Antonio Valencia: "Nirea kromo bildumak egiten dituenaren antzeko afizioa da"

Urola Kostako Hitza 2013ko ots. 21a, 17:31

Antonio Valencia, Betharramen jarria duen erakusketan

Argazkilari donostiarrak intsektuei argazkiak ateratzea du gogoko. Azpeitiko hainbat argazki rallytan ibilitakoa da, parte-hartzaile edo epaimahaikide gisa. Orain, Beste zenbait zomorro argazki erakusketa du jarrita Betharram aretoan

Antonio Valencia (Acebo, Caceres, 1957) donostiarra sentitzen da. Extremaduran jaio zen arren, 14 urterekin joan zen Donostiara. "Ia bizitza osoa daramat Donostian". Lanbidez mekanikoa da, auto tailer batean egiten du lan. "Badira 40 urte mekanikoa naizena". Afizioz da argazkilaria. 22 urte darama argazkilaritzan. Azken urteotan, oro har, intsektuei atera dizkie argazkiak, makro objektiboarekin. Joan den asteburuan Azpeitiko Betharram aretoan Beste zenbait mozorro erakusketa zabaldu zuen. Martxoaren 3ra arte egongo da irekita. Gainera, asteburuetan Valencia bera egongo da erakus aretoan, "nahi duten guztiei erantzuteko eta azalpenak emateko prest".

Noiz eta nolatan hasi zinen argazkilaritzan?

22 bat urte dira Donostiako Argazki Elkarteko kide egin nintzela. Emazteak argazki elkartean egiten zuen lana. Ikastaro bat eman behar zutela eta, han parte hartzera animatu ninduen. Pixkanaka sartu, eta segi egin diot. Ondoren, makro objektiboa erosi nuen, baina denbora batean etxean eduki nuen erabili gabe. Behin, argazkiak egitera atera nintzen makroa hartuta, eta emaitza gustatu egin zitzaidan. Hortik aurrera irakurtzen, ikusten eta askotariko gauzak probatzen joan naiz. Kromo bildumak egiten dituenaren antzeko zaletasuna da nirea.

Eta intsektuak erretratatzeko hautuarekin noiz hasi zinen?

22 urte dira argazkilaritzan hasi nintzela, baina intsektuak erretratatzen duela hamalau urte hasi nintzen. Behin argazki kantitate majo bat bilduta nuenean, erakusketak egiten hasi nintzen. Ez nuen inoiz pentsatuko erakusketa bat muntatuko nuenik, baina hori egiteko ere gai izan naiz. Aurrena bat egin nuen, eta gero orain Azpeitian dudan hau; denera 40 bat tokitan erakutsi dut. Izugarria da. Orain hamar urte, otsailaren 14an, inauguratu nuen nire lehen erakusketa.

Intsektuei argazkiak ateratzeko nola moldatzen zara?

Batzuetan heldu edota eztenkaren batjaso, edota kaparren batekin bukatzen dut. Esku batekin landarea edota makiltxoa eusten dut, bertan intsektua dela, eta beste eskuarekin argazki kamerari heldu eta argazkia egiten dut. Baina irudiaren atzealdekoari garrantzia handia ematen diot, asko zaintzen dut. Atzealdean, fondoan, molestatzen duen ezer ez egotea zaintzen dut, nik erretratatu nahi dudana garbi azaltzeko. Oso gustuko dut intsektuak erretratatzea, eta gustatzen zaidan bitartean segituko dut.

Intsekturen bat etxean ere hazi izan duzu.

Baxu batean bizi gara, eta ataria landarez inguratuta daukat. Mendiko landareak landatzen ditut, eta intsektu piloa etortzen da hara: euliak, zizareak, tximeletak... Bertan egiten ditut argazki batzuk. Intsektu batzuen hazte eta eraldatze prozesua ere jarraitu dut. Behin lankide batek tximeleta bat eman zidan, etxeko egongelan solte utzi, eta izkina batera joan eta geldirik zegoela ikusi nuen. Gerturatu egin nintzenean, arrautzak jartzen ari zen. 36 arrautza jarri zituen, eta denak kaxa batean gorde nituen. Gero, egongelako leihoa ireki eta tximeletak alde egin zuen. Gauez hegan egiten duten tximeleta handi horietakoa zen. Tximeleta hura ere erretratu nuen. Horrelako kontuekin gozatu egiten dut.

Hainbeste argazki atera, eta erakusketan zein jarri nola aukeratzen duzu?

Beti izaten ditut argazki batzuk besteak baino gustukoagoak. Hala ere, aukeratzerakoan zerbait berezia eskaintzen dutenak hautatzen ditut.

Erakusketan argazkiei testu txiki bat ere gehitzen diezu.

Testuetan irudien gaineko istorioa kontatzen dut, pixka bat: atzealdea politagoa izateko aterkia jarri dudala, edota niki bat dela atzean ikusten dena... Argazkia ikusteko laguntzen duten istorio txikiak dira, eta erakusketa ikustera datozenek lasaiago erreparatzen diete argazkiei. Joan den igandean 45-50 lagun izan ziren Azpeitiko erakusketan, eta ni bertan nengoenez neuri galdetzeko aukera ere izan zuten.

Argazkiak atera ondoren moldatu egiten al dituzu ordenagailuan?

Ez,argazkiak atera bezalakoxeak dira, bakarren bat pixka bat moztuta dagoen arren. Baina Photosop-eta ez ditut erabiltzen. Neuk alabarena zen ordenagailu bat daukat, orain hamar-hamabi urtekoa, eta Internetik ere ez daukat. Interneta behar dudanetan argazkiren bat bidaltzeko edo, alabaren ordenagailura jotzen dut. Argazkiak atera bezalakoak dira, irudi batean koloreak nola gelditu diren ez bazait gustatzen ez dut aukeratzen, eta beste baten bila joaten naiz. Garai bateko diapositibak bezala dira.

Hirietan edota herriguneetan argazkiak ateratzea ez al duzu atsegin?

Eraikuntzak-eta ateratzea ez dut gustuko. Herriren batera edo kalera noanean ez dut inoiz kamera eramaten, bai ordea mendira noanean. Jende asko dago eraikuntzen eta kaleko argazki oso onak egiten dituena. Beraz, zergatik joango naiz ni kaleei argazkiak ateratzera txarrak egitekotan? Gustukoago dut mendira joatea eta bide edota ibai ertzetan argazkiak ateratzea. Denetik deskonektatzeko eta ihes egiteko modu bat da. Gainera, azken bi urte eta erdi honetan, argazkiak ateratzeko irteeraren bat egiteko asmoa daukadanean argazki elkartekoei abisua pasatzen diet, eta lagunartean irteten dugu. Egia esanda, hamabost-hogei lagun elkartzen gara, pertsona berriak ere etortzen dira. Ondo pasatzen dugu, eta lagun berriak egiteko modua da. Jendea animatzeko eta motibatzeko modu bat da. Irteera horietan parte hartu ondoren, elkarteko jende bat makro objektiboa erabiltzera ere animatu da.

Eta inoiz pertsonei erretratoak ateratzeko tentaziorik ez al duzu izan?

Ez asko. Parte hartu izan dudan argazki rallyetan beti egon ohi zen gai librea, eta baserritarrak erretratatzea gustatzen zitzaidan. Baina euskaraz ez jakitearen oztopoarekin egin izan dut topo. Kasu horietan pertsona onaren aurpegia jarri, eta baserritarrei argazkia ateratzea lortu izan dut. Baina ez dut gustuko gogaitzea. Bateren batek ez duela argazkirik ateratzea nahi esanez gero, eskerrak eman, eta pakean uzten nuen. Edozeren aurretik errespetua dago.

Azpeitian antolatutako argazki rallyetan ere parte hartu izan duzu?

Bai, hala da. Bertako argazki elkarteko kide batzuekin badut harremana. Azpeitian Argazki Elkarteak Mendi Bazkunarekin egin zuen aurreneko argazki rallyan bigarren saria jaso nuen, eta gero beste urte batean aurrenekoa. Beste argazki rallyren batean ere parte hartu izan dut.

Epaimahaikidea ere izan zara Azpeitiko rallyren batean.

Bai,behin edo bi aldiz parte hartu dut Azpeitiko rallyetan epaimahaikide gisa. Uste dut behin Juan Joxe Agirrek deitu zidala epaimahaian egoteko, denetik pixka bat egiten dut. Jendeak laguntza eskatzen duenean ematea gustatzen zait, hurrena neuk behar dudanean ere eskatzen dudalako.

Gertutik

  • Acebon (Caceres, Extremadura, Espainia) jaioa, 1957an. Baina 14 urte zituenetik Donostian bizi da.
  • Donostiako Argazki Elkarteko kidea da (http://www.sfg-ss.com).
  • Azpeitian Beste zenbait zomorro erakusketa du zabalik, Betharrametako erakusaretoan. Joan den larunbatean ireki zuten, eta martxoaren 3a bitartean egongo da ikusgai. Astegunetan, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbat eta igandetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide