklatu ezin daitezkeenak. Saiatzen gara jendeari azaltzen zer plastiko bota daitekeen toki bakoitzera, baina batzuetan alferrik da.

Beste arazorik izaten al duzue?

Jendea etortzen zaigu jada edukiontzietan dauden gauzak hartu nahian, baina berez ezin da halakorik egin. Izan ere, edukiontzi barrukoa hartzean zerbait gertatuz gero erantzuleak gu gara. Horregatik, materiala erabiltzeko moduan baldin badago, hori berrerabilpen gune berrian uzteko eskatzen diegu erabiltzaileei, gero besteren batek erabili ahal izateko. Segurtasun arau batzuk bete beharra dugu, eta berrerabilpen gunea oso ondo datorkigu horretarako.

Egongo da bere gauzak beste inori utzi nahi ez dionik ere, ezta?

Bai, eta horregatik beti galdetu egiten dugu aurrena. Batzuek beren gauzak bota egin nahi dituzte, ez dute nahi inork berrerabiltzerik.

Halako esperientziarik izan al duzue?

Behin pertsona bat etorri zen eski batzuekin, baina ez zuen nahi haiek beste inork erabiltzerik, eta bota aurretik apurtu egin zituen.

Berrerabilpen gunea ofizialki ez dute ireki, baina jendea hasi da gauzak uzten eta hartzen.

Bai, dena bete eta segituan hustu zen berriz. Esaterako, enpresa batetik plastikozko kubeta pila bat ekarri zituzten, 500 inguru izango ziren; jendeari asko gustatu zaizkio, gutxi batzuk gelditzen dira.

Berrerabilpen guneak mugarik ba al du?

Gure arauetako bat da ordenagailurik edo piezarik ez ematea inori. Delikatua iruditzen zaigu, barruan izan dezakeen informazioagatik. Bakoitzaren pribatutasuna errespetatu egin behar da.

Lapatxeko zabortegiaren barruan dago Garbigunea. Zer moduz zaborrarekin?

Tira, Donostialdeko San Markoko zabor guztia hona iristen da, Debabarrenako guztia ere bai... horiek kenduz gero, oso gutxi gelditzen da Garbigunearekin, konpostarekin...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide