"Gizarte feminista sortzea helburu bat da, baina bidea ere bada"

Uztarria.eus 2013ko mar. 8a, 11:15

Leire Ibarguren eta Haizea Egiguren, martxoaren 8aren bueltan antolatu duten egitarauaren kartelarekin.

Leire Ibarguren eta Haizea Egiguren Azpeitiko Bilgune Feministako kideak dira. Gaur, martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, "ospatzeko eta aldarrikatzeko" eguna dela nabarmendu dute Uztarriari eman dioten elkarrizketan. Azpeitian data honen inguruan antolatutakoez, gizarte feministaren beharraz eta mugimendu feministak herrian bizi duen errealitateaz ere aritu dira.

Zenbat emakume elkartuko zarete Sanagustinen afaltzera?

40 bat lagunek eman dute izena.

Noiztik ari zarete martxoaren 8aren ingurukoen antolaketa lanetan? Nola moldatzen zarete?

Orain dela hilabete eta erdi-edo halako plangintzatxo bat egin genuen, zer ekimen antolatu zitezkeen ikusteko. Plangintza hori herriko beste emakumeekin konpartitzea eta kontrastatzea izan da gure nahia eta, horretarako, batzar bat deitu genuen. Emakume Mahaikoei, Bilgunearen sare hurbileko jendeari eta ekimen desberdinetan parte hartu eta ekarpenak egiten dituen jendeari egin geniei bilerarako deia. Hamabost bat emakume elkartu ginen eta denen artean kontrastatu genuen egitaraua. Guk zirriborro bat eraman genuen, baina hor erabaki zen gutxi gora behera zer nahi zen egin.

Horretaz gain, herriko hainbat eragilek ere, beren kabuz, martxoaren 8a kontuan hartu dute beraien programazioetan, eta guri proposamena luzatu, ekimen horiek gure egitarauan txertatzeko. Adibidez, Gaztetxeak pelikula bat programatu du, eta zine klubekoek beste bat. Sanagustin kulturgunekoek ere emakumeon afaria bertan egiteko aukera eman digute, eta datorren astean emakume argazkilarien erakusketa bat jarriko dute. Eta ez dugu ahaztu behar ikasleek ere egingo dutela beraien ekarpena, eta gaiarekiko interesa azaltzen ari direla. Azpimarratzekoa iruditzen zaigu hori.

Nola baloratzen duzue Emakumeen Egunaren bueltan antolatzen dituzuen ekimenek jendearen aldetik duten harrera?

Uste dugu, pixkanaka, jende gehiagorengana iristen garela, askoz jende gehiagorengana ailegatzea nahiko genukeen arren. Mugimendu feministatik igortzen ditugun mezuek eragin zuzena dute, azkenean, denon bizitzetan. Badakigu jende askok errezeloz ere hartzen dituela, baina uste dugu azken boladan jendeak feminismotik egiten diren aldarrikapenekiko atxikimendu handiagoa daukala.

"Parekidetasunaren alde nago, erabat. Baina ni ez naiz feminista, eh". Zer iradokitzen dizuete horrelako esaldiek?

Feminismo hitza desprestigiatzea nahi izan da, intentzio osoarekin. Feminismotik aldarrikatzen den gizarte ereduak zuzen-zuzenean talka egiten du gaur egun daukagun eredu kapitalista patriarkal honekin. Gaur egungo gizarte-ereduari ez zaio interesatzen feminismotik aldarrikatzen diren baloreetan eta harremanetan oinarritutako gizarte-eredu bat sortzea. Orduan, feminismoarekiko halako gaitzespen bat eragitea da hitz hori desprestigiatzearen helburua. Guri iruditzen zaigu parekidetasunaren alde egotea feminismoaren alde egotea dela eta, gainera, aldarrikatu egin behar dugula feministak garela. Izan ere, azken urteetan mugimendu feministatik egin diren aldarrikapen guzti horiekin, beste balore batzutan oinarritutako gizarte baten aldekoekin, feminismo hitzarekin, gizarte kapitalista eta patriarkal honi aurre egiten zaio. Horregatik, feminismo hitza erabili egin behar dela iruditzen zaigu.

Bizi dugun krisi sozioekonomikoak eragin dezake, alde horretatik, feminismoaren balore eta aldarrikapen horiek jende gehiagorengana orain arte baino errazago iristea?

Amaia Perez Orozko Emakumeen Txokoan izan zen orain dela gutxi, ekonomia feministaren gaineko hitzaldi bat emateko. Beste gizarte eredu bat planteatzen zuen, kapitala erdigunean jarri beharrean zaintza-lanak erdigunean jarriko zituena, egungo sistemari alternatiba bat planteatu beharra aldarrikatzen zuen. Eta jende pila bat etorri zen hitzaldira. Feminismoaz ari gara, izan ere, baina gizarte eredu bezala, emakumeen eskubideez harago. Aldaketa sozialaz eta aldaketa ekonomikoaz hitz egiten denean, aldaketa horrek ezinbestean feminismotik aldarrikatzen den gizarte eredu horretan oinarritutakoa izan beharko zukeela iruditzen zaigu. Bestelako aldakeen bidetik, lehengo gurpil berean bueltaka segituko dugu.

Egoera sozioekonomikoa da, hain zuzen ere, aurtengo martxoaren 8rako Bilgune Feministak plazaratu duen idatziaren ardatz nagusia.

Krisi ekonomikoak bereziki emakumeei eragiten diela esaten dugunean alderdi bat baino gehiago hartzen ditugu kontuan. Alde batetik, zerbitzu publikoetan egongo diren murrizketek gehienbat emakumeei eragingo die, zerbitzu publikoetan lanean gehienbat emakumeak ari direlako. Horrez gain, mendekotasunean, zaintzan edota osasungintzan dauden murrizketen ondorioz, lan horiek guztiak areagotu egingo dira etxe eta familietan; emakumeen bizkar egotera bueltatuko dira zaintza-lan guzti horiek.

Beste alde batetik, ez dugu ahaztu behar emakumea enpleguaren munduan sartzea, emakume beraien borrokagatik ez ezik, eredu kapitalistak eskulana behar zuelako izan zela. Enplegua gutxitzen bada, eredu horrek soberan izango dituen aurrenak emakumeak izango dira.

Azpeitian ere hor dago krisiaren eragina. Irakurketa orokorra herri mailara ekarrita, zertan edo nola uste duzue eragiten diola egoera orokorrak emakumeen egoerari?

Azpeitian langabeziaren datu zehatzak zeintzuk diren ez dakizkigu. Baina bai ikusten dela aipatu ditugun zaintza-lan horietan baldintzak okertzen ari direla, adibidez. Azken batean, egoera orokorraren eskala berdina aplikatu daiteke, herri mailara ekarrita. Era berean, krisiarekin aurrekontu publikoetan murrizketak daude, eta murrizketa handienetakoak berdintasunera bideratutako aurrekontuetan ematen ari dira; administrazio guztietan ari da hori gertatzen, baita herri mailakoetan ere, eta Azpeitia ez da salbuespena izango.

Emakumeak antolatu beharraz hitz egiten duzue, nola ez, aurten ere. Herri mailan, zertan da eta nola dago mugimendu feminista?

Astero talde txiki bat elkartzen gara; baina gero, inguruan, beste hamar bat emakumek osatutako sare bat daukagu, eta saiatzen gara haiekin adosten egin behar ditugun ekimenak, eta haiek ere parte har dezaten ekimen horietan: publizitate sexistaren kontra Gabonetan egiten duguna, iaz Leitzako Topaketetan herritik jendea eramateko...

Emakumeen Txokoa hor dagoela kontuan hartuta, hor antolatzen diren tailerretan-eta hainbat emakumek parte hartzen dutela; gazteak ere, ikastetxeetan, antolatzen hasi direla ikusita; eta Bilgune Feministak herrian erreferentzialtasun bat baduela jabetuta, gustatuko litzaiguke Azpeitian mugimendu feministak izan duen bilakaera ezagutzeko zerbait antolatzea, bide batez belaunaldi desberdinetako emakumeen arteko harremana bultzatzeko. Oraindik ez dakigu zer izango den, baina erronka bat badugu hor.

Bilgune Feministaren beste borroketako bat emakumeen kontrako biolentziarekin lotutakoa da. Hilketak salatzeko deitzen dituzuen elkarretaratzeez haratago, nola ari zarete lantzen arlo hori?

Festetan, esate baterako, Haujijijairen barruan parekidetasun arlo bat sortzen da. Hor Bilguneko jendeak hartzen du parte eta, Txitximoreren inguruan eta abar, kontzientziaziorako bitarteko batzuk jarri direla uste dugu, emakume gazteengana iristeko. Bai festa giroan eta bai beste hainbat girotan jasotzen ditugun erasoen aurrean, autodefentsa feminista aldarrikatzeko kontzientziazio tresnak lantzen ditugu. Horrez gain, autodefentsa tailer batzuk ere egin izan ditugu. Martxoaren 8aren bueltan, zapatuan egingo dugun autoformakuntza feminista saioan ere landuko dugu indarkeriaren gaia. Bestetik, Udalak iaz jarri zuen martxan indarkeria matxistari aurre egin behar dioten emakumeak artatzeko protokoloa, arreta zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzeko; eta protokolo hori gauzatzeko proposamena ere mugimendu feministatik irten zen.

Protokolo horren jarraipenean parte hartzen al duzue?

Jarraipena Emakumeen Mahaitik egiten da eta guk, Bilgune Feminista bezala, mahaian parte hartzen dugu. Oraindik ez da betetze-mailaren baloraziorik egin, protokoloak denbora gutxi darama eta azkarregi da horretarako.

Utziko al diogu inoiz martxoaren 8 hau 'ospatzeari'?

Guk behintzat, seguruenez, ez diogu utziko, ez ospatzeari eta ez aldarrikatzeari. Gizarte feminista sortzea helburu bat da, baina bidea ere bada. Guk gizarte feminista hori sortzeko egiten dugun bideak ere, feminista izateak, gure bizitza hobea egiten du. Gizarte feminista horretarako bidea, balore feministetan oinarritutako bide hori egitea, garrantzitsua iruditzen zaigu. Guk jarraituko dugu martxoaren 8an, eta 9an eta 10ean ere bai, aldarrikapenak eginez, egun denak modu feminista batean bizitzen saiatuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide