'Egunkaria'-ko azpeitiar langile ohien testigantzak

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko ots. 20a, 13:20

Urola Kostako Hitza-k eskualdeko hainbat Egunkaria-ko kazetari ohiren testigantzak jaso ditu. Tartean, azpeitiar batzuenak. Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, 2003an, hamabi ziren azpeitiar langileak.

Urola Kostako Hitza-k eta Uztarria.com-ek Egunkaria-ko hainbat azpeitiar kazetari ohiren testigantzak jaso ditu. Hamabi ziren Egunkaria itxi zutenean, 2003an, azpeitiar langileak: Leire Aramendi, Jon Aranburu, Iban Arregi, Mikel Arregi, Mikel Azkune, Estitxu Elduaien, Oihana Elduaien, Enekoitz Esnaola, Eneko Etxeberria, Asier Legarda-Ereño, Xebaxtian Lizaso eta Kike Zurutuza. Hemen Iban Arregiren, Oihana Elduaienen, Mkel Arregiren, Enekoitz Esnaolaren, Estitxu Elduaienen eta Mikel Azkuneren testigantzak:

Iban Arregi: "Egun haiek gogorrak izan ziren, oso gogorrak; eta auziak oraindik ere eragiten dizu oilo ipurdi deskriba ezin hori. Baina sentsazio horiek alde batera utzita, konturatzen zara zeinen proiektu garrantzitsua zen Egunkaria, zeinen garrantzitsua den euskal komunikazio eremua herri honentzat, naziogintzarako. Horregatik jo zuten Egunkaria-ren kontra, beste hainbaten kontra jo zuten modu berean".

Oihana Elduaien: "Amorrua eta mina. Duela hamar urteko sentimentuak gaur ere, intentsitate desberdinez. Orduan borborka. Guardia zibil hura, bere txuleria guztiarekin patroleko atea zabalik, tente, Parketik alde egiten. Atzetik, pankartaren babesean, amorratuta, garraxi batean. Gaurko amorrua ixila da, baina sakona. Zer egin digute, zer egin diete atxilotuta infernura eraman zituztenei eta Egunkaria-ri berari, zer egin diote herri honi. Zer utzi diegu egiten. Eta ez da ezer gertatzen. Egunkaria-ko auzi nagusian epaitu zitzutenak absolbitu egin zituzten, baina auzi ekonomikoa epaiketara bidean da 13 eta 18 urteko zigor eskaerekin. Egin-eko zuzendaritzako kideak espetxean dira, eta baita Egunkaria auzian atxilotu eta gogor torturatu zuten Xabier Alegria ere. Garikoitz Etxeberria Kafe herritarra politika egiteagatik eduki zuten giltzapean sei urte, eta herriko tabernen auzian laster epaituko dituzte 40 lagun, gauza beragatik. Hainbestetan entzun genuen "Herri Harresi" hura eraikitzeke dago".

Mikel Arregi: "Koloreen amalgama bat bezala irudikatzen ditut nik hilabete haiek. Atxiloketa eta torturen gau beltzetik hasita; telefono deia, eta hiru azpeitiar kotxean, auskalo nora, auskalo zertara. Amorrua. Gero, berde iluna, Guardia Zibilarena. Martin Ugalderen kolore txuri elegantea zipriztintzen zuten patrol eta traje zantarrak.  Donostiako uholde urdina, berde argi esperantzagarriaren abiapuntu. Eta gorria, beste behin, injustizia baten aurrean altxatutako herri eredugarria".

Enekoitz Esnaola: "Itxi zuten Egunkaria duela hamar urte, atxilotu eta inkomunikatu zituzten hamar lagun, torturatu batzuk, epailearen aurretik pasatu, eta bakarren batzuk, kartzelara. Iñaki Uria, esate batera. 500; Azpeititik Aranjuezko kartzelara, 500 kilometro, justu-justu. Uria Egunkaria-ko presoari bisita egiteko, 1.000 kilometro. Horiek egiten nituen bi hilean edo, harekin, kristal bat tarteko zela, 40 minutuan egoteko. Gero, irteeran, maldizioka autora, nola zitekeen hitzaren soldadu bat espetxean edukitzea. Beste 500 kilometro zain. Halako batean, Burgosko kafetegi batean geratu zeozer hartzeko, jaso ordain-agiria, eta euskaraz ere bai! Gurean kostatu egiten zaigu halakoak ikustea, eta Burgosko kafetegi batean euskaraz ere bai kafearen faktura... Hemerotekek diote kafetegi hura ez dutela itxi oraindik epaile baten aginduz eta 300 guardia zibilen armen bidez. Guk faktura jaso genuen".

Mikel Azkune: "10 urte bete dira, bai, eta oraindik amezgaiztoa ez da bukatu. Zortzi lagun daude oraindik auziperatuak epaiketaren zain. Ez da erraza ulertzen. Gogoratzen hasi, eta ahazten ez diren pasarteak dira duela 10 urtetik oso barneratuak ditugunak. Egia da aurrekariak bagenituela komunikabideen artean, eta oso hurbilekoak, gainera: Egin egunkaria eta irratia, Ardi Beltza... Baina inor gutxik espero genuen 2003ko otsailaren 20ko gau beltz hartan zuzenean biziarazi zigutena. Guztia pasatzen da, eta oroimenaren zakuan gordeta gelditzen da, baina denborak agertazten dizkizu gutxiena espero duzunean. Geldi gaitezen euskal biztanlegoan danak momentu hartan erreakzionatzeko izan zuen kapazitate erraldoiarekin. Hala izan ez balitz, gaur seguruenik euskarazko prentsarik ez zen existituko. Egin dezagun lotura Berria proiektuak 10. urteurrenaren ospakizunekin, eta Berrialagunak kanpainarekin bat eginik, bultza dezagun gure ama hizkuntza. Hala bedi".

Estitxu Elduaien: "Gaur goizeko 07:30ean etorri zait aurreneko irudia: gogoratu naiz nola Urrakin gora korrika eta presaka joan ginen Andoainera, larri, dardarka eta urduri. Ordutik, egun osoan daukat barruan zera bat, zulo, tristura moduko bat, gauza gogorrak gogoratutakoan geratzen zaizun gorputzaldi txar moduko hori. Irudiak etortzen zaizkit, egun horretakoak, eta ondorengoak ere bai. Malkoak ere atera zaizkit orduko une latzak gogoratuta, baina irribarreren bat ere bai itxieraren ondotik jaso genuen elkartasuna, laguntasuna eta sortu genuen talde giroko hainbat anekdota gogoratuta. Egunkaria itxi egin zuen guardia zibiliak, kolpe latza eman zigun, baina burua altxatu eta berria Berria egiteko gaitasuna izan genuen. Baina kaltea eginda dago, eta prozesu guztia ez da amaitu: auzi ekonomikoak oraindik epaitegietan jarraitzen du. Hamar urte pasatu dira, orduko amorrua apalduta dago, baina gertatutakoa ezin dugu ahaztu. Ezin dugu ahazten utzi".

Eneko Etxeberria: "Goizeko ordu txikietan jaikita Andoainera abiatu gara, kezkatuta telefonoa hartu behar luketenak ez baitute hartzen. Une batetik aurrera telefonoak ez dabiltza, inkomunikatuta gaude (gerora jakin genuen telefono sarearen matxura bat izan zela). Hala nola Andoaingo AEKn bukatu dugu, guztiok ados jarri gara: egunkaria ateratzea da lehentasuna. Telefonoak erosteko dirua atera dugu banketxetik, goizeko 09:00etan oraindik ez dituzte kontu korronteak blokeatu. Ondoren, langileen batzarra egin dugu, Martin Ugalde Kultur Parkean bertan, atzean patrol berdeak. Erredakziokoek dute lan zailena, gu Donostiara abiatu gara. Lankide batekin topo egin dugu, Donostia erdia kartelez estali du, aupa Jonpa! Daukagun informazio juridiko bakarra anonimo batek faxez bidalitako dokumentu bat da, bertan Auzitegi Nazionaleko Epaitegi Zentralak operazioa abian jarri duela dio. Gara-ko arduradunek argi pixka bat eman digute, eurekin kontatu dezakegu edozertarako. Luze entzuten diegu, aholkuak bat bestearen atzetik. Esperientzia handia dute. Elkar-en saiatuko gara egoeraren azterketa sakonagoa egiten, baina ezinezkoa da. Uneoro, atxilotuen zerrenda handitzen doa, batzuk ezagutu ere ez ditugu egiten, besteekin egunero bazkaltzen dugu. Eguerdian arazo ikaragarriak gainditzen saiatzen gara: banaketa, ordenagailuak, errotatiba, izena, zuzendaria… Dena da arazo, gainera kezkak, urduritasunak, deiak etengabe… Euliak bezala ari gara, baina egunkaria argitaratzeko lanean buru-belarri. Zurrumurruak etengabeak dira: Guardia Zibila itzuliko dela, gainean direla, Audientzia Nazionalak Egin-eko esperientzia ezagututa ordezko egunkaria galarazi duela… Arratsaldean erabakia hartu dugu: egunkaria inor zipriztindu gabe geure baliabideekin argitaratuko dugu Tolosaldeko Eguneron. Nafarroako errotatiban saiatuko gara inprimatzen (Noticias taldeko errotatiban inprimatzen zen Egunkaria), bestela Usurbilen (Gara taldeko errotatiban Tolosaldeko Egunero inprimatzen genuen tokian). Usurbilen bukatzen dugu goizeko 03:30ak aldera, banatzaileei pasatzen utzi diete, banaketa ziurtatuta dago. Etxetik kanpora lo egingo dugu. Beldurra pasatzeko denborarik ez dugu izan. Ondoren etorriko zaigu horretarako aukera. Hamar urteren ostean, injustizia etortzen zait burura. Injustizia, epaituak izateagatik, oraindik epaiketaren zain daudenengatik, 10 urtetan kartzelaren mamuarekin bizitzeagatik, hamabostero sinatu beharragatik, fidantzengatik, enbargoengatik, torturatuengatik, inongo kalteordainik ez jasotzeagatik, atxilotuak izateagatik, lanpostuak galtzeagatik, jarraituak izateagatik, Guardia Zibilarengatik, gure izenagatik, bizitza baldintzatzeagatik, gure lagun Joseluis Elkoro, Joseinazio Zapiain, Xabier Otero, Isidro Murga, Francisco Murga, Manuel Intxauspe, Josemari Zalakain, Pablo Gorostiaga, Xabier Salutregi, Teresa Toda, Xabier Alegria eta Karlos Trenor kartzelatzeagatik, Egin-engatik, Egin irratia-gatik, Ardibeltza-gatik, Euskal Herriagatik eta euskaragatik".


Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide