Ramon Etxezarreta: "Gero eta konbentzituago nago behar zen lekuan egon nintzela"

Urola Kostako Hitza 2013ko ots. 21a, 19:48

"Politika sentitzeko ez dago profesionala izan beharrik".Hala dio berak. Orain, ordea, ez dabil politikaren lehen lerroan. Bere lanbidera itzulia da, eta talaia horretatik hainbat gogoeta egin du; garden mintzo da, ohi bezala.

Elkarrizketaren gonbiteari azkar erantzun dio baietz, baina galderak bere erara erantzutekotan. Bere erara bizi baita Ramon Etxezarreta (Urrestilla, 1954). Ez da artaldeetan ibili zalea. "Beti izan naiz aske", esango du elkarrizketan barrena, eta ardi beltzaren larrua ikusi izan zaio kanpotik begiratu izan diotenen begietatik. Azkenaldian isilik egon da, urte askoan ugari hitz egin eta gero. Hari horri tiraka hasi dugu solasaldia.

Azkenaldian desagertuta zabiltza. Lehen oso agerian, hedabideetan eta, pertsonaia publikoa izanik. Zertan ari zara?

Ikusi nahi nauenarentzat agerikoak dira oraindik ere nire bekatuak. Hedabide batzuetatik baztertuta nago, kontzienteki. Hedabideek nitaz nahi luketena eta hedabideez nik nahi dudana bat ez datozenean bazterrera egin behar da.

Eskertu al duzu inon edo ia inon ez azaltze hori?

Kosk egin edo zerbait esango zenukeenean hortzak estututa ibili beharra ez da ona, baina isilik egon ez izanaren damua ez da hobea.

Errazago ohitzen al da bat oraingo egoerara, ala ezagun bihurtzekoa errazagoa da?

Kostatzen da ezezaguna izatea. Oraindik ere Donostiako kaleetan gelditzen naute udalaren edo erakunderen baten kontrako kexuekin. Lotsa ematen dit nik ez dudala kulparik, Oiga, señora, que aquí gobierna Bildu [kar,kar] esan beharrak, baina jendeak nahiago du beteranooi kulpa botatzea, edo pin pan pun-eko panpina izan garenok oraindik ere jarraitzen dugula sinestea.

Faltan ematen al duzu politikako eguneroko jarduna?

Askotan esaten dut Ah, hor banengo!, baina beste hainbestetan Eskerrak ez nagoen! Egunerokotasuna ere politikoa da, oso politikoa. Politika eta politikoa sentitzeko ez dago profesionala izan beharrik, kezka izan eta kezkarekin koherentea izatea aski da. Balio ez duena da kargu batean egon eta ez zarela politikoa esatea.

Urte asko egin dituzu politikan, 1979an izan baitzinen hautetsi aurrenekoz. Garai hartaz zer daukazu esateko? Euskadiko Ezkerraz, eta abar.

Diktadura gogorretik ateratzen ari ginen, eta orduan ere demokrazia beharrezko ikusten ez zuen jende piloa zegoen, Frankismoak bezalaxe, politika, jarduera nazkagarri eta problematikoa zelako ukatzen zuena. Beste batzuk ilusio gehiegi jarri genuen politikan, baina ez dut horren damurik. Ikaragarri aurreratu dugu.

1987ra arte izan zinen EEko hautetsi, eta 1994an afiliatu zinen PSE-EEn. Tarte horretan zer egin zenuen?

Bazterrak nahastu, idatzi, konspiratu, hauteskunde bat bestearen ondoren galdu, hipokondriak gain hartuta bizi, Marino Lejarreta miretsi, eta abar... EEn militatu, jakina.

Zergatik afiliatu zinen gero PSE-EEn?

EEko askok sozialdemokrazia abertzale bat eratu nahian zenbait konbergentzia saiatu genituen, eta antiabortismoa eta gisako atzerakoitasunaren agente pilo bat ikusten hasi nintzen inguruetan; nik ezin nuen hala. Aldiz, ezer behar zuenero, Egunkaria-rentzako Jaurlaritzaren lehen diru-laguntza, euskararen konferentziak edo edozer, Mario Onaindiak deitu egiten zidan. Ramon Jauregik hauteskundeak galdu zituenean kulpa osoa Marioren euskaltzaletasunari bota zioten. Ezin zen egin analisi zekenagorik. Han beharrezkoa nintzela erabaki nuen, eta beti sinpatizante baino nahiago nuela barrutik eskubidedun militante erabaki nuen.

1995etik 2007ra, Donostiako zinegotzia izan zinen.Hor hasi zinen azaltzen sarriago jende aurrean; kargu potoloa zen. Eta oso garai txarrak eta gogorrak pairatu behar izan zenituen, indarkeria tarteko: hilketak, zinegotzienak tartean... Zer gogoeta egiten duzu horretaz guztiaz?

Donostiaren dotoreziari asko zor diot. Elorzaren alkatealdiak denak izan dira oso bereziak. Nik uste politika egokia egiten genuela, hirirako eta herritarrentzako; ikusi besterik ez dago dena hain gaizki egiten genuela esaten dutenek ezin dutela berririk asmatu, eta Euskal Herria bitan banatzen saiatu ziren garai hartan elkarbizitza posible baten erreferente bat ginela, hemen eta hemendik kanpo. Larrutik pagatzen genuen ausardia, baina gero eta konbentzituago nago behar zen lekuan egon nintzela.

Bizkartzainekin bizi behar izan zenuen hainbat urtez. Beldurrez egunero?

1995etik 2011ra arte izan nuen bizkartzaina. Adiskide txarra da beldurra.

Halakoetan, nondik ateratzen zenuen adorea aurrera egiteko?

Bizi beharra bezalakorik ez dago adorea sortzeko. Inoizkoan iritsiko zela bakearen ordua, nik adina beharko zutela besteek ere, eta elkarbizitza eta demokrazia ikasi egiten direla pentsatuz.

Su-eten egoera pare bat ere bizi izan zenituen. Halakoetan zer sentitzen du mehatxupean bizi den pertsona batek, kasu honetan zuk?

Lehendabizi poza. Lasaitasuna ikasi egin behar izaten da. Eta betekada, jendeak ez dizu zer moduz galdetzen. Orain bai ondo, e?, esaten dizu, ez dakit zenbat urteko isiltasunaren ondoren; ondo pentsatzen hasiz gero, barkazio zaila duen isiltasunaren ondoren.

Baina su-etenak amaitu egin ziren, eta berriz ere lehengora. Indarkeria horrek ez zuela amaierarik izango pentsatu al zenuen?

Su-etenaren amaiera sinetsi nahi ez duzun gertakizun bat da, ez dizula eragiten adierazi nahi bat, zure maitasun ingurua lurpera botatzen duena. Su-etenen amaieraren arduradunek ordainduko al dute beren ardura! Konturatuko al dira inoizkoan gure herriak eta askatasunak ETA baino etsai okerragoak baziren ustean bizi izan direnak.

Baina azkenean, ETAk amaitutzat eman zuen jarduera armatua, eta Ramon Etxezarreta eta beste asko aske bilakatu zineten. Egun horretaz zer diozu?

Ramon Etxezarreta beti izan da aske, ETAren morroi politikoak dira aske ez zirenak. Ramon Etxezarreta ETAk azken hitza, azken keinua zor digula uste duenetakoa da. Zertarako ditu armak borroka armatuan jarraitu behar ez badu?

Orain, politika nola ikusten duzu?

Gogoz, harriduraz, urgentziarik gabe, ez beti patxadaz; gauzak egiteko, asko eta ondo, aukera handiak dauzkagula uste dut. Horiek aprobetxatu beharko genituzke. Kritiko izatea, kritikotasun lasai eta patxadatsua izatea ezinbestekoa da. Ez dakit haize berria zekartela ziotenak ez ote diren akritikotasunean itoko.

Nondik norakoa izango da herri honen etorkizuna? Katalunian, Eskozian... independentzia olatua hazita dator. Euskal Herriak bide horri heldu beharko al lioke?

Langabeziarik gabea nahi nuke, bazterkeriarik gabea, dibertsitate zalea, ez dibertsitatea estoikoki onartzen duena. Txapel bat, bi bertsok, herri mezek eta ezpatadantzak turkiar bat edo suediar baten ezberdin egiten gaituztela pentsatzen ez duena. Eskoziarrak? Ez zaizkit antipatikoago egiten independentzia erabakira hurbildu direlako. Inoizkoan konturatuko gara gaurko munduan independentzia lortzea auzoz edo etxebizitzaz aldatzea bezala dela, eta kontrarioentzat bezala aldekoentzat ideia sakratu izateari utziko dio, bukatuko da gure asperdura...

Jesus Egigurenek esana da Euskal Herria Nafarroa dela, euskal estatua izan zeneko garaiak gogoan hartuz. Zu ere nafarra al zara?

Jesusek gauza bat dauka ona, nahi duena esaten duela eta nahi duguna esatea errespetatzen duela. Inoiz nafartasunik izan dugun ala ez, ez zait inporta. Izan behar duguna izatea nahi dut, ez izan omen ginenera, arbasoak izan omen zirenera atzeratzea.

Orain, adiskidetasuna edo berradiskidetzea, gatazkaren kontakizuna eta halakoak daude pil-pilean. Zer diozu zuk horretaz?

Bakeratzea beharrezkoa dugu. Gatazkaz aritzea baino pasatu denaren egia da aho bizarrik gabe kontatu behar dena, gordin. Inaxio Uria ez zuen gatazkak hil, ni ez nau gatazkak jazarri... Torturatzailea gatazka izan al da?

Presoen egoera ere hor dago, geldi. Gatazka osoa erabateko konponbidean sartzeko, zer egingo zenuke zuk? Zeure esku baleude erabakiak zer egingo zenuke?

Presoak Euskal Herrira ekarriko nituzkeela 1995ean ere esaten nuen, eta orain ere esaten dut. Presoek ere beren aldetik, dagokien neurrian, zerbait egin edo esatea ez legoke gaizki.

Sozialismoaz ere jardun beharko dugu. Sozialistak benetakoak garai batekoak al ziren?

Eta elurteak, eta alardeak, eta baserritarrak, eta abertzaleak, eta jendea... ordukoak bai. Benetako euskalduna eta euskaldunaren arteko diferentzia ez dakit non dagoen. Sozialista haiek, Prietoren garaikoak, gaurkoak baino erdaltzaleagoak zirelako ez gara errepublikaren kontra jarriko.

Jende askoren ustea da Espainiako bi alderdi nagusien artean ez dagoela alderik. PSOEk galdu egin duela sozialista izaera. Zuk ere jarrera kritikoa al duzu?

Dokumentatu gabeko usteez ezin arituko naiz, ni jende urria naiz eta ez dut hori pentsatzen. Kritikoa?Baita neure buruarekin ere!

Zein izan beharko lirateke PSE-EEren ildo politikoak eta estrategikoak hemendik aurrera?

Demokrazia eta demokrazia. Uniformetasuna eta uniformekeria eraso. Publikotasunaren nagusitasuna eta garrantzia, euskara gaietan barne. Gardentasuna. Europa, politika gehiago eta mediatikokeria gutxiago, diskurtso intelektualagoa.

Aizu, garai onean alde egin duzu politikatik. Ez da giro ustelkeria kasuekin.

Alde egiteko beti da garaia. Gizarte ustel batek ez luke harritu behar politikari ustelak izateaz. Ustelkeriaren kontra egin behar duenak, pertsona, alderdi edo erakunde, bere buruari exijituz hasi behar du.

Ramon Etxezarreta politikoa alde batera utzi, eta hitz egin dezagun beste kontu batzuen inguruan. Adibidez, zure ikasketen inguruan: euskal filologoa zara. Zergatik egin zenuen karrera hori?

Filologia Hispanikoan diplomatua naiz. Ez zegoen orduan besterik. Euskararena orduan piztu zitzaidan. Berezkoari ikasia erantsi nion, euskalkiari batua eta kultura. Gaur modan jarri den txokokeria nagi hori ez zen onargarria.

Euskararen geroa nola ikusten duzu? Ez garela asmatzen ari iruditzen zait

Iraganaren aldean ona. Inoiz baino jende prestuagoa eta jantziagoa da euskalduna, inorekin konparazio beldurrik gabea, horri eutsi behar diogu. Kultura gehiago eta folklore gutxiago, jarrera baikorrago eta agonia gutxiago, norberaren ardura gehiago eta besteei eta erakundeei kulpa botatze gutxiago, euskaraz letxe txar gutxiago eta maitasun eta samurtasun gehiago, euskararen exijentzia gutxiago eta euskara atseginagoa.

Euskara hizkuntza erotikoa al da? (zure liburua gogoan)

Geu erotikoak garen neurrian erotizatzen da euskara, bai noski.

Euskarazko sorkuntzaz zer iritzi duzu? Euskaraz delako edozerk balio al du?

Urteak dira euskarazko sorkuntza goi mailakoa dela, nahiz eta euskararen munduei, oro har, zabaltasun eta eskuzabaltasun gehiagoren premia aurpegiratzen diedan. Onargarriak ez direnek ez daukate zer salbaturik euskaraz direlako, ez.

Etxetik jaso zenuen euskara, jakina. Urrestillara joaten al zara? Zer harreman duzu sorterriarekin?

Ez naiz ba joango! Urrestildarrekin ondo konpontzen naiz, han ere, munduko leku guztietan bezala, badago jende ona. Denak ezagutzen ditut, ia guztiekin dut tratua eta hizkuntza guztiak kabitzen dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide