Izana da, ez izena

Uztarria.eus 2013ko ots. 20a, 11:58

Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindupean, gaurko egunez 2003an itxi zuten Euskaldunon Egunkaria. Orduan bizi izandako kontuez eta gaurkoez hitz egin du Eneritz Albizu kazetariak Uztarriaren otsaileko aldizkarian Enekoitz Esnaola eta Iban Arregirekin.

Gaur, otsailak 20, hamar urte betetzen dira Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik. Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindupean, hedabidea itxi eta hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, 2003an.

Egunkaria itxi zuten, baina haren jarduna ez da eten. Langileek proiektuan sinesten zuten eta nortasuna mantenduz, Egunero argitaratu zuten hurrengo egunerako. Lehendabizi Egunero, eta gero Berria; euskal prentsak eta hori posible egiten duten guztiek ez dute amore eman urte hauetan guztietan. Iban Arregi eta Enekoitz Esnaola, Egunkaria-ko langile ohi eta Berria-ko langile direnak, elkarrizketatu ditu Uztarriak.

Egunkaria-ren azken oroitzapenak

Otsailaren 19an Martxelo Otamendik, Egunkaria-ko orduko zuzendariak, euskarazko prentsaren inguruko hitzaldia eman zuen Azpeitian, eta elkarrizketatuak han izan ziren.
Egun hartan, bi lagun atzetik sentitu zituztela oroitzen dute azpeitiarrek: "Zerbait gertatzen zela nabaritu nuen, baina ez nuen pentsatu ere egin Egunkaria-ren kontrako ezer izango zenik. Gau hartan mugikorra piztuta laga nuen, zerbaiten susmoagatik. Eneko Etxeberria Egunkaria-ko orduko abokatuaren deia jaso nuen, lankideei deitu eta autoz joan ginen Andoaingo AEKra", azaltzen du Esnaolak.
 
Egunkaria-ko langileak Andoaingo AEKn bildu ziren, zer egin ez zekitela, baina kazetarien hitzetan, honakoa izan zen lehen erreakzioa: "Beste egunkari bat atera behar dugu, nola edo hala". Kazetaritza arloan eta eremu juridikoan antolatzen hasi ziren langileak. Iban Arregik "egun hori laino baten barruan bezala ikusten" du, oraindik.

Egunero-ren lehen egunak

Egunkaria-ko langileak hurrengo eguneko egunkaria ateratzea "beharrezkoa" ikusten zuten. Horrela erabaki zen Tolosako erredakzioa erabili eta Tolosaldean Egunero, eskualdeko informazioa eskaintzen zuen egunkaria, Euskal Herriko Egunero bihurtzea. Otsailaren 20ko gauean prest zegoen hamasei orrialdeko egunkaria.
 
Egunero-k sekulako arrakasta izan zuen, Egunkaria-ren batez besteko 14.000 irakurleko kopurua erraz gainditu eta 50.000 ale saldu ziren otsailaren 21ean: "Begira zenbat jendek hartu zuen Egunkaria-ren itxierari esker, lehen aldiz, euskarazko egunkari nazional bat", azpimarratzen du Esnaolak. Arregiren hitzetan, "Euskal Herriarentzat alde ona ere izan zuen 'marra gorria' pasatzeak; ordura arte gaiaz pentsatu ez zuen jendeak kontzientzia hartu baitzuen".
 
Egunkaria-ri jarraipena emateaz gain, mobilizazioak antolatu zituzten langileek. Hala, Egunkaria aurrera! lelopean, otsailaren 22ko manifestaziorako deia egin zen. Esnaolak leloaren garrantzia azpimarratzen du: "beti aurrera, ez gora: 'gora' oso estatikoa da; 'aurrera', berriz, dinamikoa. Lau hilabetera Berria sortu zen, 'aurrera' egin genuelako".

Azpeitia eta Egunkaria-ren itxiera

Gure herriak ere ekarpena egin zion auziari; hamabi azpeitiar langile zeuden Egunkaria-n eta horrek isla izan zuen Azpeitian. Elkarrizketatuen hitzetan, "Uztarriak erabat heldu zion gaiari: orrialde dezente eskaini zizkion euskal prentsari eta kanpainari. Bestalde, Azpeitian akzioetan 59.000€ lortzeko helburua jarri zen, eta 61.520€ lortu ziren. Jende askok egin zuen lan hori lortzeko".

Berria berria

2003ko ekainaren 21a arte, Egunero argitaratzen jarraitu zuten Egunkaria-ko lankide ohiek; baina hauek planteamendu probisional bezala ikusi zuten hasieratik. Lan taldean bi egiteko desberdin markatu ziren: probisionala zen egunkaria, Egunero, aurrera ateratzea eta proiektu berria, Berria, lantzea.
 
Elkarrizketatuek azaltzen dutenez, euren erabakia Berria-ren gidaritza Egunkaria-ko langile ohiek hartzea izan zen: "Ez geunden zerotik beste proiektu bat egiten hasteko prest. Proiektu berriaren oinarri ideologikoak Egunkaria-ren baitan zeudenak izan behar zuten: hor dezenteko borroka egon zen".

Etorkizunari begira

Esnaolak Uztarriari azaldu bezala, euskarazko hedabideek, kasu honetan prentsak, bi krisi dituzte: batetik, euskaldunen kontsumoa, batik bat, erdaraz izatea; eta bestetik, jende gazteak prentsarik ez kontsumitzea. Hori dela eta, etorkizuna nahiko zaila da. 
 
Krisi ekonomikoa ere ezin da alboratu, iragarkietan jaitsiera handiak egon baitira. Berria laguna kanpainaren helburua hori da: dituen harpidedun eta erosleei eustea eta laguntzak lortzea. Elkarrizketatuek aitortzen dute horrelako egitasmoak mantentzeko dirua behar dela eta egoera zaila dela, baina euren hitzetan, "proiektua ezinbestekoa da Euskal Herriarentzat".

Euskaldunon hautua

Herritar guztioi gogoeta egitea tokatzen zaigu orain, euskaldunak sentitzen garenoi: zer eratako prentsa kontsumitu nahi dugu? Esnaolaren hitzetan, "Euskal Herria euskararen herria da, norberak ikusi behar du, hedabide aldetik, nola bizi nahi duen eta nola hazi eta hezi nahi dituen bere seme-alabak; zer eratako erreferentziak eman nahi dizkion". 
 
Axularrek Gero-n, 1643an, honakoa zioen: "Euskaldunek berek dute falta, eta ez euskarak". Kazetari azpeitiarrek ideia bera azpimarratzen dute, euskal hedabideak euskaldunongatik daudela ahul esanaz: "Berria egoera txarrean badago, euskaldunongatik da, informatzerakoan beste hautu batzuk egin ditugulako".

Nortasun bera

2003ko otsailean Espainiako Estatuak Egunkaria itxi ondoren, kazetan lan egiten zuten hamabi azpeitiarrek iritzi hauxe plazaratu zuten Uztarria aldizkarian:
 
"Euskarazko prentsa aurrera!
 
Itxi egin digute Egunkaria. Baina Egunero atera dugu. Eta Egunero ixten badigute, euskarazko beste egunkari bat aterako dugu. Ez dio inporta izenak, izanak baizik. Eta Egunkaria-ren izan horrek ematen dio min Espainiako Estatuari. Euskal Herriaren burujabetzarako ezinbesteko tresna delako euskarazko prentsa".
 
Leire Aramendi, Jon Aranburu, Iban Arregi, Mikel Arregi, Mikel Azkune, Estitxu Elduaien, Oihana Elduaien, Enekoitz Esnaola, Eneko Etxeberria, Asier Legarda-Ereño, Xebaxtian Lizaso eta Kike Zurutuza 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide