Gorriak eta gorriak

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitzako 'Arkupean'-en 2013ko mar. 14a, 12:26

Gorriak. Nagusi dira egunotan bazterretan. Gorri-gorriak batetik, eta gorri- purpureoak bestetik. Buruzagi bila dabiltza guztiak. Chavistak eta Vatikanistak. Gorriak denak, baina ustez garbiak batzuk, eta besteak, ñabartuak.

Benedikto XVI.a emeritu bihurtu eta ezkutuko zereginetara erretiratu dela ikusita, sekretu bat desklasifikatuko dut: nik ezagutu egin nuen Joseph Ratzinger eta berak sinatutako liburu bat ere eduki nuen. Eta piccola ragazza deitu zidan…

Opusen ikasi nuen, Nafarroako Unibertsitatearen ustezko ospe ustela sinistuta, Iruñean. 1998 hartan, Joseph Ratzinger gonbidatu zuten unibertsitatera, honoris causa izendatzeko, eta bisita hura liburu bat aurkezteko aprobetxatu zuen hark. Ni bekadun nengoen Euskadi Irratian, eta ekitaldi hura kubritzera bidali ninduten. Oraindik kardinala zen Ratzinger, gorri pupureoa, eta prentsa aretoa leporaino beteta zegoen: ordena guztietako apaiz eta numerarioak, komunikabide eskuindarretako kazetariak; eta ni, kardinal bat zer zen ere garbi ez zeukana.

Amaieran, Ratzingerren liburuaren ale bana eman ziguten guztioi. Hura eskuan kanpora nindoala, besteak ilaran jarri ziren kardinalaren aurrean, hark liburua sinatzeko. Eta bat-batean, piccola ragazza entzun nuen kardinalaren ahotik, eta hiru sotanadun etorri zitzaizkidan. "Kardinalak liburua sinatu nahi dizu, zuri, espreski". Denak apartatu eta han eraman ninduten berarengana. Sinatu zidan liburua, esan zidan zerbait, eta aspaldiko une xelebreena bizi izanaren sentsazioarekin atera nintzen handik, lotsagorrituta.

Urte batzuk geroago, Berria-ko lehen erredakzio hartan berriro egin nuen topo berarekin. Juan Pablo II.a hil zen, konklabea hasi zen, agertu ziren hautagaien izen eta argazkiak, eta hantxe, Ratzinger.

Erredakzioko gehienon faborito bihurtu zen gure kiniela partikularrean, eta zer diren gauzak, bera atera zen Aita Santu. Ospatu ere egin genuen, pentsa.

Hugo Chavezekin ez dut anekdotarik. Beno, gehiegi behartuz gero, agian bai; Kuban izan nintzen uda hartan bera ere han izan zen Fidel Castro bisitatzen, eta egunero izaten genuen hitzordu bat, telebista bidez. Ratzingerrekin adinako intimitaterik ez nuen lortu, baina zer diren gauzak, haren joanak pena eragin dit, eta kardinalarenak, ezer ez.

Justizia, demokrazia, berdintasuna, hitzok inoiz baino gehiago entzun ditugu Caracasera begira. Gorri-gorrien ingurua gisa guztietako balorazio, juzgu eta iritziak eman ditu edonork: legitimitatea, sistema politikoen zilegitasuna… ahoz aho dabiltza, Maduro ez Maduro. Baina gorri-purpureoen inguruan horrelakorik ez. Nola ba? Aita Santua herriak aukeratzen du, Vatikanoan ez dago hilketa, sarraski eta bestelakoetan oinarrituta lortutako luxu eta aberaskeriarik, eta adingabekoei sexu gehiegikeriak zer diren ere ez dakite. Benetan da estatu eta erakunde garbia.

Chavistak eta vatikanistak. Gorri-gorriak eta gorri-purpureoak. Gorriak denak, baina ustez garbiak batzuk, eta besteak, ñabartuak.

"Jainkoaren aurrean denok gara berdinak": Benedikto XVI.a. Vatikanoa, 2006.

"Deabrua etxean dago, etxean bertan. Atzo hementxe izan zen, eta sufre usaina dago oraindik". Hugo Chavez, Nazio Batuen Erakundea, 2006.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide