Euskaraz gidatu nahi dut

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Larrañaga 2013ko mar. 8a, 16:15

Badira pare bat urte gure inguruetako autoeskolak gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera eskaintzen hasi zirenetik. Oraindik ere gutxiengoa izan arren -ohitura kontuagatik agian; automobil kontuetan gazteleraz egin zaigu belarria-, bada aukera hori aprobetxatu nahi izaten duenik. Horien artean nago ni, eta atzo bertan aurkeztu nintzen atal teorikoaren azterketara.
 
Iraurgi ikastetxeko azkenengo solairuan, nerbioak eta ezinegonak ziren nagusi goizeko zortzi t'erdietan. Errepidean galdutako puntuak berreskuratzeko asmotan joanak ziren gehienak; beste hainbat, gaztelerazko azterketara zetozen. Bi pertsona bakarrik geunden euskarazko azterketa egiteko zain.
 
Gure izenak entzun orduko sartu ginen guztiok gelara, txikitako hainbat oroitzapen burura ekarri zizkidan gela zabal hartan lekua hartuz. Azterketa eskuan, aztertzaileen aginduei men eginez, ekin genion ba, 30 galdera malapartatu haiei erantzuteari. Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren esku baldarrek mota guztietako akatsak oparitu zizkioten nire begiei, ortografikoetatik hasita koherentzia falta nabarmena zuten enuntziatuetaraino. Baziren, ordea, akats larriagoak gela hartan.
 
Galdera bat edo beste irakurri ostean, sortu zitzaizkidan ba, dudatxo pare bat. Ongi ulertu al dut? Hau esan nahi al du? Zeri buruz ari da hau hizketan? Minutuak aurrera zihoazen eta nik ezin nuen asmatu esaldi trakets haien atzeko mezua zein zen. Eskua altxatu eta zalantzak argitzeko laguntza eskatzea erabaki nuen. "Aztertzaile hauek zerbaitetarako daude hemen, lagundu beharko didate...", egiten nion neure buruari.
 
Besoa luzatu orduko gerturatu zitzaidan emakume bat, identifikazio txartela lepotik zintzilik zuela, nire galderak entzun asmoz. Esaldi bat amaitu aurretik moztu ninduen ordea. "Lo siento, no entiendo euskara, no te puedo responder". Zuri utzi ninduten haren hitzek, eta beste norbaitek lagundu ahal zidan galdetu nion. "Ninguno de los que estamos aquí sabemos euskara, no te podemos ayudar".
 
Ziur nago ez naizela lehena, ezta azkena ere, tamalez, honelako baten aurrean topatzen dena. Onartezina eta lotsagarria da hizkuntza batean ikasteko aukera eman ostean, hizkuntza horretan askatasun guztiz ezin aritzea. Noiz arte jarraitu behar ote dugu horrela?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide