Jo dezagun nik esana kontutan ez hartzea ulergarria dela. Ulergarria, hainbestetan gertatzen zaidalako eta gure gizartearen bizioak hainbesterainoxe daudelako zabalduta. Ulergarria, baina ez onargarria. Arrazoi ematerik ez dut eskatzen. Bakarren bat, edo bakarren batzuek, esaten dudanaz pentsatzen jar daitezela eskatzen dut. Ez dut errudunik nahi eta behar, behar dudana, guztiok aurrera egiteko soluzio edo konponbidea da.
Euskararen matrakarekin nator, euskaraz gaurkoan, ez baitaukat gurean zabalduenak dauden usteetan ziurtasunik. Euskaldunok geure buruak ondo, lasai eta normal ikusteko erdaldunek, edo erdaldun askok, euskara ikastea, goiz ala berandu, ezinbesteko dugun ustetik abiatuta, ez dakit ez ote ditugun erdaldunak eta euskaldun ugari euskaratik uxatzen, euskaratik ihesi jartzen, euskaratik kanpora bultzatzen geurera ekarri beharrean.
Negarra eta lantua jotzen ditugu, errudunak hatz luze luzez seinalatu ere egiten ditugu, eta bizitza etsamina eta azterketaz josten dugu, bete bete. Zenbat gazte ez ote dago euskara entzun eta azterketa hitza duenik lehenbizi etortzen zaiona. Zenbat gazte euskaldun ez ote dago besterik ia jakin ez eta mintzamenean edo beste edozein menetan EGAn atzera bota dutena, hizkuntzarik ez daukala esan diotena. Erakunde publiko bateko iragarki taula batean ikusi nuen atzo, hogeita bi izen, erdi mailako karrera bat gutxienez zutenak, bakarra gai, hogeita bat ezgai, eta bat ez aurkeztua. Zilegi al da ardura azterketa egin zutenena ala exijitzen dugunona den galdetzea? Lo egoteko ez dago arima lurperatu beharrik.